Blog

Carlos Garaikoetxea Lehendakariaren hil-kapera

Carlos Garaikoetxea Lehendakariaren hil-kapera

Donostiako gotzaina, Fernando Prado Ayuso monsinorea, gaur, maiatzak 6, Gasteizko Ajuria Enea jauregiko hil-kaperan izan da, Carlos Garaikoetxea lehendakaria ohiaren betiko atsedenaren alde otoitz egiteko, eta familiari doluminak emateko.

Carlos Garaikoetxea jauna, katolikoa zen, eta garrantzi bereziko pertsona izan zen euskal bizitza publikoan. Gotzainaren presentziarekin, Gipuzkoako Elizak bere senide eta gertukoen minarekin bat egin du, eta bide batez, bere esker ona adierazi nahi izan du, herriaren alde zerbitzari publiko honek eginiko lanagatik, eta bere bizitzan zehar gure lurraldearekin lotura esanguratsua izan duelako.

Nahiz eta Iruñean jaio, Garaikoetxeak, Zarautzen igarotzen zituen bere udarako oporraldiak; hau da, bera eta bere familia oso lotuta egon zen herri honekiko. Gipuzkoarekiko hurbiltasun horrek, gure lurraldeko pertsona askok, berarekin adiskidetasun, maitasun eta begirune harremanak partekatzea eragin zuen.

Erakunde zein herritarrek egin dioten agur-ekitaldi honetan, hil-kaperara egindako bisitan, gotzainak egungo Lehendakaria, eta Eusko Legebiltzarreko presidentea ere agurtu ditu.

Donostiako Elizbarrutiak, on Carlos Garaikoetxearen arima Jaunaren esku utzi du, bere familiarentzako kontsolamendua eskatu du, eta hainbat gizon eta emakumeren otoitzarekin bat egiten du, fedea eta esker ona oinarri hartuta, bere bizitzaren zati handi bat euskal gizartearen zerbitzura eman duen pertsonari herritarrek egin dioten agurrean.

Whatsapp Bat egin InfoEliza-rekin albiste guztien berri izan dezazun. Bi bide dituzu: