Donostiako Elizbarrutiko boluntarioentzat pertsona ardatz duen arretari buruzko formazioa
Joan zen larunbatean, martxoaren 2an, Osasun Pastoraltzarekin eta adinekoen egoitzetako arreta erlijiosoarekin lotura duten berrogeita hamar bat lagunek, Pertsonan Oinarritutako Arreta (POA) ereduari buruzko formazio jardunaldi batean parte hartu zuten Seminarioan. Adinekoen bizi-kalitatea eta duintasunarekiko errespetua, ikuspegi etiko eta kristau batetik nola hobetu, hausnartzea eta esperientziak partekatzea izan zen ekimenaren helburua.
Hasierako otoitz-gogoetaren ondoren, Ainhoa Arrillaga, Matia Fundazioko boluntarioen eta Matia Zaleaken arduradunaren eskutik, POA ereduaren aurkezpenarekin hasi zen jardunaldia. Eredu honek ikuspegi holistiko bat proposatzen du, pertsona bakoitzaren berezitasuna, nahiak, beharrak, lehentasunak eta balioak aitortzen dituena, eta parte-hartze aktiboaz gain, baita, ahal den neurrian, autonomia sustatzen du.
Goizean zehar, POA ereduarekin lotutako hainbat alderdi jorratu ziren, hala nola, adinkeria, adinari lotutako estereotipoak, duintasunaren balioa pertsona guztiengan, gure zahartzaroari begirada bat, eta enpatia bestearen lekuan jartzeko tresna gisa. Horretarako, hainbat metodologia aktibo eta parte-hartzaile erabili ziren, adibidez, talde-lana, hausnarketa pertsonala, bideo bat ikustea eta poema bat irakurtzea.
Jardunaldia oso aberasgarria izan zen, eta adinekoak errespetuz, maitasunez eta profesionaltasunez tratatzearen garrantziaz jabetzeko balio izan zuen, baita, arlo honetan prestatzen eta eguneratzen jarraitzeko beharraz jabetzeko ere. Era berean, Osasun Pastoraltzako eta ezgaitasunaren munduko (Anaidia-Frater, ospitaleak, parrokiak eta egoitza geriatrikoak) errealitate ezberdinetatik zetozen partaideen arteko harremanak estutzeko aukera izan zen.
Osasun Pastoraltzak eskerrak eman nahi dizkie jardunaldira hurbildu ziren pertsona guztiei, baita jardunaldia antolatu eta irakasten aritu zirenei ere, adineko pertsonen mesedetan, euren jakinmina, inplikazioa eta testigantzagatik. Formazio hau, hain baliotsua eta maitatua den kolektibo honi, Elizatik eskaintzen zaion arreta eta laguntza hobetzeko baliagarria izatea espero da.