Blog

Donostiako Orfeoiak, Chillidaren omenez, Koruko Andre Marian kantatuko du

Donostiako Orfeoiak, Chillidaren omenez, Koruko Andre Marian kantatuko du

BIHAR, asteartea, maiatzak 14, arratsaldeko 19:30etan, Donostiako Orfeoiak, Eduardo Chillidaren mendeurrena dela eta, Donostiako Koruko Andre Mariaren basilikan kontzertua eskainiko du. Erabat doakoa izango da kontzertua.

Eduardo Chillidaren Koruko Andre Mariaren parrokiako lagun talde batek antolaturiko kontzertuak, Donostiako Orfeoiaren laguntza jaso du. Horrez gain, ‘Eduardo Chillida-100 urte’ ekimenen programazioaren barruan ageri da, eta bere webgunean ikusi daiteke (www.eduardochillida.com ).

Artistak harreman estua izan zuen Donostiako Elizbarrutiarekin, eta bizirik zegoela hainbat eskultura oparitu zizkion. Gaur egun parrokian bertan, “Gurutzea” (1975) dago, eta Artzain Onaren Katedralean, aldiz, “Bakearen gurutzea” (1997). Bere hileta elizkizuna ere Koruko Andre Maria parrokia egin zen.

Jose Antonio Sainz Alfaroren zuzendaritzapean, eta Gerardo Rifonek organora lagundurik, Donostiako abesbatzak, Bach -Chillidaren obrarekin lotura berezia duen musikagilea-, Cohe, Webber, Madina eta Fauré konpositoreen piezak kantatuko ditu. Baita euskal egileenak ere; besteak beste, Lesbordes, Uruñuela, Iruri, Ugale eta Olaizolaren lanak.