Blog

On Fernandoren textua Garizumarako

On Fernandoren textua Garizumarako

Asteazkenean, otsailaren 14an, Hausterre Eguna ospatzen dugu. Ospakizun honen bidez, Garizumari hasiera ematen diogu.

Basamortuan zehar, Jainkoak askatasunera bideratzen gaitu

2024ko Garizumako Mezua

Beste urte batez Garizuma ate-joka dugu Jainkoagana itzultzeko gonbita eginez. Pazkorako berrogei eguneko prestaldia baliagarri gerta dakiguke gure bihotza Jainkoarekiko eta besteekiko sintonian jartzeko. Bihotz-berritzeko deia egiten zaigu itxurazko basamortu horretan murgiltzeko, bertan gauzekiko tartea hartu eta gure bizitza Jaunaren eta bere Hitzaren argitan hausnartzeko. Egiazko bide espiritual bat da, Ebanjelioaren poza, Jesusekin topo egiten dutenen poza, bizitzeko aukera berri bat (ik. EG, 1).

Onar dezagun Garizuma bere Hitza guri zuzentzen digun aldi berezi bezala: «Neu nauzu Jauna, zeure Jainkoa, Egiptotik, esklabotzatik, atera zintuena» (Ir 20, 2). Bihotz berritzeko aldia da, askatasun aldia. Basamortua, gure askatasunak heldutasuna iristeko gunea da, zapaltzen gaituzten hainbeste morrontzatan ez erortzea erabakiz. Ebanjelioaren argitan erabakiak hartzeko irizpide berriak aurkitzeko garai egokia da Garizuma. Zalantza gabe, Garizumaldi hau grazia eta eraberritze garaia izan daiteke, basamortua lehen-maitasunera itzultzeko gune gerta daitekeelarik (ik. Os 2, 16-17).

Azken finean, gure bihotzera, geure barne-barnera itzultzen laguntzen digu Garizumaldiak, gure bizitza Ebanjelioarekin bat etor dadin. Joan zen urteko mezuan esan nizuen moduan, «liturgialdi berezia da; baita probaldia ere, eta borroka espirituala biziko dugu Jainkoarekiko intimitatean». Borroka dezagun eta guda gaitezen bekatuaren eta gaitzaren kontra, gugan duten eraginaren kontra eta bereziki horien sorburuaren kontra. Borroka dezagun era pertsonalean nahiz gizarte-mailan zapaltzen gaituen ororen kontra. Aska gaitezen Ebanjelioaren doinua ez duen zarata guztitik.

Betiko armek —baraua, limosna eta otoitza— Garizumako beste ekintza batzuekin batera, lagundu egiten digute. Asmo horrekin, aurten ere gauza erraz eta zehatz batzuk proposatzen dizkizuet, biderako lagungarri izan ditzakegulakoan:

  1. Jainkoaren Hitza egunero entzutea. Garizumaldiko eguneroko liturgiaren irakurgaiak bidelagun izan ditzakegu. Lagungarri asko dago horretarako. Baita interneten ere. Bere hitza gehiago eta gurea gutxiago entzuteko garai ona da.
  2. Elkartasun keinu bat. Lanaldi bati dagokion diru-kopurua etxerik gabeko pertsonei laguntzeko proiektu zehatz baterako ematea. Hilean jasotzen duzuna 30engatik zatitu eta diru hori eman diezaiokezu etxerik gabeko pertsonentzat elizbarrutiak duen “Hotzaldi” proiektuari [KUTXABANK: ES04 2095 5001 0110 6264 4512 / LABORAL KUTXA: ES55 3035 0060 4906 0011 1009 / Bizum 38029 (Keinua)].
  3. Sakramentu bat. Penitentziaren edo adiskidetzearen sakramentua aukera ona izan daiteke zure kristau-bizitza berritu eta Jainkoaren barkamenaren eta errukiaren indarra bizitzeko. Garizuman zehar Sakramentu horrek zugan sortzen duen poza eta bakea aurkitzeko gonbita egiten dizut. Ez izan zalantzarik ongi aitortzeko apaiz batengana gerturatzeko. Beharbada, aspaldi egin ez duzun moduan. Era berean, zure parrokian antolatutako penitentzia ekitaldi eta ospakizunetan parte hartzeko deia luzatzen dizut.
  4. Gurutze bidea. Ohitura da kristau elkarteetan Gurutze bidea ospatu eta otoitz egitea. Ez ezazu baztertu Garizumako otoitz hori zure elkartearekin egiteko aukera. Gainera, urteroko Arantzazurako igoerak aurten otoitz eta penitentzia zentzu hori izango du. Erramu Igandearen bezperan senide-elkartea osatuz bidea egiteko deia egiten dizut, otoitz eginez eta Jesusi kalbariorako bidean lagunduz. Batasunean bidea egin nahi duen herri elkartua gara. Haur, gazte nahiz heldu, denok osatzen dugu Jaunaren Eliza. Erne egon gaitezen ekitaldi honen antolakuntzarekin eta ez dezagun albora utzi.

Jaunak eman diezagula Garizuma berrituko gaituen bizitzeko grazia, esklabotza utzi eta bidean jarriz agindutako lurraldera iristen lagun diezagun. Hori da bidetzat hartu dugun Jainkoaren ametsa. Frantzisko Aita Santuak dio Garizuma ez dela «heriotza bide mingarria, erditze bidea baizik». Piztueraren argiak betetzen du Garizumako bidea eta beti gerta daitekeen jaiotza berria iragartzen digu.

In Corde Matris,

 

+ Fernando Prado Ayuso

Donostiako Gotzaina

 

PDF-an irakurri