Elizbarrutiko Pastoral Kontseilua: bereizketan aurrera goaz
Joan den larunbatean, azaroak 15, elizbarrutiko zonalde, kristau-elkarte, eta eliz errealitate desberdinetako berrogeita hamar ordezkari ingururen parte-hartzearekin, Elizbarrutiko Pastoral Kontseilua bildu zen Donostiako seminarioan. Aurreko urteetan hasitako pastoral eta misiolari eraberritze prozesuan, hurrengo urratsetarako, on Fernando Prado gotzainak aurkeztutako proposamenari buruzko hausnarketa eta elkarlana izan ziren hizpide.
Jardunaldian zehar, orain arte egindako hausnarketa, serioa, sakona eta emankorra izaten ari dela azpimarratu zen. Gotzainak elizbarrutiko zonaldeetan lan egin duten “hasierako taldeek” egindako lan seriotik ateratako zenbait kontu aurkeztu zituen. Elizbarrutia bereizketa prozesu honen azken fasean sartzen ari da, eta bertan kristau-elkarte guztien partehartze zabala beharrezkoa izango da behin betiko erabakiak hartzeko.

Datozen hilabeteetan, egindako bidearen fruitua ezagutzera emango dira elizbarruti osoan, eta etorkizunari begira, azken proposamena aurkeztuko da. Proposamen hau kristau-elkarteek aberastu dezaten nahi da, eta hurrengo urteetarako Gipuzkoako misio ebanjelizatzailea bideratzea izango du helburu, pastoral berrantolaketari eta kristau-elkarteen ebanjelizatze bizitasunari arreta berezia eskainiz.

Kontseiluko kideek, eguna, elizbarrutiko elkartasuna eraikitzen jarraitzeko urrats garrantzitsutzat jo zuten, gotzainarekin, eta mundu mailako Elizarekin bat eginez. Jardunaldian esandakoaren arabera, hausnarketa honen fruituek bultzada berria, eta irudi berritua emango diote datozen hamarkadetako Gipuzkoako Elizaren bizitza pastoralari.