Santu guztien oroipena (azaroak 1)
VIII. mendean sortu zen jai hau, ziur aski zelten artean. 798an, Salzburgoko apezpiku zen Arnonek aipatzen du azaroaren 1ean ospatu ohi zuten jai hau. Gerora, frankoen erreinuan hedatu zen jai hau Ludoviko Pio erregearen garaian (833an). Zelten artean jaiegun handia zen ordurako azaroaren 1a; kristau-elkarteak egun hori hartu zuen, nonbait, Santu guztiak egun berean gogoratzeko.
Erroman, X. mendean hasi ziren Santu Guztien jaia, baina Ekialdeko kristau-elkarteen ohiturak bereganatuz. Maiatzaren 13an ospatzen zuten. Sirian aspaldidanik gogoratu ohi zituzten mundu osoko martiriak. San Efrenek ereserkia egin zuen Edesa hirian, martiriak goraipatzeko VII. mendearen hasieran. Ekialdean Mentekoste igandean egin ohi zuten santu guztien oroipena, San Joan Krisostomok sermoi batean dioenez. Bizantzioko erritoaren arabera, gaur egun ere igande horretan ospatzen jarraitzen dute.
Neguaren atarian, Santu Guztien Oroipena ospatzen du, ba, Mendebaldeko Elizak, heriotzaren ondoren itxaro dugun bizi betearen oroigarritzat.
Aldi berean, mendeen joanean eta mundu osoan Jesu Kristoren jarraitzaile eta aitorle leial izan direnekin dugun elkartasuna eskertu eta ospa dezagun nahi du. Santu guztien jaieguna pozik ospatzen dugu, zeren eta zeruan hilezkor direla sinesten baitugu eta han laguntzaile ditugula. Zeruko eliz elkartea dira santuak. Gure senide zoriontsu diren santuen aintza Jainkoarengandik dator. Santuak goraipatzean, beraz, Jainkoa aitortzen dugu harrigarri eta santu bakar.
Kristoren saihets irekitik sortuak dira eta Kristok salbatuak. Horregatik, Kristoren oroigarri den Eukaristia dugu santuekin bat egiteko gune nagusia, lurreko mahai santu honetatik, zeruetan prestatua duen mahai santura eraman gaitzala Jaunari eskatuz.
Jesus Mari Arrieta
Bat egin InfoEliza-rekin albiste guztien berri izan dezazun. Bi bide dituzu:
- Hemen klik eginez: WhatsApp txat-ean sartu
- WhatsApp mezu bat bidali NAHI DUT testua idatziz 689 105 191 zenbakira