Blog

Ekuador: euskal misioaren jatorrietara bueltan

Ekuador: euskal misioaren jatorrietara bueltan

Ekuadorren euskal misioaren lehenengo bideak ireki zituztenen oroimenak Donostia, Bilbo eta Gasteizko Elizbarrutietako Misioetako arduradunen bidaia lagundu du; Bilboko gotzain eta Euskal Elizbarrutietako Misioetarako gotzain ordezkari den Joseba Segura jauna izan da taldeburu. Gure elizbarrutia, Koldo Murok, misioetarako ordezkaria, ordezkatu du.

Bisitaldia, era berean, duela hamarkada batzuk hasitako misiolari bultzada bizirik mantentzen duten komunitate, misiolari eta egitasmoetara hurbiltzeko aukera paregabea izan da.

Bidaiaren arrazoi nagusia bereziki esanguratsua zen: Maximo Gisasola apaizaren heriotzaren 75 urteurrena. Maximo, 1948an Ekuadorrera iritsi zen lehen euskal espedizioko zortzi misiolarietako bat izan zen. Gisasolak, bere misioaren zati handi bat, Los Rios inguruan garatu zuen; trafiko istripu batean hil zen Vinces aldera itzultzen ari zela. Bere irudia eta bere historia, ibilbidearen hari-muturra izan dira. Horri esker, bertatik bertara egiaztatu ahal izan zuten Ekuadorrera joan zirenak, misiolarien lehen presentzia hark fruituak ematen jarraitzen duela. Arrastoa utzi zuela, alegia.

Manabi probintzian hasi zen bidaia; Portoviejoko elizbarrutian. Taldeak, San Juan Apostoluaren parrokiaren errealitatea ezagutzeaz gain, Eduardo Jose Castillo, Portoviejoko artzapezpikua ezagutzeko aukera izan zuen. Era berean, Estero Secoko elkartera hurbildu, eta bertako kristau-elkartearekin topaketa bat egiteko aukera izan zuen.

Ibilbideak, San Isidrotik barrena jarraitu zuen, eta bertan ‘Sustraiak eta ametsak’ proiektua ezagutu zuten; tokiko kultura berreskuratzeari, eta baloratzeari lotutako ekimena. Cojimiesen, Juantxo Dones misiolari arabarraren eskutik, gertutik ezagutu ahal izan zuten bidaiariek nekazal komunitateei eskainitako laguntza.

Manabitik, taldea, Los Riosera joan zen; Euskal Elizbarrutiko Misioei bereziki lotuta dagoen lurraldea. Han hasi zuten lehen misiolari haiek Ekuadorren hasi zuten lana, eta Maximo Guisasolak, bertan garatu zuen bere lanaren funtsezko zati bat.

Babahoyoko bisitak, gizarte eta hezkuntza-ekimenetara hurbiltzeko aukera eman zion hara joandako euskal misioetako ordezkaritzari. Horien artean dago FUNES (Esperantza Berria Fundazioa); indarkeria jasan duten eta zaurgarritasun egoeran dauden haurrak aterpetzen dituen etxe. Euskal misiolariei, eta, bereziki, Eduardo Aguirrek, apaiz donostiarra, Ekuadorreko Euskal Misiolari taldean egindako lanari lotua.

FUNESekin batera, Nueva Esperanza Eskola ezagutu zuten; behar bereziak dituzten haur eta gazteentzako egoitza. Arreta pedagogikoa eta garapen psikomotorrerako laguntza jasotzen dute bertan. Eraikin horiek, berritzeko eta egokitzeko, Gipuzkoako Foru Aldundiaren laguntza jaso zuten; 100.000 euro bideratu zituen instituzioak egoitza berreraikitzeko.

Indarkeriaren biktima diren emakumeen errealitatea, SAMUVIren, Indarkeriaren Biktima diren Emakumeei Laguntzeko Zerbitzua, eta CIPEMen, Emakumearen Sustapen eta Enplegurako Zentro Integrala, eskutik ezagutu zuten. Bi ekimenek, modu osagarrian, lan egiten dute egoera ahulean dauden emakumeei akonpainamendua eta aukerak eskaintzeko; besteak beste, Elizbarrutiko Misioen, Caritas Gipuzkoaren, eta Kutxa Fundazioaren laguntza izan dute.

Nuevo Amanecer eta Pimocharen eskutik, misiolarien presentzia, eta inguru honetan garatzen joan izan diren egitasmoei lotutako errealitateak ezagutu zituzten. Ondoren, Barreiro eta Vincesera joan ziren; lehen euskal misiolarien artean zeresan handia duten lekuak.

Vincesen, bisitak, esanahi bereziki hunkigarria bizi izan zuen. Maximo Gisasola, bertara bidali zuten lehenengo espedizioa iritsi ondoren. Eta bertatik, zonaldearen ebanjelizazioa, eta Santa Teresita del Niño Jesús ikastetxea bultzatu zituen; hainbat hamarkadatan zehar, haur behartsuenarekin, hezkuntza lan garrantzitsua egin zuen eskola.

Gisasolaren heriotzaren 75. urteurrenaren oroitzapenak, hiru euskal elizbarrutietako ordezkariak bildu zituen bertako Elizarekin batera. Ospakizunaren une nagusia, Skiper Yanez Calvachi Babahoyoko gotzainak, eta Joseba Segurak, Bilboko gotzaina eta Euskal Elizbarrutietako Misioetako ordezkariak, elkarrekin eman zuten eukaristia izan zen. Ospakizunaren ondoren, Gisasolaren hilobiaren aurrean errespontsu bat errezatu ondoren, oroitzapen plaka bat jarri zuten ikusgai.

Baina misiolariaren oroitzapena ez zen liturgia ospakizunean amaitu. Taldea, Petrillora joan zen, hau da, Maximo Gisasola zirkulazio-istripuan hil zen lekuraino. Han oroitzapenak historia izateari utzi zion, eta leku zehatz bihurtu zen; lehen misiolari haiek eman zuten guztia hobeto ulertzen laguntzen duen lekuetariko bat.

Handik, bisitak, Quevedorantz jo zuen, eta ondoren Montalvorantz, Babahoyoko elizbarrutiko hainbat komunitate eta errealitatetan zeharreko ibilbidea osatuz.

Donostiako Misioen Ordezkaritzarentzat, egitasmo honetan parte hartzea, bidaia bat baino askoz gehiago izan da. Tokiko Eliza ezagun batekin elkartu, eta 1948an zortzi misiolari haiek hasitako lanaren jarraipena egiaztatzea suposatu du.

Maximo Gisasola hil eta hirurogeita hamabost urtera, misiolarien lehen belaunaldi hura igaro zen lekuetatik barrena ibiltzeak, misioa historiaren zati gisa ez ezik, komunitateetan, eskoletan, proiektu sozialetan, eta pertsona zehatzetan gauzatzen jarraitzen duen errealitate gisa begiratzen laguntzen du.

Donostiatik, ibilbide hau Euskal Elizbarrutietako Misioen nortasunaren parte da; ez da garai bateko kontua. Euskadiko eta Ekuadorko Elizen arteko anaitasun eta lankidetza loturak sortzen diren misiolari historia aitortzeko eta eskertzeko modua ere izan da.

Whatsapp Bat egin InfoEliza-rekin albiste guztien berri izan dezazun. Bi bide dituzu: