Blog

Raimo Goyarrola, Helsinkiko gotzaina, gure Elizbarrutian bisitari

Raimo Goyarrola, Helsinkiko gotzaina, gure Elizbarrutian bisitari

Gaur, uztailak 11, eguerdian, Donostiako Artzain Onaren Katedraleko gotzain bulegoa, bategite baten gune izan da. Geografikoki elkarrengandik urrun dauden bi elizbarruti baina misiolari sentiberatasun berberaz elkartuak dauden Helsinkiko (Finlandia), gotzain Raimo Goyarrola Belda jauna, eta Fernando Prado Ayuso, Donostiako gotzain jauna, elkartu dira.

Bi gotzainak aspalditik ezagutzen dute elkar, Loiuko (Bizkaia) Andres de Urdaneta agustindarren ikastetxean ikaskide izan baitziren. Bilbon jaiotako gotzaina, Donostian igarotzen ari den udako egonaldi laburraz gozatzen ari da.

Donostiako Elizbarrutiaren lankidetza

Goyarrola gotzainak –2023ko irailean kontinenteko iparraldeeneko Eliza katolikoko artzain izendatua– Gipuzkoako hiriburua ofizialki bisitatzen duen lehen aldia bada ere, bi elizbarrutien arteko harremana eta lankidetza, gotzain izendatu eta hilabete gutxira jarri zen martxan.

Hilabeteak dira Donostiako Elizbarrutia, Donostiako Elizbarrutiko Caritasen bitartez, Caritas Helsinki sortzen eta bultzatzen laguntzen ari dela; proiektu hori posible egin ahal izateko, nazioarteko lankidetzarako laguntzaren baliabide ekonomikoak bideratu zaizkio.

“Helsinkirena bezalako komunitate katoliko oso minoritario baten bizitasunak”, sortzen duen miresmena nabarmendu du Donostiako gotzainak: “baliabide gutxirekin, testuinguru sekularizatu, kulturaniztun eta oso interkonfesionalean ebanjelizatzen baitu”.