Blog

On Xabier Gómez, Sant Feliu de Llobregateko gotzain berria

On Xabier Gómez, Sant Feliu de Llobregateko gotzain berria

Gaur eguerdian, Egoitza Santuak, Espainiako migrazioen errealitatea ondo ezagutzen duen On Xabier Gómez, domingotar gipuzkoarra, Sant Feliu de Llobregateko (Katalunia) gotzain izendatu du.

On Xabier Gómez (Azkoitia, 1970-04-11), Elgoibarko San Bartolome elizan laguntzaile lanetan aritu ondoren, 1994an apaiztu zen. Elgoibarko parrokiako bikario izateaz gain, parrokoa eta Pastoral Barrutiko koordinatzailea izan zan Aretxabaletan, Eskoriatzan eta Leintz-Gatzagan. 2003an, Salamancara joan zen, Aita Domingotarren Nobiziotzara.

On Xabierrek ikasketa ibilbide oparoa du:

– Teologian lizentziatua (San Esteban Teologia Fakultatea, Salamanca, 2003-2005).

– Familia-Orientabide eta Bitartekotzako Masterra (Salamancako Unibertsitate Pontifikala, 2006).

– Kulturarteko Gizarte Bitartekotzako aditua (2007).

– Justizia eta Bakearen sustatzaile probintziala (2013-2021).

Azkoitiarra, gaur egun, Gotzainen Batzarreko Migrazioen Gotzain Batzordeko idazkaria, eta Samba Martine, Giza Eskubideen Behatokiko koordinatzailea da. O ‘Lumen (artea eta hitzarentzako gunea), fedea eta kultura ekimenaren bultzatzaileetako bat izan da, eta, egun, Aquino-El Olivarreko (Madril) Santo Tomas komentuko priorea da.

On Fernando Prado, Donostiako gotzaina, asko poztu da gipuzkoarraren izendapenarekin. “Bera Aretxabaleta eta Eskoriatzako parroko zela, eta ni Donostiako Groseko (Donostia) Pastoral Barrutiko gazte pastoraltzaren arduraduna, elkarrekin, Taizera bidaia bat egin genuen gazte talde batekin batera”, gogoratzen du Fernandok. “Ordurako, bizitza kontsakratua etorkizunerako aukera gisa planteatzen ari zen. Komunitatean bizitzeak erakartzen zuen; hausnarketa horretan murgildurik zegoen. Taizeko egun haiek ondo baino hobeto gogoratzen ditut”, azpimarratzen du gure gotzainak.

“Alaitasun, otoitz eta gazte fedearen esperientzia handiko egunak izan ziren; guztioi utzi zigun arrastoa. Urtetara, leku ezberdinetan, egin nuen topo Xabierrekin. Harreman ona eta adiskidetasun ona izan dugu beti”. On Fernandok ez du inolako zalantzarik, “gaitasunak ditu, gotzain ona izango da; Jainko gizona da”.

(On Xabier Gómez, Seminarioan, 2021)