Blog

Agerian (Erakusketa)

Agerian (Erakusketa)

“Non agertzen zaigu Jainkoa?” galdera eginez hasi zuen atzo Bixen Vergarak ‘Agerian’ argazki erakusketaren inaugurazio ekitaldia. Irundarraren argazki bilduma, urriaren 25era arte egongo da ikusgai Donostiako seminarioko klaustroan.

“Galdera ona, e?”, esan zioen Bixenek aurkezpenera hurbildutakoei. “Argi neukan”, erantsi zuen argazkilariak, “pertsonak erdian egon behar zuela; Jainkoaren maitasuna, lagun hurkoarengan azaltzen baitzaigu. Horretarako, argazki batzuk prestatuak daude, baina beste guztiak kalean aurkitutako egoerak dira. Momentuaren zain egon, eta klik egindakoak”.

Argazkilariaren aburuz, erakusketa nolabaiteko ibilaldia da; egunsentitik hasi eta ilunabarreraino. Egun oso bat izango balitz bezala.

“Elkar lagunduz, elkar maitatuz, hor agertzen zaigu Jainkoa”, esan zuen Bixenek. “Hau guztia argazkitan jartzea egia esan, hasieran, ez zitzaidan erraza iruditu baina, behin 35mm eta 120ko argazki-filmek martxa hartu zutenean, gauzak argiago ikusten hasi nintzen”. ‘Agerian’ argazki erakusketa da horren guztiaren emaitza

Deskribapena

“Egunerokotasuneko une xumeetatik, beste irakurketa bat atera dut”, azpimarratzen du Bixenek. “Jaungoikoa leku askotan azaltzen zaigu: Aita edo ama baten babesean… Gaztaroan, adibidez, lagunak. Zahartzaroan, elkarrekin hizketalditxoetan ilunabarrean itsasoari begira. Horiek guztiak kalean aurkitutako egoerak dira; ez daude prestatuak. Hori izan da erakusketaren gai-ildo nagusia. Eta baita, beti, erdi-erdian, argazki guztietan, gizakia dagoela”.

Lehen urratsak

“Oso eskertuta nago eman didaten aukerarengatik”, adierazi du argazkilariak. Ilusio handiz ekin dio bideari Bixenek. Pozik dago oso, hainbat urtetako lanaren ondoren erakusketa hau martxan jarri, eta ibiltzen hasi delako. Seminarioan eman ditu lehen urratsak baina parrokia, kultur etxe… ezberdinetara ikusi ahal izango da ‘Agerian’ erakusketa.

ERAKUSKETA: Agerian

LEKUA: Donostiako seminarioaren klaustroa (Heriz pasealekua, 82).

DATA: Urriaren 16tik 25era arte.

ORDUTEGIA: astelehenetik ostiralera (10:00 – 13:00) / (15:00 – 17:00)

INFORMAZIO GEHIAGO: 943 285 000

pio12idazkaria@elizagipuzkoa.org

ERAKUSKETAREN HURRENGO DATA ETA LEKUAK:

–  Junkal eliza (Irun, azaroa).

–  Artzain Ona katedrala (Donostia, urtarrila, 13-31).

–  Elizbarrutiko Museoa (Donostia, martxoa).

–  Villabona, maiatza, 5-10.

–  Orio, ekaina.

–  Klaustroa (Oñati, uztaila).