Bidezko merkataritza sustatzeko Gabonetako denda solidarioa martxan da
Debako parrokiako Kooperazio Taldeak urtero antolatzen duen Gabonetako denda zabalik egongo da urtarrilaren 6ra arte, egunero.
Urte sasoi honetan ohikoa den moduan, Kooperazio Taldeak bidezko merkataritza bultzatzeko denda ireki du berriro, Ostolaza eta Portu kaleak elkartzen diren izkinako lokalean kokatua.
Ateak astelehenean (abenduak 1) ireki zituen, eta Errege Eguna iritsi arte (urtarrilak 6) egunero jardungo du. Ordutegia honakoa da: astelehenetik ostiralera 17:00etatik 20:00etara; eta asteburu zein jaiegunetan 11:00etatik 14:00etara eta 17:30etik 20:00etara.

Kooperazio Taldeko arduradunek adierazi dutenez, aurtengo eskaintza “aurreko urteetakoaren antzekoa” izango da, eta “prezio egokietan”.
Besteak beste, atzerriko artisauen hainbat produktu eskuratu ahal izango dira, baita bidezko merkataritzako kooperatibetatik ekarritako txokolatea, kafea, panela eta tea ere.
“Horiez gain, jostailu hezigarriak eta Debako emakumeek egindako artisau lanak ere egongo dira salgai: mantak, jaioberrientzako arropa, bufandak, txanoak…”, azaldu dute.
Halaber, salmentek emango duten etekinaren zati bat garapen bidean dauden herrialdeetako bizi baldintzak hobetzeko erabiliko dutela iragarri dute.
Zehazki, Maliko Togo eskualdeko Saint Paul eskolan gauzatzen ari diren proiektua laguntzeko bideratuko da dirua.
Gainerako zatia Ukrainara bidaliko dute, “Txernobylgo zentral nuklearraren hondamendiak kalteturiko eremuan dagoen Orane herriko ikasleen premiei erantzuteko”.