Blog

100. urteurrena

100. urteurrena

Maiatzean, Donostiako Atotxako Frantziskotarren Elizak bere sorreraren 100. urteurrena ospatzeko jarduerak hasiko ditu, kultura, erlijio eta gizarte arloa jorratuko dituen egitarau zabal baten eskutik.

Maiatza eta urria bitartean, hitzaldiak, errezitalak, kontzertuak, bisita gidatuak eta liturgia-ospakizuna ezberdinak antolatuko dira. Ekimenak, gainera, Asisko San Frantziskoren heriotzaren 800. urteurrenarekin bat egiten du.

Gaur, lehen urratsa emango da;  Paulo Agirrebaltzategi frantziskotarrak, hitzaldia eskainiko du (19:00ean) Atotxako elizaren historiari buruz.

 

 

Historia

Gaur egungo San Frantzisko eta Santa Magdalena eliza eta komentua, Atotxako parrokia bezala ezagutzen dena, Domingo Agirrebengoa arkitektoak eraiki zuen, eta 1926ko maiatzaren 12an inauguratu zen. Hau da, gaurko egunez.

Parrokia, Egia auzoan eta hirian, hainbat hamarkadatan aitzindari izan da; komunitatea egituratzeko egin duen lana funtsezkoa izan da. Eraikina, XX. eta XXI. mendeko gertaera historiko eta sozialen lehen lerroko lekukoa izan da.

Gerra Zibilaren bonbardaketetatik, eta ondorengo tentsio politikoetatik hasi, eta Gladys del Estal bezalako hileta jendetsuetara, edo bakearen eta ekologiaren aldeko entzierroetara arte, eliza hainbat mugimendu sozial, gazte eta erlijiosoren babesleku eta agertoki izan da. Gertaera horiek erakusten dute frantziskotarrek konpromiso handia izan dutela beti auzoko errealitate sozial eta espiritualarekin.

 

Urteurrena

Urteurreneko egitarau zabalaren helburua, hiriko eliza entzutetsuenetariko baten ondare espiritual, historiko eta arkitektonikoa agerian jartzea da, eta, aldi berean, kristau elkartearen, eta herritarren parte-hartzea sustatzea.

Gaur arratsaldeko hitzaldiaren ostean, etzi, maiatzaren 14an, osteguna, Rapsodia taldeak, “Versos bajo la cruz. Palabra y Silencio” proposamen poetikoa eskainiko du organo eta soprano baten eskutik.

Ospakizunaren une nagusietako bat maiatzaren 17a, igandea, izango da. Egun horretan, Parrokia Eguna ospatuko da. Hau da, meza eta mendeurrenaren ospakizun ofiziala. Fernando Prado Ayuso Donostiako gotzain jauna buru izango den mezan, Eresmin abesbatzak kantatuko du. 14:00etan, berriz, parrokiko bazkaria ospatuko da Atotxa jatetxean (izena, parrokiko atezaintzan eman behar da).

Egitarauari jarraipena emateko, maiatzaren 23an, larunbata (11:00ean), bisita gidatua egingo da elizan. Maiatzaren 30ean, larunbata, berriz, Eskola-Gurutziaga abesbatzak kontzertua eskainiko du elizan (20:15ean).

 

Abuztuaren 2an, igandea, Donostiako Musika Hamabostaldiaren egitarauaren baitan, organo eta errezitazio kontzertua eskainiko da elizan. Atotxako Elizaren mendeurrena ospatzeaz gain, Bitoriano Gandiaga poeta frantziskotarraren heriotzaren 25. urteurrena gogoratuko da.

Mendeurreneko ekitaldiak urrian ere izango dute segida, besteak beste, Asisko San Frantziskoren irudia, eta elizaren balio arkitektonikoa ardatz dituzten hainbat jarduerarekin. Urriaren 1ean, osteguna, Asisko San Frantziskori buruzko solasaldia ospatuko da. Parte hartzaileak; Josean Ibeas, Alberto Eguia, eta Randolph Torres. Urriaren 4an, igandea, San Frantzisko egunean, meza nagusia kantatua ospatuko da Eresmin abesbatzaren eskutik.

Urriaren azken txanpan, 21ean, asteartea, Euskadiko Arkitektura Institutuak “Atotxa, mende bat betetzen duen eliza neogotikoa Egian” solasaldia antolatuko du Tabakaleran: Santos Bregaña eta Emilio Valera arkitektoen eskutik, eraikinaren balio historiko eta arkitektonikoa aztertuko da.

Jardunaldi hauekin guztiekin, Atotxako frantziskotarrek hiriarekin ehun urteko historia partekatua ospatu nahi dute, eta, parrokiak, Donostian, topagune, kultura eta espiritualtasun gune bezala duen papera berretsi nahi du.

 

Egitarau laburtua:

  • Maiatzak 12: Atotxako elizaren historiari buruzko hitzaldia.
  • Maiatzak 14: “Versos bajo la cruz. Palabra y Silencio” poesia eta musika errezitala.
  • Maiatzak 17: Parrokia Eguna eta mendeurrenaren ospakizun ofiziala.
  • Maiatzak 23: elizara bisita gidatua.
  • Maiatzak 30: eskola-Gurutziaga abesbatzaren kontzertua.
  • Abuztuak 2: Musika Hamabostaldiaren kontzertua.
  • Urriak 1: Asisko San Frantziskori buruzko solasaldia.
  • Urriak 4: Meza nagusia kantatua eta kontzertua.
  • Urriak 21: arkitekturari buruzko solasaldia Tabakaleran.

Whatsapp Bat egin InfoEliza-rekin albiste guztien berri izan dezazun. Bi bide dituzu: