Pazko Hirurrena
Pazko-misterioa, Liturgi Urtearen gailurra
Kristoren misterio “osoa” ospatzeko Kristau Elkarteak eratzen duen aldiari deritza Liturgi urtea. Kristoren misterioa ospatzean, fededun bakoitza misterio horretan “sar dadin” eta “partaide izan dadin” eta “bizi dezan” nahi du Elizak.
Kristoren misterioaren ospakuntzak Pazkoan du bere gailurra: Jesus mundu honetatik Aitarengana “igaro” zela handikiro ospatzen duenean, hau da, Jesusen Pazkoan. Izan ere, Jesus heriotzatik piztuerara igarotzean:
- Jainkoaren salbamen-egintzarik handiena gertatzen da
- Giza historiako egintzarik handiena eta transzendentalena gertatzen da
- Nazareteko Jesusen gertakari osoaren esanahia agerian gelditzen da
- Jesusekiko atxikimendua eta fedea pizten da, Jainkoak Jesusengan egin duenaz ohartzean, eta Eliza sortzen da Jesus Piztuak bere Arnasa isurtzean.
Pazkoko gertakariaren argitan uler ditzake eliz elkarteak Jesusen izatea, egintzak, jokaera, mezua eta heriotzaren esanahia. Hau kontuan izanik, garbi ikusten da zergatik den Pazko Hirurrena Liturgi Urte osoaren ardatza eta gailurra.
Nekaldiaren eguna ez ezik, piztuerarena ere ospatu beharra dugu. Horixe da Hirurren Santua: Kristok nekaldia jasan zuela, hilobian atseden hartu zuela eta piztu zela ospatzea (San Anbrosiok, Epistola 23, 12-13).
Pazko Hirurren Santuaren egitura
Pazko Hirurren Santua, hiru eguneko ospakuntza hau, Ostiral Santu bezperan, hau da, Ostegun Santu arratsean, hasten du Elizak, Missa in Coena Domini, Jaunaren Afariko Meza ospatuz, eta Pazko Igandeko II. Bezperak ospatuz bukatzen du.
Pazko Hirurrenaren gailurra eta, horregatik, Liturgi Urtearen gailurra Pazko Gaubeilako Eukaristia da.
Honela dago eratua Pazko Hirurren Santua:
Ostiral Santuz
Kristoren Nekaldia eta Heriotza “aintzatsua” ospatzen du Elizak, Heriotza hori Jainkoak Jesusengan lortutako garaipena dela aitortuz eta Heriotza horren salbamen-indarra goraipatuz. Hilik egon zen baina egiaz bizi den Jaunari jarraitzeko dei ozena entzuten du egun honetan. Eliz elkarteak ez du eukaristiarik ospatzen, Hitzaren Liturgia nagusia baizik.
Larunbat Santuz
Jesusek hilobian izan zuen isilaldia, atsedenaldia, gogoratzen du eliz elkarteak, isilaldi sakona eginez. Jainkoa Jesusen heriotzaren aurrean itxuraz “isilik” egon zela ere gogoratzen du; baina hilobia egiaz “hutsa” dagoela ahaztu gabe. Egun honetan ere ez du eukaristiarik ospatzen.
Pazko Igandez
Pazko Gaubeila Santuan hasirik, Kristoren Piztuera ospatzen du Elizak handikiro, urteko jairik alaiena eginez. Jainkoaren garaipen-oihua entzuten du Elizak eta errepikatzen: Hila zegoen Jauna, hil zuten Pazko Bildotsa… PIZTU DA! BIZI DA!
Elkarteak –eta elkartearen arduradunak– dei berezia egiten dio elkartekide bakoitzari, ospakuntza horietara biltzera eta hor salbamen-egintza elkarrekin ospatzera, eskertzera eta bizitzera, horrela bere fedea aitortuz, sendotuz, argituz eta bizkortuz. Pazko Gaubeilan ospatzen den Eukaristia da ospakuntza osoaren gailurra.
Jatorria
Israeldarren pazko-jaia udaberria hastean
Israelen liturgian egunik garrantzitsuenetako bat da paxha (edo pexah) eguna. Hitz honek “igarotzea, jauzi egitea” esan nahi du. Udaberriaren hasieran artzainek eta nekazariek zituzten ohituretatik dator, nonbait jai hori.
Udaberria hastean, neguko larreetatik udako larreetara joan aurretik, bildotsari lepoa mozten zioten artzainek eta haren odolaz kanpalekua zipriztindu ohi zuten, gaitzak eta ezbeharrak kanpalekuren eta artaldearen gainetik “jauzi egin” zezan, kalterik egin gabe. Nekazariek, berriz, garai berean, lehenengo gari-aleak hartu eta legamiagabeko ogi egin ohi zuten, legamia zaharra bota ondoren. Egipton esklabo zirela, gau gogoangarri batez Jauna Egiptoko lurraldetik “igaro” zela, egiptoarren seme zaharrenak hilarazi zituela eta hebrearren semeen gainetik kalterik egin gabe “jauzi egin” zuela oroitzeko eta ospatzeko hartu zituzten hebrearrek –israeldarrek– bi ohitura horiek. Izan ere, Jaunak, igarotzean, askatu egin zuen bere berria morrontzapetik (ikus Irteera 12). Askapen hori erabatekoa izan zen israeldarrak Itsaso Gorrian zehar oinik busti gabe igaro zirenean eta egiptoarren gudarostea, aldiz, urpean galdu zenean (ikus Irteera 14). Bi gertakari nagusi horiek ospatu ohi dituzte israeldarrek pazko-jaian bildotsa eta legamiagabeko ogia janez, “Nisan” edo “Abib” izeneko hilaren 14an (gure martxoa-apirila inguruan).
Jesusen pazkoa:
Heriotzatik piztuerara “igarotzea”: Salbamenaren Historiaren gailurra
Jesus heriotzatik piztuerara –bizi betera– igarotzea da, kristau fedearen arabera, Salbamenaren Historiako gertakaririk handiena, historia osoaren gailurra. Gertakari nagusi hau, Ebanjelioek diotenez, juduen pazko-jaiaren inguruan izan zen. Hona hemen San Joanek dioena: “Pazko-jaia gainean zen. Jesusek bazekien mundu hau utzi eta Aitarengana joateko ordua iritsi zitzaiola. Munduan ziren beretarrak beti maite izan zituelarik, azkenean bete-betean maitatu zituen” (Joan 13, 1).
Zortzian behin, igandean –Dies Dominica, “Jaunaren Eguna” deituan– bildu ohi da eliz elkartea betidanik Jaunaren piztuera ospatzera, egun horretan, “xabbat” edo larunbateko atseden-egun biharamunean, izan baitzen gertakari hori, Ebanjelioek diotenez. Lehenengo mendean, hala ere, ez da igande batez pazkoa ospatzen zuteneko notiziarik.
Eliz elkarteak pazko-jaia eratu
San Paulok, 57. urtean, juduek beren pazkoa ospatzen zuten garaian idatzitako gutunean, hau dio: “Bazter ezazue legami zaharra eta izan ore berria, legamiagabeko pazko-ogiak bezala; izan ere, horixe zarete, Kristo gure Pazko-bildotsa opari eskainia izan denez gero. Ospa dezagun, beraz, pazko-jaia; baina ez legamia zaharrarekin, bekatu eta gaiztakeriago legamiarekin, legamiagabeko pazko-ogiekin baizik, hau da, bihotz garbitasunez eta egiaz” (1 Korintoarrei 5, 7-8). Ez du horretarako egun berezirik aipatzen. Baina zenbaiten ustez, hitz horiek eta Itun Berriko beste batzuek –Jesusen Nekaldiaren kontaerek Ebanjelioetan eta Pedroren 1. gutunak Bataioaz egiten duen katekesian– pazkoaren ospakuntzaren aztarnak egon daitezke.
- mendean, Sardisko Melitonek hau dio bere homilia batean: “Pazkoko misterioa Kristo da” edota “gure salbameneko Pazkoa Kristo da”. II. mendean, dirudienez, igande horietako bat era berezian ospatzen hasi ziren: juduek beren pazkoa ospatu ohi duten egunaren inguruko igandea. Beharbada, juduen jaiaren eraginez, kristauak ere igande horri pazko-eguna deitzen hasi ziren eta handikiro ospatzen.
Zein egunetan ospatu Pazko-jaia
- mendearen bukaeran eztabaida gogorra izan zen Ekialdeko eta mendebaldeko eliz artzainen artean, kristauen pazkoa zein egunetan ospatu behar zen erabakitzerakoan. Ekialdeko elkarteetan Nisan hilaren 14an ospatzen hasi ziren. Mendebaldekoek, aldiz, egun horren hurrengo igandean ospatzen zuten, Jaunaren Eguna ospatzeko tradizioari helduz. Erromako Elizaren aldetik Anizeto eta hurrengo aita santu batzuk atera ziren pazkoa igandez ospatzearen alde. Ekialdean Polikarpo eta Polikrates Esmirnako apezpikuak Nisan hilaren 14an ospatzearen aldekoak ziren. Viktor aita santuak (188-199) eskomikatu egin nahi izan zituen Ekialdeko apezpikuak. Baina Lyongo apezpiku zen Ireneok bitartekari-lanak egin zituen, fede-arazoa ez baizik ohitura-arazoa baizik ez zela ikusaraziz.
Zesareako Eusebio historiagileak dioenez, batzar ugari egin zuten eta gutunak ere bai bidali elkarri, harik eta erabaki hau hartu zuten arte: “Jauna hilen artetik piztu zeneko misterioa ez dezala inork ospatu igandea ez den beste egunen batean eta buka ditzagula egun horretan baraualdiak”. III. mendean ez dago pazkoa Nisan hilaren 14an ospatzen zeneko aztarnarik.
Erdi Aroan Gaubeila desagertu egin zen, ospakizuna Larunbat Santu eguarteraino aurreratu zutelako. Izan ere, desagertua zen bataioak gau horretan egitea. Eta beste ohitura batzuk nagusitu ziren: su berria eguzki-izpiak lupa bidez baliatuz edota suharriak joz piztekoa, igande goizean Jesus piztuaren irudiak eta Andre Mariaren irudiak prozesioan atera eta elkar aurkitzea…
1951an Pio XII.a aita santuak eraberritu egin nahi izan zuen Pazko Hirurrenaren ospakuntza, lehenengo mendeetako egitura berreskuratuz. Eraberritze hori, ordea, Vatikanoko II. Kontzilioaren ondoren etorriko zen, Paulo VI.a aita santuak Meza Liburu berria 1969ko apirilaren 3an argitaratu zuenean.
Liturgia eta esanahi teologikoa
Hasieran larunbatetik igande egunsentia arteko Gaubeila zen ospakuntza nagusia. “Kristauek, batzar santuan bildurik, arretaz entzuten zuten Liburu Santuetako zenbait zatiren irakurketa. Gaubeilaren bukaera aldera, apezpikuak homilia egin ohi zuen eta kristaugaiak bataiatu egiten zituzten. Ondoren, gainerako kristauekin batera, eukaristi mahaian eseri ohi ziren, Eukaristia ospatzeko. Eguna argitzean, norbere etxera itzuli ohi zen, pazko-bozkarioa aurpegian zeramatela” (A. Hamman-ek).
Gaubeila nagusi horretako ospakuntzarako bi egunez barau santua eginez prestatu ohi ziren kristauak. Eta Gaubeila bukatzean, agape edo oturuntza egin ohi zuten pozik elkarrekin. Hala aitortzen du III. mendeko Siriako Didaskalia deritzan dokumentuak.
- mendeaz gero, ordea, Pazko Gaubeilako ospakuntza hiru egunetara zabaldu zuten, Jesusen pazkoa hiru une nagusitan ospatuz:
- Ostegun Santu arratsean Jaunaren Afariaren oroigarria egiten du kristau-elkarteak, pazko berria irudikatzen duen Afariaren oroigarria.
- Ostiral Santu arratsaldean Pazko Bildotsaren opaltzea, sakrifikatzea, gogoratzen du.
- Larunbat Santuko gauean, igande egunsentia arte dirauen Pazko Gaubeilan, bere Jaunaren piztuera eta garaipena ospatzen du handikiro.
Horrela eratu zuten Pazko Hirurrena.
Ostegun Santuz: Jaunaren Afariaren oroigarria
Pazko Hirurrenaren ataria da, Pazko Igandeko bigarren Bezperak ospatu arteko Jai nagusiaren hasiera. Juduek beren pazko-afarirako prestaketak egiten ari zirelarik eta giro horretan, Azken Afaria egin nahi izan zuen Jesusek bere ikasleekin. Pazko-afariko ohiturak eta erritoak eginez, pazko berria –bere pazkoa– irudikatu nahi izan zuen Jesusek: gurutzeko heriotzatik piztuerara igarotzea, alegia; eta pazko berriaren esanahia adierazi:
Ogia zatitu eta jaten emanez, ardoa edaten emanez, bere buruaren ematea, opari eskaintzea, adierazi zuen, ogi-ardo horietan bere izatea, bere salbamen-egintza, bere burua utzi zigun: “Hau nire gorputza da, hau nire odola da” esatea “hau ni naiz” esatea da. Ebanjelio sinoptikoek dakarzkigute hitz horiek. Joanen ebanjelioak, aldiz, oinen garbitzea aipatzen du, Jesusek bere burua gure alde eman zuela –gure zerbitzari egin zela– adierazteko. Eta, horrekin batera, elkar maitatzeko agindua. Zeinu horiek egitean eta bere ikasleei “egizue hau nire oroigarri” esatean eratu zuen Jesusek Eukaristia Sakramentua eta Apaizgo kristaua.
Ostegun Santuko liturgiak Azken Afari haren oroigarria egiten du, pazko-ospakizuna hasteko:
Hitzaren liturgiako irakurgaietan aditzera ematen da Jesusen Afariak pazko-gertakariarekin duen zerikusia eta lotura:
- Israeldarren pazko-afaria gogoratzen du aurrena kristauen batzarrak (Irteera 12, 1-8. 11-14).
- Jesusek Azken Afarian egina eta esana gogoratzen da gero (1 Korintoarrei 11, 23-26).
Korintoarrei eginiko lehenengo gutunetik 11, 23-26
Senideok, Jaunagandik hartu nuen nik, nire aldetik zuei eman nizuen hau: Jesus Jauna, saldu zuten gauean, ogia hartu eta, esker onezko otoitza eginez, zatitu zuela eta esan: “Hau nire Gorputza da zuentzat emana. Egizue hau nire oroigarri”. Afalondoan gauza bera egin zuen kalizarekin, esanez: “Kaliza hau itun berria da, nire Odolaz sinatua; egizue hau, edaten duzuen bakoitzean, nire oroigarri”.
Beraz, ogi honetatik jaten eta kaliza honetatik edaten duzuen bakoitzean, Jaunaren heriotza iragartzen duzue, Hura etorri arte.
- Ebanjelioan, berriz, ikasleei oinak garbitu izana eta hori egiteko agindu izana gogoratzen du (Joan 13, 1-15).
Ebanjelioa San Joanen liburutik 13, 1-15
Jesus, Aitak dena bere esku jarri ziola, Jainkoagandik etorria zela eta Jainkoagana zihoala jakinik, jaiki zen mahaitik, erantzi zuen soinagainekoa eta, eskuzapia harturik, gerrian lotu zuen; gero, ontzi bat urez bete eta ikasleei oinak garbitzen hasi zitzaien, eta gerrian zuen eskuzapiaz lehortzen.
Oinak garbitu zizkienean, soingainekoa jantzi, berriro mahaian eseri eta esan zien: “Ulertzen al duzue egin dizuedana? Zuek Maisua eta Jauna deitzen didazue, eta ongi deitu ere, halaxe naiz eta. Beraz, Nik, Jauna eta Maisua naizen honek, zuei oinak garbitu badizkizuet, zuek ere elkarri oinak garbitu behar dizkiozue. Jarraibide eman dizuet, zuek ere Nik zuekin bezalaxe joka dezazuen”.
Homiliaren ondoren, apaiz batzarburuak, Jesusek egina irudikatuz, oinak garbitu ohi dizkio zenbait laguni, bizitzan ere, Jesus bezala, elkarren zerbitzari apal izan behar dugula oroitaraziz.
Eukaristi Otoitza egitean, Azken Afari hura gaur gertatzen ari dela oihukatzen du. Izan ere, Jesus bera ari da gaurko elkartearentzat Aitaren aurrean otoitz egiten, ogia zatitzen eta bere burua eskaintzen. Eukaristia honetan bilduak ogi-ardoak –gorputza eta odola– har ditzakete jaunartzeko.
Azkenean, Jauna era berezian gordetzen da –monumentuan–, Ostiral Santuz jaunartzeko eta gaixoei komunioa eraman ahal izateko.
Ostiral Santuz: Jaunaren Nekaldia eta Heriotzaren oroipena
Ostiral Santuz eliz elkarteak ez du Eukaristia ospatzen. “Barau” egiten du, Senarra kendu diotelako. Bere Jaunaren Nekaldia eta Heriotza gogoratzen du hunkiturik. Hori egitean, ordea, gogoan du gertakari horrek duen ondorioa: bere Jaunaren garaipena eta, horretan, gizon-emakume guztien salbamena. Salbamen horren iturria Jesus da, hil eta piztua, eta haren saihetseko zauritik odola eta ura isurtzean, salbamen hori isuri zuen Jainkoak mundu osoaren gainera, Sakramentuetan adierazten eta gertaberritzen den salbamena.
Ostiral Santuko elizkizunean Hitzaren Liturgia nagusitzen da. Eta, horren osagarri, Gurutzea gurtzen du kristauen batzarrak eta eukaristi ogia hartzen du, bezperan sagaratua. Isiltasun santuan egindako sarrera eta otoitzaren ondoren, Hitzaren Liturgia nagusia hasten da, garrantzi handiko hiru irakurgai hartuz:
1.a, Jahwehren Zerbitzariaren laugarren kantika: Isaia 52, 13–53, 12
2.a, Semearen esaneko izatea: Hebrearrei 4, 14-16; 5, 7-9
3.a, Jaunaren Nekaldia, egiazko pazko-bildotsa eta egiazko erregea Jesus dela oihukatuz: Joan 18, 1–19, 42
Hebrearrei egindako gutunetik Heb 4, 14-16; 5, 7-9
Senideok: Gure apaiz nagusi handia, Jesus, Jainkoaren Semea, zeruetan sartua dugunez gero, euts diezaiogun aitortzen dugun sinesmenari; izan ere, gure apaiz nagusia ez da gure ahuleriaz erruki ez daitekeen norbait, hura ere, gu bezala, gauza guztietan probatua izan baita, bekatuan izan ezik. Hurbil gaitezen, ba, konfiantza osoz Jainkoaren graziaren tronura, errukia iritsi eta premialdian laguntza izan dezagun.
Kristok, bere giza bizitzaldian, deiadar handiz eta negarrez egin zion otoitz eta erregu heriotzatik libra zezakeen Jainkoari, eta,, Kristok begirune izan ziolako, entzun egin zion Jainkoak. Eta Semea izanik ere, oinazearen oinazez ikasi zuen obeditzen; horrela, bere betera iritsirik, betiko salbamenaren iturri bilakatu zen obeditzen dioten guztientzat.
Homiliaren ondoren Jainkoaren Herriaren otoitz nagusia egiten du batzarrak, hamar otoitz-gai kontuan izanik eta Jesusen heriotzaren fruitua denengana zabaltzeko eskatuz.
Gero, Jaunaren Gurutzea gurtu ohi du kristau-batzarrak. Batzarburuak denen aurrean jarri ohi du eta denek, zeinuren bat eginez, gurtu egiten dute jaiera eta zirrara handiz: muin eginez –Emazteak bere Senar hilari muin eginez, alegia– edota haren aurrean burua makurtuz. Jaunaren Gurutzea eta Jauna gurutzean goraipatu egiten du batzarrak horrela.
Azkenik, bezperako Eukaristian sagaraturiko ogia hartzen dute denek. Eta, otoitzak egin ondoren, isilean bukatzen da batzar santua.
Pazko Gaubeila eta Pazko igandeko Eukaristia nagusia
Larunbat Santua isilean, gogoetan, baraurik eta otoitzean ematen du Emazteak –eliz elkarteak– bere Jaunaren hilobi ondoan, haren garaipena ospatu zain. Ez du eukaristiarik ospatzen.
Larunbat arratsean, ordea, urteko batzarrik nagusiena eta handiena egin ohi du kristau-elkarteak: Pazko Gaubeila, berez ilunabarrean hasi eta igande egunsentian bukatzen den Gaubeila. Gaubeila horretan dena Jesusen pazkoaren irudi, sinbolo eta oroigarri bihurtzen da:
- Batzar santua: eliz elkarte osoaren irudi da, Piztuaren elkartea, Emaztea bere Senarraren garaipena ospatzera bildua.
- Aldi berria: Jesusen heriotza eta piztueraz Jainkoaren egin duen kreazio berriaren eta hasi zuen egun berriaren irudia.
- Gaubeila bera: bere Jauna noiz etorriko zain biltzen den elkartearen gaubeila da.
- Pazko argia: su berriak eta su berri horretan pizten den pazko-zuziak irudikatua. Jesusen piztuaren irudi eta sinbolo dira.
- Bataioko ura: bekatuak dakarren heriotzatik Jesusekin bat egitean hartzen dugun biziera berrira, egiazko askatasunera, igarotzearen irudi.
- Aleluia abestea: Garizuma osoan isilean gorde ondoren, gau horretan ozenki eta goraki oihukatzen da pozezko deiadar hori: Aleluia, Gora Jauna!
- Eukaristia: eztei-otordu handia, Pazko Bildotsa bere salbatuekin bat egitea ospatzen duen eztei otordu nagusia.
Pazko Gaubeila lau une nagusitan egituratua dago:
1.a Suaren eta argiaren liturgia: Kristo piztuaren argia bekatuaren gau iluna garaitzen duela ospatzen du elkarteak eta, bere kandelak zuzian pizturik, haren ondoren sartzen da batzarrera, Piztuaren jarraibidean ibili nahi duela adieraziz. “Poztu bedi” pazko-deia oihukatuz bukatzen da lehenengo une edo zatia.
2.a Hitzaren liturgia: pazko-zuziaren argitan oihukatzen da gau horretan Jainkoaren Hitza, Salbamenaren Historiako unerik garrantzitsuenak gogoratuz. Bederatzi zati har daitezke. Askotan, ordea, honako bost gai hauek hartzen dira, batez ere: Munduaren sorketa, Israel herria Itsaso Gorrian zehar igarotzea, itun berriaren iragarpena –hau entzundakoan, Itun Zaharretik Berrira igarotzean, “Aintza” abestu ohi da–, Bataioaren esanahia eta, Aleluia goraki abestu ondoren, Jesusen piztuera aipatzen duen ebanjelioa.
Erromatarrei egindako gutunetik 6, 3-11
Senideok: Bataioaz Kristo Jesusekin bat egin dugunok, haren heriotzarekin egin dugu bat. Bataioaren bitartez Harekin heriotzan hobiratuak izan gara, Aitaren aintzaz Kristo hiken artetik piztu zen bezala, guk ere bizi berria izan dezagun.
Ebanjelioa San Lukasen liburutik 24, 1-12
Asteko lehen egunean, goizean goiz, hilobira joan ziren emakumeak, prestatuak zituzten usan gozoko ukenduak eramanez. Hilobi-sarrera harria iraulia aurkitu zuen. Sartu ziren, baina ez zuten Jesus Jaunaren gorpua aurkitu. Zer pentsa ez zekitela zeuden. Hartan, bi gizaseme agertu zitzaizkien jantzi distiratsutan. Emakumeak ikaraz eta burumakur zeudela, gizaseme haiek esan zieten: “Zer zabiltzate hildakoen artean, bizi denaren bila? Ez dago hemen. Piztu da!
3.a Bataioaren liturgia: Homiliaren ondoren, Santuen Letaniak abestu bitartean, bataiatzeko daudenak batzarraren aurrera etortzen dira, ponteko ura handikiro bedeinkatzen du batzarburuak, kristaugaiak bataiatzen ditu eta, azkenik, elkarte osoak Bataioko Aginduak berritzen ditu, kandela piztuak eskuetan dituela.
4.a Eukaristiaren liturgia: urteko eukaristi ospakuntzarik nagusiena da. Beti, baina gau horretan bereziki, eliz elkartean bere erdian ikusten du bere Jauna, esker-otoitza egitean eta ogia zatitzean. Beti, baina gau horretan bereziki, bozkario handiz hartzen du parte kristau-elkarteak bere Jaunaren mahaian.
Pazko igandeko Eukaristia ere oso handikiro ospatu ohi du Elizak.
Victimae Pascalis gorazarrea
Hil zuten Pazko Bildotsa
goretsi, bai, kristauak.
Pekatuan geundenok
Kristo errugabeak
baketu gintuen Aitarekin.
Herio ta biziak
borroka latz gogorra:
hilik ere Kristo bizirik da.
Esazu, Maria:
Zer duzu ikusia?
“Berpiztuaren hobia,
bizirik den Kristoren argia.
Aingeru aitorle,
hil-oihal ta jantziak.
Piztu da Kristo, itxaron!
Aurretik duzue Galilean”.
Badakigu piztu dela
hilengandik egiaz.
Erruki zakizkigu,
gure Errege. Amen. Aleluia!
Pazkoko abestia
Piztu da, piztu da, piztu da!
Kristo bizi da!
Hilik zegoen eta bizi da!
Harekin biziko gera.
Aleluia! Aleluia!
Astearen lehen egunean
entzun zen deia:
“Ez dago hemen, hilen artean.
Jauna bizi da!”
Herri ohiturak
Hain garrantzitsua izanik, Pazko Hirurrenaren inguruan ere zenbait ohitura sortu eta nagusitu izan da herritarren artean. Aipa ditzagun nabarmeneak:
Erramu bedeinkatuz gurutzetxoak egin ohi dira eta, argizari-tanta bat bota ondoren, hormako harri-tarteetan edota soro-ertzetan jarri ohi dira gurutzetxoak.
Ostegun eta Ostiral Santuz, Jauna preso dagoelako, deabruak libre ibiltzen direlakoan, ilundu baino lehen etxeratu beharra dago. Egun gorietan abereak ez dituzte uztartzen, lanera ateratzeko. Errota ere geldi egoten da. Kanta zaleak isilik egoten dira eta ikuskizunik ere ez dago. Ostiral Santu eguartean artoa aletu ohi da herriren batzuetan eta ereiteko gorde, artorik hoberena horixe izaten delako. Ostiral Santuz elizkizunetara joateko traje beltza jantzi ohi da.
Larunbat Santuz, su bedeinkatuan ardaia piztu eta, lokarri-puntan harturik eta eraginez, “su berria” baserriz baserri zabaldu ohi zuten..
Prozesioak eta Jauna gurutzetik eraisteaz ikuskizuna
Ostegun Santuz eta Ostiral Santuz Gipuzkoako zenbait herritan prozesioak egin ohi dira. Ostegun Santuz zenbait irudi edo “paso” atera ohi da leku batzuetan: Jesusen Afaria, Getsemaniko otoitza eta atxiloketa, Jesus zigorkatua, Jesus gurutzea daramala, Jesus gurutziltzatua eta Andre Maria Nekeetakoaren irudiak.
“Jauna gurutzetik eraistea” deritzan ikuskizuna, garai batean parrokia gehienetan izan ohi zen Ostiral Santu ilunabarrean.
Jesusen tamaina naturaleko irudia ezarri ohi da gurutzean, elizako aldarean, eta Andre Maria Nekeetakoaren irudia gurutzearen inguruan. San Migel goiaingeruaren jantziak harturik, sarrera nagusia egiten du batek, gurutzea, Andre Maria eta batzartuak goraki agurtuz.
Ondoren, apaizak sermoia egin ohi du Jesusen nekaldia eta heriotza aipatuz eta Andre Mariaren bakardadea deitoratuz. Hitzaldia bukatzean, abesbatzak “Hil da Jauna” gorazarrea abestu ohi du handikiro. Gero, predikariak zuzendurik, Jesusen irudia gurutzetik eraitsi ohi dute Arimateako Jose eta Nikodemo pertsonaienak egiten dituztenek, ekintza horren une bakoitza zehazki adieraziz: INRI ikurra kentzea, arantzazko koroa kentzea, esku bakoitzeko eta oinetako iltzeak ateratzea eta, azkenean, Jesusen hilotza gurutzetik eraistea. Hil-kutxan ezarri ondoren, “entierroko prozesioa” egin ohi da. San Migel joan ohi da denen aurretik, apostolu, nazareno eta aingeru jantziriko haurrak gero, hauetako batzuek eskuetan Jesusi kendutako koroa eta iltzeak eramanez; jarraian Andre Maria Nekeetakoa, “hiru Mariak” lagun dituela (Joanen ebanjelioek hiru emakume aipatzen ditu gurutzearen ondoan: Andre Maria, Kleofasen emaztea eta Maria Magdalena). Gizasemeak eta emakumeak ere multzo banatan joan ohi dira prozesioan. Gaur egun, adibidez, Hondarribiko parrokian, Segurakoan, Astigarragakoan, Azkoitikoan, Mutrikukoan, Legazpikoan… egin ohi dituzte horrelako ikuskizun edota prozesioak. 2026an Donostiako Artzain Ona parrokiatik ere ateratzekoa da prozesioa.
Jaunaren Nekaldia gertaberritu edota irudikatu
Gurutze bidea edo Kalbarioak (Via Crucis)
Parrokia eta elkarte askotan, Garizumako ostiraletan eta, era nagusian, Ostiral Santuan “Gurutze bidea/Kalbarioak” deituriko elizkizuna egin ohi da. Herri askotan mendiko ermitaren batera bidean egin ohi dute otoitzaldia. Horietan entzunena, Ernio mendiko gailurrean egin ohi dena da.
Hamalau egonalditan, Jesusen Nekaldiko une bakoitza gogoratu ohi du kristau-elkarteak, ebanjelio-zatiak entzunez, salmoak errezatuz eta otoitzak eginez. Euskal Herrian oso zabalduak dauden bertsoak kantatu ohi dituzte egonaldi bakoitzean.
Balmasedako ikuskizuna
Izen handia hartu du Balmasedako herriak Ostiral Santuz eskaini ohi duen ikuskizunak: Jesusen nekaldia eta heriotzaren antzezpenak.
Tankera horretako antzezpenak badira beste herri eta parrokia batzuetan ere.
Jesus Maria Arrietak
2026ko Aste Santuan
- Deskargatu artxiboa (Word)
Bat egin InfoEliza-rekin albiste guztien berri izan dezazun. Bi bide dituzu:
- Hemen klik eginez: WhatsApp txat-ean sartu
- WhatsApp mezu bat bidali NAHI DUT testua idatziz 689 105 191 zenbakira