Blog

Laikoen erretiro espirituala

Laikoen erretiro espirituala

Joan den larunbatean, azaroak 23, Loiolako Gogartetxean, “Adviento: tiempo para reavivar la esperanza” izenburupean, pastoral ikasturte honetako laikoentzako lehenengo erretiroa ospatu zen. Jardunaldia Jose Javier Pardo jesuitak eman zuen, eta bertaratutakoei, Abendualdia hasi aurretik, bihotza prestatzen lagundu zien;  gure fedea eta itxaropena berritzeko deia luzatzen digun liturgia garaia.

Erretiroa, 10:00etan hasi zen Luzia Alberrok, Donostiako elizbarrutiko kantziler-idazkari nagusiak, bertaratutakoei egindako harrera bero eta ongietorri hitzen eskutik. Agurraren ondoren, Jose Javier Pardok kristau itxaropenari buruzko lehen asmo eta gakoak azpimarratu zituen; gogoetarako eta espiritua prestatzeko oinarriak.

Kafearekin atsedenalditxo bat eginez, Elizbarrutiko hainbat lekutatik etorritakoek elkar ezagutu zuten, kristau-elkarte zentzuan sakonduz.

Lehenengo otoitz saioan, hizlariak, Frantzisko Aita Santuaren “Spes non confundit”, 2025eko Jubileuaren deialdiko bulako gako batzuk nabarmendu zituen; meditazio eta otoitz pertsonalean lagungarriak izan ziren.

Bazkariaren aurreko Eukaristiaren ospakizuna, erretiroaren bihotza izan zen, Jaungoikoarekin eta anaiekin jaunartzeko unea.

Norberaren otoitzaren bigarren saioan, Jose Javierrek, kristau itxaropenean sakontzen jarraitu zuen. Otoitz garaia amaituta, bildutakoak, talde txikitan banatu ziren egunean zehar bizitakoa eta errezatua partekatzeko. Oso une aberasgarria izan zen, non bakoitzak bere sentimenduak azaldu ahal izan zituen; guztia, Izpirituari eta anaiei entzuteko giroan.

Erretiroa otoitz batekin amaitu zen.