Blog

Sinodoaren inkesta eskura dago jada Gipuzkoako parrokia guztietan

Abenduaren 31ra arte jasoko ditu Elizbarrutiak ekarpenak, paperean zein Internet bidez, bere bizitza espirituala eta pastorala berritzeko.

Donostia, 2026ko azaroaren 23a, astelehena. Donostiako Elizbarrutiak Gipuzkoako Elizako kide diren 16 urtetik gorako pertsona guztiak gonbidatzen ditu Elizbarrutiko Sinodoaren inkestan parte hartzera. Paperean erantzun nahi duenak Gipuzkoako edozein parrokiatan jaso dezake koadernotxoa. Digitalki, eskuragarri aurkituko dute https://sinodoa.elizagipuzkoa.org/ webgunean.

Kontsulta hau urriaren 17an ireki zen Sinodoaren lehen urratsetako bat da. Fededunek beren elkarteetan bizi dutena hartu nahi du Elizbarrutiak berrikuntzaren abiapuntutzat. Zer estimatzen duten, zer zailtasun dituzten eta zer aldatuko luketen jakiteak datozen urteetako lehentasun pastoralak elkarrekin zehazten lagunduko du.

Galdetegiak elkarteetako bizitza espirituala eta laikoek pastoralgintzan duten eginkizuna jorratzen ditu. Parrokien lurralde-antolaketari eta baliabideen kudeaketari buruzko iritzia emateko aukera ere badago.

Nola parte hartu

Inkesta anonimoa eta konfidentziala da. Betetzeko, ordu erdi inguru hartzea komeni da. Galderaren bat erantzun gabe utzi nahi izanez gero, nahikoa da «Ez daki/Ez du erantzuten» aukera markatzea.

Betetako koadernotxoa Gipuzkoako edozein parrokiatan utz daiteke, edo postaz bidali Donostiako Gotzaindegira (Heriz pasealekua 82, 20008 Donostia). Bi formatuetako erantzunak jasotzeko azken eguna 2026ko abenduaren 31 da.

Inkesta Internet bidez

https://grupopsi.eu.qualtrics.com/jfe/form/SV_5b5wLYuqLEBMak6

  • Descarga la nota de prensa en PDF

Whatsapp Bat egin InfoEliza-rekin albiste guztien berri izan dezazun. Bi bide dituzu: