Batzorde Prestatzaileak Elizbarrutiko Sinodoaren hasiera prest du
Elizbarrutiko Sinodoa Prestatzeko Batzordea, atzo, irailak 23, bildu zen Donostiako gotzaindegian. Helburua: datorren urriaren 17an Elizbarrutiko seminarioan hasiko den prozesua prestatzen jarraitzeko.
Bileran zehar, Sinodoaren irekieraren hainbat alderdi zehaztu ziren, eta elizbarrutiko bizitzaren etapa berria bideratuko diren lerroetan sakondu zen. Aldi berrian, Jainkoaren Herri osoa entzun, hausnartu, parte-hartu, erantzukidetasunean oinarrituriko modu gero eta sinodalagoa bultzatu eta sendotu nahi da.
Sinodoa, gainera, Donostiako Elizbarrutiak aspaldidanik garatzen diharduen kristau-elkarteen eraberritze prozesuaren jarraipena da. Kontua ez da, beraz, hutsetik hastea, hasitako bidean urrats berri bat ematea baizik; Elizaren zeregina guztion elkartasunetik, eta parte-hartzetik bizitzeko modu batean sakonduz.

Etengabe aldatzen ari den gizarte eta eliz errealitatearen aurrean, Sinodoak Elizbarrutiak gaur egungo eta etorkizuneko erronkei bat-eginik aurre egin ahal izateko lagungarri izan nahi du; Izpirituak, gaur, Elizari esaten dion entzunez, eta hurrengo urratsak zeintzuk izango diren elkarrekin hausnartuz.
Elizbarrutiko Eliza osatzen duten errealitate ezberdinek parte hartuko duten ibilbidea, Urriaren 17an hasiko da. Elkarrekin egoteko, elkar entzuteko eta elkarrekin ibiltzeko aukera izango da; Gipuzkoan Ebanjelioa iragartzen jarraitzeko kezkak, itxaropenak eta proposamenak partekatuz.
Hasiera honi begira beharrezkoa den guztia prest izateko, Batzordeak lanean jarraituko du datozen asteetan, eta elizbarrutiko kristau-elkartea murgildu nahi duen Sinodoaren lehenengo urratsetan aldamenean egoteko.
Bat egin InfoEliza-rekin albiste guztien berri izan dezazun. Bi bide dituzu:
- Hemen klik eginez: WhatsApp txat-ean sartu
- WhatsApp mezu bat bidali NAHI DUT testua idatziz 689 105 191 zenbakira