Migratzaile eta Errefuxiatuen Munduko 112. Jardunaldia Ordizian ospatu da
Goierriko herrian ospatu zen joan den irailaren 27an Migratzaile eta Errefuxiatuen Munduko Eguna, Pertsona Migratuen Pastoraltzak eta Caritas Goierrik antolatuta. «Baita txiki hauetako bakar bat ere» (Mt 18,14) lelopean. Fedearen, bizikidetzaren eta aniztasunaren aberastasunez jantzita, jatorri desberdinetako pertsonak bildu zituen jardunaldiak.
Goierriko eskualdeak, Ordizia harrera lekutzat hartuta, Migratzailearen eta Errefuxiatuaren Munduko 112. jardunaldia ospatu zuen joan zen irailaren 27an. Pertsona askok egin zuten bat fedea, kulturak eta komunitate bat eraikitzeko konpromisoa konpartitzeko asmoz. Hau da, non pertsona bakoitzak aintzakotzat hartzen den, eta inor bazterrean geratzen ez den.

Donostiako Elizbarrutiko Pertsona Migratuen Pastoraltzak, eta Goierriko Caritasek antolatu zuten jardunaldia, eta Esteban Munilla parrokoa buru zela, eta Koldo Katxo, Pedro Uranga eta Periko Pastor apaizek, Mikel Iraundegi diakono iraunkorrarekin batera ospatu zen Eukaristia.
Herrialde, kultura eta jatorri desberdinetako pertsonek gogotsu parte hartu zuten alaitasunez eta aniztasunez beteriko ospakizunean. Kantuek, keinuek eta hitzaldiek agerian utzi zuten fede beraren inguruan bildutako kristau-elkarte anitza.

Parrokiatik Ordiziako kaleetara
Eukaristiaren ostean, azokako plazara bitartean, parte hartzaileek Ordiziako kaleak zeharkatu zituzten musikaz eta kolorez betetako kalejiran.
Bertan, Ordiziako alkateak harrera egin, eta bertaratutakoei ongietorria eman zien.
Bazkari partekatua eguneko beste une azpimarragarri bat izan zen. Mahaiaren inguruan, jatorri desberdinetako pertsonen arteko elkarrizketek eta hartu-emanek jarraitu zuten, topaketaren eta bizikidetzaren balioa agerian geratuz.
Haurrak, arratsaldeko protagonistak
Egitarauan, neska-mutilentzako bereziki pentsatutako lau tailer antolatu ziren; jolas eta hezkuntza-proposamen desberdinez gozatzeko aukera izan zuten.
Jolasaren eta sormenaren bidez, txikienek, kultur aniztasuna ezagutzeko eta aberasteko gune bezala ikusteko aukera izan zuten.
Musikak eta dantzak ere leku nabarmena izan zuten. Peru, Bolivia eta Ekuadortarrek euren herrialdeko dantzen erakustaldiak eskaini zituzten.
Jai giroak DJ Txominen eskutik aurrera egin zuen; egunaren amaieraraino adin guztietako partaideak dantza eta ospakizunaren inguruan biltzea lortu zuen.

Harrera egin, entzun eta laguntzen duen Eliza
Jaiaz haratago, Migratzailearen eta Errefuxiatuaren Munduko Jardunaldiak aukera eman zuen migratzaileen eta errefuxiatuen errealitatea ikusarazteko, eta kristau-elkarteak, harrerarekin, duintasunarekin eta akonpainamenduarekin duen konpromisoa berresteko.
Egun osoan, «Baita txiki hauetako bakar bat ere», pertsona bakoitzaren balioa handia gogorarazi zuen aurtengo leloak, eta baita, arreta berezia jarri zitzaion egoera ahulenetan egon daitezkeenei.
Donostiako Elizbarrutiko Pertsona Migratuen Pastoraltzak elkarretaratzea posible egin duten pertsona eta erakundeen laguntza eskertu nahi du: parrokiak, apaizak, pastoral eragileak, boluntarioak, Caritas, Ordiziako udala, tailerren eta bazkariaren arduradunak, eta, bereziki, ospakizunean parte hartu zuten pertsona guztiak.

Ordu batzuetan zehar, Ordizia, etxe ireki eta bilgune bihurtu zen; harreran, entzutean, konpainia egitean, eta anaitasunean hazten jarraitu nahi duen Elizaren irudia.

Irudi eta mezu partekatu hau utzi zuen jardunaldiak: pertsonek elkarrekin topo egiten dutenean, mahaia partekatu eta elkarrekin egiten dute bidea, aniztasuna aberastasun bihurtzen da, eta anaitasuna errealitate gauzatzen da.
Bat egin InfoEliza-rekin albiste guztien berri izan dezazun. Bi bide dituzu:
- Hemen klik eginez: WhatsApp txat-ean sartu
- WhatsApp mezu bat bidali NAHI DUT testua idatziz 689 105 191 zenbakira