Blog

Atanasio Jesusen Bihotzaren beatifikazioa

Atanasio Jesusen Bihotzaren beatifikazioa

Datorren larunbatean, azaroak 7, Santanderreko katedralak, XX. mendeko 80 martiriren beatifikazioaren ekitaldia  aterpetuko du (11:00ean). Besteak beste, Atanasio Jesusen Bihotzarena (Gregorio Maria Aguiñagalde Aguirreche, 1870-1936) karmeldar gipuzkoarra. Aldareetara igoko den hirugarren errezildarra izango da.

Atanasio, 1870eko martxoaren 12an jaio zen, goizeko hamabi eta erdietan Errezilgo Ibarbia auzoko Bildain baserrian; han bertan munduratu zen XVI. mendean, Domingo Ibañez Erkizia santu martiri domingotarra.

Gregorio Maria izenekin bataiatua izan zen herriko San Martin parrokian, jaio zen egun berean. Aita, Jose Maria, arotza zen, eta Maria Josefa, Gregorio Mariaren amarekin, ezkondua zen bost egun lehenago, ezkontza ahaidetasunaren hirugarren graduko Aita Santuaren dispentsa lortu ondoren.

Jose Maria alarguna zen eta lehenengo emaztearekin hiru seme-alaba izan zituen (Jose Migel Santuru, Ana Manuela eta Maria Kontxesi).

Bigarren ezkontzatik sei haur jaio ziren eta horietan Gregorio Maria, nagusiena. Geroago jaio ziren Ignazio Maria Bartolome, Murgiako (Araba) Karmeldar Oinutsen komentuan sartu zen Joana Josefa Bibiana, Antonio Jose, Gilerma eta Sebastian Maria. Familia kristaua zen eta horren adierazgarri da seme-alabei jaio ziren eguneko santuaren izena jarri zietela.

“Apaiz karmeldarra naiz”.

Larreako nobizio-etxean sartzea eskatu zuen, eta onartua izan zen 1885eko apirilaren 17an; hamabost urte zituen. Urte berean abitua jantzi, eta Atanasio Jesusen Bihotzarena izena aukeratu zuen. Urtebete beranduago lehenengo profesa egin zuen.

Ikasten jarraitu, eta 1889eko ekainaren 30ean behin-betiko profesa egin zuen Begoñan (Bilbo), hemeretzi urte zituelarik. Familiak lagundu zion ospakizun honetan; nabaritu zuten bi urte lehenago hil zen amaren falta. Bilbon, Filosofia eta Teologia ikasi zituen. 1893an diakonu ordenatua izan zen, eta 1895eko ekainaren 8an, berriz, Ramon Fernandez de Pierola gotzainak apaiz ordenatu zuen Gasteizen (25 urte zituen).

Ordutik, askotan, eta batik bat, une erabakigarrienetan, zera esango zuen: “Apaiz karmeldarra naiz”.

Solesmesko abadian landu zuen kantu gregorianoa eta aitzindarietakoa izan zen san Pio X.ak bultzatu zuen musikaren erreforma zabaltzen karmeldar oinutsen artean.

Maiz deitzen zioten aitorpenetarako eta gogo jardunak zuzentzeko.

1899ko abuztuaren 27an Azkoitiako parrokiako Meza nagusian, sermoia, euskaraz eman zuen, herrian moja karmeldar oinutsen monasterioa sortu baitzen.

Jainkoak nahi duena

Misioetara joateko eskaera egin arren eta bakardaderako joera sentitu arren, Atanasiok idatziko zuenez “agintzen nautena betetzea, huraxe nahi du Jainkoak niregandik”. Ildo honetatik, aukeratu zuten eta onartu zuen Alesbesko (Nafarroa) komentuko priore izatea. Geroago, Santanderko elkartearen nagusi izan zen eta Larrean nobizioen maisu bitan. Hiru aldiz izan zen probintziala.

Donostiako Superiorra, probintziako definidore, probintziako bikario, Ameriketako karmeldarren bisitaria, priorearen ordezko, eta teologoen maisu Begoñan (Bilbo), eta Santanderko elkartearen Nagusia izan zen ere. Gainera, karmeldarren Konstituzioen erreformarako ordezkaria izan zen Erroman eta parte hartu zuen karmeldarren Kapitulu Orokorrean Karmel Mendian.

Laurogeita hemeretzi ardiak larrean utzirik, galduaren bila, aurkitu arte, joaten den Artzain Onaren antzera (Lk 15, 1-7), Atanasio, bereziki adeitsua zen pertsona menderakaitzekin. Esan zuenez, “Arima bat salbatzeko munduaren amaieraraino joango nintzateke.”

Haren mandatuak emankorrak izan ziren fundazioetan, bokazioetan eta eraikinetan, hala nola Donostia eta Santanderko elizak eta komentuak.

Debozioz ospatzen zuen Eukaristiarenganako maitasuna, eta Ama Birjinarenganako debozioa zuen.

Karmeldarren jenerala izan zen Jesusen Bihotzaren (Imaz Bilbao) Ezequiel apaizaren laguna, zuzendari eta zuzendari espirituala izan zen.

1936ko ekainaren 26an, bere profesa erlijiosoaren urrezko ezteiak ospatu zituen. Begoñako ikasleei zera esan zien: “Grazia handia litzateke niretzat martiri hiltzea”.

Santanderko elkartearen priorearen ordezko zelarik, Kolonbiara joatekotan zegoela, bisitari probintzial gisa, Gerra Zibila lehertu zen. Debekatu egin zioten Kolonbiara joatea, eta abuztuaren 13an komentutik kaleratuak izan ziren karmeldarrak, eta anaiak etxeetara joan ziren. Atanasio, Aldasoro familiaren etxean hartu zuten.

Azaroaren 17an atxilotu egin zuten eta ziegan bi egun eman zituen. Kartzelan, Ruperto anai karmeldarra zegoen; handik ordu batzuetara martirizatu zuten anaia; Atanasio askatu egin zuten, eta egunero meza ematen zuen Aldasorotarren etxera itzuli zen.

Azken eskutitza

1936ko Eguberri egunean, moja eta alaba espirituala zen Jesusari azkeneko eskutitza idatzi zion. Bertan, besteak beste, eskatzen zion egunero egiteko otoitz hau: “Jesus, bihotz apal eta umila, izan bedi nire bihotza zurea bezalakoa”.

Karta honetan agerian jartzen zen berriro ere Atanasioren izaera zintzoa eta bakezalea, baita arimak salbatzeko zuen grina ere.

Martirioa 

Nahiz eta Eusko Jaurlaritzak ibilgailu berezia bidali zion Atanasiori Bilbora eramateko, eta jazarpen erlijiosoa ekidin ahal izateko, karmeldarrak ez zuen aukera hori erabili nahi izan.

1936ko abenduaren 27an, igandea, 13:00etan, Burgostik irten ziren 18 hegazkin naziek, Santanderko bizilagunak bonbardatu zituzten: erasoaren ondorioz 60 pertsona baino gehiago hil ziren, besteak beste, emakumeak eta haurrak, eta zaurituak, berriz, dozenaka pertsona.

Horren ondorioz, beste biolentzia itsu bat jarri zen martxan. Biharamunean, gaueko hamarretan, polizia, Aldasorotarren etxean sartu zen Maria Luisaren bila. Aurkitu ez zutenez, haren ahizpa, Kontxa Aldasoro atxilotu zuten. Une horretan, Atanasiok esan zuen oker zeudela eta preso zeramatena ez zela Maria Luisa. Kontxa askatzea nahi zuen. Orduan, galdetu zioten Atanasiori –Eta, zu nor zara?– Eta berak zera erantzun zuen: erlijioso karmeldarra naiz.

Sol kaleko komisaldegira eraman zuten, Neila txekara. Bertan, erlijiosoak torturatzen zituzten fedeari uko egin ziezaioten. Apostatatzen ez zutenak hil egiten zituzten. Bi egun preso igaro ondoren, 1936ko abenduaren 30ean, Atanasio hil zuten itxasora boteaz. Era honetara, Jainkoarenganako eta lagun hurkoarenganako maitasunean leial izan zen amaieraraino; 66 urte zituen.

Atanasioren kanonizazio-prozesua: 2016an hasi zen, elizbarrutiko fasea 2018an amaitu zen, eta 2021ean, Vatikanoan, “Positio”-aren inguruko lanean aritu ziren. Atanasionaz gain, beste 79 martirien santutasuna ikertzen dira da aipaturiko prozesuan.

2026ko maiatzaren 22an, Santanderreko elizbarrutian 1936 eta 1937 artean fedearen aurkako gorrotoagatik eraildako 80 pertsonen martirioa aitortzen duen Dekretua onartu zuen Leon XIV.a Aita Santuak.

Jesusen Bihotzaren aita Atanasioren beatifikazioa datorren larunbatean, azaroak 7, ospatuko da Santanderreko katedralean (11:00ean). Fernando Prado Ayusok, Donostiako gotzaina, beatifikazio ekitaldian parte hartuko du.

Idatziaren egileak: Joxe Mari Azcoaga Lasheras eta Ignacio Maria Azcoaga Bengoechea.

Whatsapp Bat egin InfoEliza-rekin albiste guztien berri izan dezazun. Bi bide dituzu: