Liturgia eta espiritualitate pastoraltzarako gotzain ordezkaritza fedearen ospakizunaren zerbitzura dagoen Elizbarrutiaren saila da. Elizbarruti osoko parrokia eta elizkizun-lekuetako arduradunei eta kristau-elkarteei liturgia eta espiritualitate gaietako heziera ematea da bere zeregina, ospakizunetarako liburuak eta lagungarriak prestatzea, elizak eraberritzeko liturgi argibideak eta aholkuak ematea eta era askotako laguntza pastorala eskaintzea.

1. Sakramentu pastoraltzarako elizbarrutiko zerbitzua

Kontzilioak esan zuen bezala, liturgiak, Elizaren bizitzaren gailurra eta kristau espiritualitatearen iturburu nagusia izan behar du. Horrela izan dadin beharrezkoa da, Liturgi heziera eskaintzea, Igandeko ospakizuna zaintzea eta suspertzea lagungarriak prestatuz, otoitz eta ospakizun berezietarako materialak eskura jartzea, bai parrokien eta bai gotzaindegiko beste zerbitzuen eskabideei jarraituz. Zerbitzu honek prestatzen du “Mintzo eta Kantu” aldizkaria eta zerbitzu ezberdinek bere jardunaldietan eskaintzen dituzten lagungarriak. Parrokiek ospakizunen baterako egindako eskabideei ere erantzuten saiatzen da zerbitzu hau. Eta Gotzaina batzar-buru dela egiten diren ospakizunen ardura nagusia du.

Sail hau arduratzen da komunikabideetan eskaintzen diren Eukaristiez ere: ETBko Meza Santua (eta Egi Bidean programa) eta Euskadi Irratiko Meza Santua.

2. Liturgi liburuen itzulpen eta argitalpenen elizbarrutiko zerbitzua

Elizbarrutiko parrokia eta elizkizun-lekuetan ospakizunak egiteko behar diren liturgi liburu ofizialak euskarara itzultzea eta argitaratzea, eta beste zenbait lagungarri ere prestatzea da zerbitzu honen eginkizuna. Meza-liburua eta Irakurgaiak argitaratuta Ohikune-liburuak euskaratzeari emana dago orain. Lan hauek Euskal Herriko beste elizbarrutietako liturgia zerbitzuekin elkarlanean egiten dira.

3. Eliz kantuen elizbarrutiko zerbitzua

Liturgi ospakizunak duintasunez egiteko behar diren euskal kantu berriak eginarazi eta argitaratzea, kristau-elkarteek, eliz abesbatzek eta erlijioso-erlijiosa elkarteek eskura izan ditzaten. “Mezaren eguneroko doinuak” liburuxka berria prestatzen ari da. Esku artean du zerbitzu honek, Haurrekiko Mezetan erabiltzeko kantu sorta bat argitaratzea ere.

4. Ekumenismorako elizbarrutiko zerbitzua

Kristau guztien batasunaren alde otoitz egitea da zerbitzu honek bultzatzen duen eginkizun nagusia. Horretarako elizbarrutiko lurraldean finkatuta dauden beste kristau elizak ezagutzen eta harremana izaten saiatzen gara. Ekialdeko kristau katolikoekin (Madrilgo Artzapezpikua beraien Ordinarioa) eta kristau ortodoxoekin harremana estuagoa da, izan ere, Donostiako Elizbarrutiak hauen esku utziak ditu hainbat eraikin bere kultua ospatu ahal izan dezaten.

Albisteak