Blog

Ostiral Santuko prozesioa Donostiako kaleetara itzuli da gau historiko batean

Ostiral Santuko prozesioa Donostiako kaleetara itzuli da gau historiko batean

Donostiak arratsalde benetan historikoa bizi izan zuen atzo, Ostiral Santuko prozesioa berreskuratzearekin batera. Prozesioa hiriko kaleetan barrena ibili zen berriro ere mende erdian ospatu gabe egon ondoren. Milaka pertsonek lagundu edo ikusi zuten prozesioa Gipuzkoako hiriburuan, ikusmin, errespetu eta norbere baitan bilduz.

Eguraldi kaskarreko zenbait egunen ondoren, Donostia, argitsu esnatu zen, hau da, arratsalde argi eta gau atsegina. Horri esker, adin guztietako pertsonak bertaratu ziren, hiritarrak zein Gipuzkoako hainbat tokitatik hurbildutakoak. Prozesioa martxan jarri aurretik, argi ikus zitekeen ikusmina: Artzain Onaren katedralaren ingurua eta ibilbidearen zati ezberdinak, erabat beteta ageri ziren, jendea, jakinminez prozesioaren hasieraren zain zegoen bitartean.

Katedralaren sarreran pilatutako jendetza zela eta, 20:40ak aldera atera zen prozesioa, aurreikusitako orduarekiko atzerapen txiki batekin, eta Artzain Onaren plaza, Urdaneta, Hondarribia, San Martin, Getaria, Askatasunaren hiribidea, Txurruka eta Gipuzkoa plaza zeharkatu zituen. Plazan, otoitz geltoki bat egin zuen prozesioak kale berdinetatik barrena katedralera itzuli aurretik.

Antolakuntzak aurreikusitako hurrenkeraren arabera egin zen segizioa. Gida-gurutzea eta Kofradiaren estandartea izan ziren abiatzen lehenak, eta, ondoren, hebrear jantziak zituzten haurrek eta txistulari banda irten ziren. Ostean, nazaretarrak bi lerrotan joan ziren Nazarenoaren aurretik, eta Veronicarekin batera.

Gero, gainerako nazaretarrak irten ziren, danbor joleekin, eta haurrekin batera. Hauek, Pasioko hainbat objektu zeramatzaten —arantzazko koroak, iltzeak, lantzak…— Jainko Etzanaren irudiaren aurretik. Azken zatian, Hiru Mariek eta Bakardadearen pausoak kokatu ziren; ondoren, berriz, gurutze altxatua eta kandelak. Baita akolitoak, apaizak, kofrade-talde bat, eta musika-banda.

Pausoek tinko egin zuten aurrera Donostiako kaleetan zehar; bertaratutako askoren artean emozio handia nabari zen. Fededunak, eta fededunak ez zirenak, prozesioaren solemnitateaz jantzi ziren. Fedetik urrun bizi diren baina bertan bizi izan zuten edertasunak, espiritualtasunak, solemnitateak eta misterioak irentsita zeuden pertsonen testigantza jaso zuen Elizbarrutiko Komunikazio Ordezkaritzak. Beste batzuek, aldiz, beren hirian, azkenean, Aste Santuko prozesio bat ikusi ahal izatearen poza azpimarratzen zuten, Kristoren nekaldia, heriotza eta berpizkundearen irudikapen publiko honetan kristau fedearen mamiaren adierazpen sakona, alegia.

Askorentzat, gainera, eguna fede-ekintza publikoek Ebanjelioa iragartzeko, Jesukristok eskaintzen duen salbamena munduari erakusteko, eta denei zabaltzen dien Jaungoikoaren maitasuna aldarrikatzeko duten balioa gogorarazteko abagunea izan zan.

Gaueko alderdi nabarmenetako bat hiri osoak ekitaldiaren garapenean izan zuen errespetua izan zen. Bakoitzaren sinesmenak alde batera utzirik, ezerk ez zuen asaldatu pausoen duintasuna.

Espiritualtasun eta erlijiotasun herrikoi handiko giroa bizi izan zen; ibilbidearen zati handi batean zehar, musika-banda, eta danborrak apenas entzuten ziren, gotzaina, isilpean, errosarioa errezatuz ari zen bitartean.

Kandelen argiak, Doloretako Ama Birjinaren, eta Jesusen aurpegiak argituz, giro berezi bat sortzen ere lagundu zuen, ikusezina, ikusi daitekeenaren bidez hainbati gogoraraziz.

Gipuzkoa plazan gaueko unerik esanguratsuenetako bat bizi izan zen. Bertan, otoitz-garaian, on Jon Molinak, katedraleko erretorea, Jesusen berpizkundeak kristau guztiei esaten dienaz hitz egin zuen, bai eta gaurko munduari eta gizarteari nola galdetzen dion ere. Askorentzat, berez historikoa den prozesio baten puntu gorena izan zen.

Katedralera itzultzeak bere horretan eutsi zion solemnitateari. Elizan, Jon Molina jaunak talde antolatzaileari zorionak eman ondoren, gotzainak hitza hartu, eta prozesio historiko hau aurrera ateratzea posible egin duten guztiek, azken hilabeteetan egindako lan eskerga nabarmendu nahi izan zuen. Era berean gogoratu zuen, bizi izandako guztiaren azken zentzua Jainkoa goraipatzea eta Berri Ona aldarrikatzea izan zela.

Berreskurapen honetan lan egin eta parte hartu duten guztiei beste esker on bat emanez, eta prozesioan parte hartu duten ia 500 lagunen txalo zaparrada beroaren ostean, Donostian oroimenerako geratuko den Ostiral Santua amaitu zen.

  • Argazkiak Flickren (datozen orduetan prozesioko argazki eta bideo gehiago kargatzen jarraituko dugu Elizbarrutiko sare sozialetan).

Whatsapp Bat egin InfoEliza-rekin albiste guztien berri izan dezazun. Bi bide dituzu: