Migratzaileak, itxaropenezko misiolariak
Joan igandean, irailak 28, Ekialdek, hau da, Antxo, Errenteria, Lezo, Oiartzun eta Pasai Donibaneko pastoralak, Migrantearen eta Errefuxiatuaren Mundu Jardunaldia antolatu zuten Errenterian, “Migranteak, itxaropenean misiolari” izenburupean. Alaitasun eta esker oneko topaketa, migratzaileek, Elizari eta gizarteari ematen dioten aberastasuna aitortu eta eskertzeko.
Parte hartzaileek Eukaristia batekin hasi zuten eguna Errenteriako Andre Mariaren Zeruratzearen parrokian; Koldo Iribarren parrokoa buru zela, alboan izan zituen Joseba, Periko eta Carlos apaizak, eta Mikel Iraundegi diakonoa. Ospakizunean elizbarruti osoko kristauek parte hartu zuten, otoitz eta anaitasun giroan, irakurketak, kantak eta eskaintzak partekatuz.
Meza amaitzean, parte-hartzaileak, herriko kaleetan barrena, eta aurretik erraldoiak zituztela, kalejiran joan ziren Tellerialde ikastetxera (klaretarrak).
Fernando Prado Ayuso monsinorea ere hurbildu zen ekitaldira, jardunaldian parte hartu, eta bertaratutakoekin solasean aritu zen. Bere parte hartzearekin, Donostiako gotzainak hurbiltasuna eta babesa adierazi zien Gipuzkoan bere bizitza eraikitzen ari direnei.
Ekitaldiaren antolatzaileek, eskuzabaltasunez hartu zituzten bertaratutakoak, oilaskodun arroz goxoa prestatuz, eta partekatuz, eta baita kafea eta pastak ere; keinu erraz zein sakona, abegi ona eta elkartasunaren adierazle.
Bazkariaren ondoren jaiak bere bidea jarraitu zuen hainbat herrialdetako musika eta dantzen eskutik, eguna kolorez eta irribarrez jantziz; Bolivia, Ekuador, Nikaragua, Honduras eta Afrikako hainbat herrialdetako dantzak ikusi ahal izan ziren.
Aldi berean, tailer kooperatiboak antolatu ziren topaketako haurrentzat, bizikidetza eta ikaskuntza sustatzeko asmoz.
Jardunaldiak gogorarazi zuen, Eliza, bidean barrena dabilen herria dela, eta migratzaileak itxaropenaren benetako misiolariak direla, hau da, gure gizartearentzat, bizitza, fedea eta aniztasunaren erakusle.
Argazki gehiago hemen