«Liturgia Euskaraz» aplikazio berria aurkeztu da, liturgia euskaraz ospatu eta otoitz egiteko
Aplikazio berriak Orduetako Liturgiaren euskarazko edizio berritua eta eguneratua eskaintzen du, lehenengo aldiz Irakurgaien Ordu osoa jasotzen du eta Meza liburuaren eta Irakurgaien testuak ere eskura jartzen ditu.
Martxan da «Liturgia Euskaraz» aplikazio berria, liturgia euskaraz ospatzeko eta otoitz egiteko aurrerapauso garrantzitsua. Espainiako Gotzainen Batzarrak gaztelaniaz duen «Liturgia de las Horas» aplikazioaren bidetik egina dago, eta liturgi testu nagusiak euskaraz, eguneratuta eta gailu mugikorren bidez erabiltzeko aukera ematen die fededunei.
Berrikuntza nagusietako bat Orduetako Liturgiaren euskarazko edizioa sakon berritu izana da. Orain arte diurnala besterik ez genuen, eta liturgi liburu nagusiekin —Meza liburuarekin eta Irakurgaiekin— alderatuta, zaharkituta zegoen edizio batean. Aplikazio berrirako, diurnalaren testuak sakon eguneratu eta itzuli dira, eta, lehenengo aldiz, Irakurgaien Ordu osoa (Maitinak) ere euskaratu da.
Meza liburua eta Irakurgaiak, eskura

Orduetako Liturgiaz gain, «Liturgia Euskaraz» aplikazioak Meza liburuaren eta Irakurgaien testuak ere jasotzen ditu. Horrela, eskuko meza-libururik ez badugu ere (oraingoz), meza-liburua «eskuetan» izateko aukera eskaintzen du, bai norberaren otoitzerako, bai liturgi ospakizunak prestatzeko.
Testu horiei Pierre Jounel liturgistaren sarrera laburrak gehitu zaizkie, etorkizunean fededunentzako meza-liburu bat argitaratzeko pentsatuak.
Tresna hau bereziki baliagarria izango da parrokietako irakurleentzat, testuak aldez aurretik izango baitituzte, irakurgaiak eta ospakizunetan izango duten parte-hartzea ondo prestatzeko.
Elkarrekin otoitz egiteko gonbita
Teknologiak eskaintzen dituen aukerez harago, «Liturgia Euskaraz» aplikazioa martxan jartzea aukera ederra da Orduetako Liturgia fededun guztien otoitz bihurtzeko.
Izan ere, Orduetako Liturgia Elizaren otoitza da, eta guztiok gaude deituak bertan parte hartzera, ez apaiz eta erlijiosoak bakarrik.
Horregatik, Elizbarrutiek parrokia eta elkarteak animatzen dituzte aplikazio berria ezagutzera ematera eta, ahal den neurrian, Gorespenak eta Bezperak elkarrekin otoitz egitera.
Gonbit honek esanahi berezia hartzen du Elizbarrutiko Sinodoa bizitzen ari garen une honetan. Izan ere, Orduetako Liturgia elkarrekin otoitz egiteko eta eliz elkartasuna sendotzeko bide ederra izan daiteke.
Berrikuspenei eta hobekuntzei irekita dagoen tresna

«Liturgia Euskaraz» aplikazioa etengabe eguneratzeko eta hobetzeko asmoz sortu da. Formatu digitalari esker, lan hau «bizirik» dago, berrikuspenei eta zuzenketei irekia.
Horregatik, aplikazioan akatsen bat ikusten duten edo iradokizunen bat egin nahi duten erabiltzaileei Ordezkaritzari jakinarazteko gonbita egiten zaie.
Aplikazioa ezagutzera emateko, parrokiek bertara sartzeko argibideak dituzten kartelak eta txartelak jasoko dituzte. Kartelak ikusteko moduan jartzera eta txartelak fededunen artean banatzera animatzen ditu Elizbarrutiak.
Ekimen honekin, Euskal Elizbarrutiak beste urrats bat eman dute euskarazko liturgiaren aberastasuna fededun guztien eskura jartzeko, norberaren otoitza eta elkarteko otoitza sustatuz.
Bat egin InfoEliza-rekin albiste guztien berri izan dezazun. Bi bide dituzu:
- Hemen klik eginez: WhatsApp txat-ean sartu
- WhatsApp mezu bat bidali NAHI DUT testua idatziz 689 105 191 zenbakira