11 azaroa, 2025
|
Adineko Pertsonen Pastoraltza, Gaurkotasuna, Kleroaren Ordezkaritza
Manuel Oyarzabal Aguinagalde apaiza hil da
Donostiako Elizbarrutiak atsekabez jakinarazten du Manuel Oyarzabal Aguinagalde apaizaren heriotza. Apaiz lanetan, Sorabillako (Andoain) San Martin parrokian, bere pastoral lan nagusia bete zuen 50 urtetan zehar, buru-belarri aritu zen gertutasun eta espiritu ebanjelizatzailez.
Parrokiako lanaz gain, on Manuelek, harreman hestua izan zuen Caritas Gipuzkoaren egoitza-harrera etxearekin (Sorabilla); bertan bizi izateraino. Caritasen baliabide honek 12 plaza izan ditu, gizarte-bazterkerian geratzeko arriskuan dauden gazte helduei dago zuzendua. Bertatik, taldearekin eta komunitatearekin batera, egoiliarren emantzipazio prozesuetan oinarritutako laguntza osoa landu zuen, haien gizarteratze pertsonala eta komunitarioan indarra jarriz.

Filosofiako irakasle gisa, Filosofiaren Historia, Antropologia Filosofikoa, eta Ezagutzaren Filosofia ikasgaiak eman zituen Gasteizko Teologia fakultatean, Iruñeko elizbarrutiko seminarioan, eta Donostiako Erlijio Zientzien Goi Institutuan.
Berarekin bizitza partekatu zutenek, zera azpimarratzen dute; Filosofiaren ikasketari eskainitako denbora, bere harreman hurbil eta atsegina, bere izaera maitagarria, eta erretore gisa bere lanak ematen zion zoriontasunaren testigantza.
Hileta
On Manuelen aldeko betiko atsedeneko hileta-elizkizuna, gaur, azaroak 11, asteartea, arratsaldeko 18:00etan ospatuko da Sorabillako (Andoain) San Martin parrokian.

Elizbarrutiak, fededunak, bere arimaren alde otoitz egitera gonbidatzen ditu, eta Jainkoari eskerrak ematera anai-apaiz honen bizitza eta betebeharrengatik, gehien behar zutenei modu berezian konpainia egin eta laguntzen jakin baitzuen.
Goian bego.