Blog

Aste Santua gogotsu, otoitzean, eta itxaropenez bizi izan da Gipuzkoako parrokietan

Aste Santua gogotsu, otoitzean, eta itxaropenez bizi izan da Gipuzkoako parrokietan

Aste Santua sakontasunez, partaidetza handiz, eta fede giro partekatuan ospatu da egunotan Gipuzkoako parrokia eta kristau-elkarte ugaritan. Erramu Igandetik hasi, eta Berpizkunde Igandera arte, lurraldeko tenplu, kale eta plazek, bedeinkazioak, eukaristiak, gurutze-bideak, prozesioak, bijiliak, eta gurtza uneak bizi izan dituzte, hau da, kristau fedearen misterio nagusia bizitzen lagundu dutenak: Jaunaren nekaldia, heriotza, eta piztuera.

Erramu Igandean, erramu bedeinkapenarekin, Gipuzkoako parrokia asko, Aste Santuan murgildu ziren. Parte hartze handiko jardunaldia izan zen lurraldeko hainbat tokitan zehar. Donostiako Groseko San Inazio parrokian esate baterako, ospakizunak, familia ugari batu zituen eguneko eukaristia ezberdinetan zehar; batez ere familia mezan, erramuen bedeinkapenean.

Artzain Onaren katedralean, eta baita Gipuzkoako hainbat parrokietan ere, erramuen ekintzak, Kristoren harrera, eta kristau bizitzarako bereziki esanguratsuak diren egunen hasiera publikoaren lehen urratsak izan ziren. Seguran, Aian, Orion, Andoainen eta beste hainbat herritan, otoitzak eta jendearen parte hartzeak zeresana izan du kristau-elkarteetan.

Astean zehar, liturgia ospakizunez gain, penitentzia uneak eta gazteentzako proposamenak ere nabarmendu dira. Hainbat lekutan adiskidetzearen sakramentua ospatu zen, eta Lazkaon, Gazte Pazkoa; egun hauetan zehar, fedean bizitzen laguntzeko erretiro eta elkarbizitza. Groseko San Inazio elizan ere, 50 gazte inguruk parte hartu zuten Gazte Pazkoan, komunitate giroan, ospakizunak eta otoitz-guneak partekatuz.

Ostegun Santuan,  parrokiak, Jaunaren Afariaren inguruan bildu ziren, maitasunaren, Eukaristiaren, eta apaizgoaren oroimen bizia. Gipuzkoako herri eta hirietan, jardunaldi hau, solemnitate, eta bere baitan bilduz ospatu zen. Seguran, ‘Azken Afariko’ mezaren ondoren, ohiko prozesioa egin zen kaleetan zehar.

Hondarribian, ospakizunak Jesus Sakramentuaren aurreko gaueko adorazioa ospatu zen; eguneko une esanguratsuenetako bat, beste leku batzuetan kandela eta otoitz-txandekin gertatu zen bezala.

Pasaia Donibanen, eukaristiaren irudia, fededunen begiespena, eta adorazioaren bilgune izan zen.

Legazpin, eta beste parrokia batzuetan ere, ‘Ordu Santua’ ospatu zen.

Eta Irungo Junkaleko Santa Maria elizan, berriz, “gau isila” deiturikoa, gau osoa, gurtzaren txandekin igaro zen.

Irunen, Donostiako gotzain, on Fernando Pradok, Ostegun Santuan, Junkaleko Santa Maria parrokian izan zen. Bertan, pausoen erakusketa ikusi ahal izan zuen, elkarbizitzan parte hartzen zuten akolitoak agurtu, eta parrokiako erlijiosoekin ere bat egin zuen Pazko Hirurrenaren egun hau beraiekin ospatuz.

Ostiral Santua bereziki bizi izan zan elizbarruti osoan, bai elizetan, eta bai kaleetan.

Goizean goizetik gurutze-bideak ospatu ziren lurraldeko hainbat tokitan barrena: ErrenterianDonostiako Gros auzoko San Inazion, Orion, Aian, Andoainen, Mendaron, Mutrikun, Seguran, Hondarribian, eta beste hainbat lekutan. Horien artean, egunsentian ospaturiko Donostiako Urgull mendiko gurutze-bideak ez zuen hutsik egin, ezta Guadalupekoak ere Hondarribian; edota Mutrikuko ibilbidea, otoitz eta soiltasun giroan bizitakoa.

Egunean zehar, Jaunaren Pasioaren liturgi ekintzak ere ospatu ziren; leku askotan, herri errotze handiko ekintzak, alegia. Hondarribian, arratsaldeko liturgiak eraistea ekarri zuen, eta baita Isiltasunaren Prozesioa ere alde zaharretik barrena. Seguran, liturgikoez eta eraisteaz gain, prozesioa egin zen kaleetan zehar. Azkoitian, goizeko gurutze-bidearen, eta Nekaldiaren mezaren ondoren, arratsaldeko prozesioak ospatu ziren. Gauean, adibidez, Ehorzketa Santuaren prozesioa; Aste Santuko hitzordu nabarmenetakoa herrian. Herri-debozioan oso errotuta daudenez, Legazpiko prozesioak ere arreta berezia piztu zuten.

Pasaia Donibanen, Jaunaren Nekaldiaren ondoren, Ehorzketa Santuaren prozesioa egin zen; beste parrokia eta herri batzuetan, berriz, Zazpi Hitzak bezalako gogarteak errezatu ziren. Bereziki azpimarragarria da 59 urteren ondoren Donostian berreskuratu den Ostiral Santuko prozesio historikoa; 20.000 lagun bildu ziren iriko kaleetan zehar.

Larunbat Santuak isiltasunari, itxaronaldiari eta itxaropenari bidea egin zion. Zenbait kristau-elkarteetan egun horretako ospakizunak normaltasunez ospatu ziren, hala nola, Mutrikuko Santa Katalina elizako Officium Tenebrarum, sinbolismoz betetako ospakizuna. Bertan, hamabost kandelek hamaika apostoluak, hiru Mariak —Maria Salome, Maria Kleofaskoa, eta Maria Magdalena— eta Ama Birjina ordezkatzen dituzte. Kandela garaienak, itzaltzen ez dena, Ama Birjina irudikatzen du, Piztueraren itxaropenean tinko iraun zuen bakarra. Beste kandelak itzali ondoren, argi hori Doloretako Andre Mariaren oinetara eraman zuten karrakaren soinuak lagunduta; keinu xume baina oso adierazkorra.

Gauaren baitan, Pazko Bijiliek, Gipuzkoako kristau elkarteak bildu zituzten Piztuera iragartzeko. Parrokia askotan ospatu ziren, besteak beste, Groseko San Inazion, Hondarribian, Pasaia Donibanen, Andoainen, Aian, Orion eta Mutrikun. Horiez gain, Mendaro eta Altzoko elkarteek ere parte hartu zuten. Guztietan, suaren bedeinkapenak, pazko aldarriak, eta Piztueraren aldarrikapenak, kristau urteko ospakizun garrantzitsuenetako baten adierazle izan ziren.

Eta gaur, Pazko Igandean, Gipuzkoako parrokiek pozez ospatu dute Pazkoa. Egun honetako eukaristiek, leku askotan, oso jendetsuak, heriotzaren gaineko bizitzaren garaipena, eta hilobi hutsetik sortzen den itxaropena azpimarratu dute. Hondarribian, ‘topaketaren’ ohiko ekitaldia ospatu da; erromatarren erorketa ezaguna. Tokian-tokiko herri-erlijiotasunaren adierazpen berezia. Seguran, Pasaia Donibanen, Orion, Aian, Mendaron, Mutrikun, Andoainen, Groseko San Inazion, eta beste hainbat parrokiatan, kristau-elkarteek pozez aldarrikatu dute Kristo piztu dela.

Hainbat lekutatik ere, fedez beteriko mezuak iritsi dira, hala nola, Irungo gazteek partekatutakoa: “Hilobia hutsik dago. Surrexit Christus sicut dixit. Pazko zoriontsua!”. Edota, gaur, pozez ospatzen duten beste elkarte batzuen jai-oihartzuna: Kristo Piztu da… Aleluia!

Albiste batean lurraldeko parrokia, eta kristau-elkarte bakoitzean bizitako guztia biltzea ezinezkoa bada ere, Aste Santu honetan, kristau fedearen bihotza sakontasunez, tradizioz eta itxaropenez ospatuz, elkartuta ibili den elizbarrutiko Elizaren irudia islatzen du. Eliza handi eta txikietan, ermita, kale eta plazetan, Gipuzkoak, Jaungoikoarekin bat egin du bere nekaldian. Eta, berritutako pozez, Elizaren bizitzari eusten dion albistea ospatu du: Kristok piztu da. Aleluia.

Komunikazinorako Ordezkaritzak bereziki eskertzen die parrokia eta kristau elkarte ezberdinetako laguntzaileei elizbarrutiko informazioa ematea ahalbidetzen duen informazio eta materialak konpartitzeko egin duten ahalegina, ardura eta eskuzabaltasuna.

Whatsapp Bat egin InfoEliza-rekin albiste guztien berri izan dezazun. Bi bide dituzu: