Blog

Artzain Onaren katedraleko Ordularia

Artzain Onaren katedraleko Ordularia

Urtetan isilik eta geldirik egon ostean, orain badabil. Eta nola gainera! Erabat gaztetuta itzuli da berriz ere Artzain Ona katedralera. Herdoilak janda egotetik, orain, arrunt dotore dago. Xabier Álvarez Yereguik, eta bere laguntzaile koadrila finarekin batera -Begoña Arruti, Juan Mari Elosua, Tomas Bergara, eta Urtzi, iloba- lan bikaina egin du. A, eta prozesu guztian zehar, bere birraitona -Benito Yeregui Goldaracena- oso gogoan izan du.

Xabierren hitzetan “lan berezia” izan da oso. Ordularia, Frantziako Morez herrixkan egin bazuten ere, Xabierren birraitonak, 1897an, jarri zuen martxan. Orain, berriz, erabat zaharberritua dago Artzain Ona katedraleko ordularia.

Prozesuaren lehen urratsak Koldo Apesteguirekin -Artzain Onaren katedraleko parroko eta deana (2011-2023)- egin zituen Xabierrek. Dorrean ikusi zuten lehen aldiz ordularia; “herdoilak jota eta abandonatua zegoen”, dio Xabierrek. Orduan hasi zen guztia.

Ez zen nolanahiko konpromezua izan Xabierrek une hartan hartu zuena; ordularia jaitsi, zaharberritu eta berriz katedralera ekartzea, alegia. Zorionez “ordularia guztiz desmuntatu, eta aldaketa handirik gabe, martxan jartzea posible zela ikusi genuen”, dio. Emandako hitza bete du Xabierrek; 40 urtetan geldirik egondako ordularia, martxan dago berriz ere.

Orain ordularia erabat osasuntsu dago. Xabierrek gogorarazten duen bezala, ez da nolanahiko erlojua gainera: “garai hartarako, onena edo onentsuena zen”. Horren erakusle da, “1949an ordulariaren mantenua egiten zuenak, ‘doitasun handiko pendulua’ gisa definitu zuela”.

“Niretzako makina eder bat da”, azpimarratzen du ordularia martxan jartzeko “ordu batzuk…” sartu dituen Xabierrek. Buruhausteak ere izan dituela aitortzen du baina dena hitz batean laburbiltzen du: “plazera”.

Donostiako Artzain Ona katedraleko ordularia gertuagotik ezagutu nahi duzu? Beheko bideoan xehetasun guztiak topatuko dituzu.