Blog

El Escorialek Mariaren Bihotza aterpetuko du

El Escorialek Mariaren Bihotza aterpetuko du

Mariaren Bihotza, Donostiako Artzain Onaren katedraleko abesbatza, oso bidaia berezia prestatzen ari da. Fernando Prado Ayuso gotzainak lagundurik, datorren asteburuan meditaziozko kontzertua eskainiko du El Escorialeko Errege-Monasterioan.

Ondare Nazionalak antolatutako, Musika Erlijiosoaren Ziklo ospetsuaren baitan ospatuko den kontzertu interesgarria.

Mariaren Bihotzak, kontzertuan zehar, Aita Donostia, Jesus Guridi… bezalako musikagile euskaldunen  lanak eskainiko ditu. Kontzertura bertaratzen direnak, Luis Iruarrizaga edo Vicente Goikoetxea bezalako euskal konpositore hain ezagunak ez direnen lanekin ere gozatzeko aukera izango dute.

Kontzertu honek, gogoeta egiteko, izaera meditatzailea du, eta bere ardatza, San Antonio Maria Claretek bere Autobiografiaren 233. zenbakian jasotzen duen “Otoitz apostolikoa” da. Otoitz honek lau pauso proposatzen dizkigu: Jainkoa ezagutu, maitatu, zerbitzatu eta laudatzea, guztia, mugimendu bikoitz, pertsonal eta komunitario batean.

Kontzertuaren une ezberdinetan zehar, Fernando Prado Ayuso gotzainak zenbait testu gogoetatsu irakurriko ditu, musika-lan ezberdinekin tartekatuz.

Deustuko Unibertsitatean (Bilbo) teologian eta Comillaseko Unibertsitatean (Madril) teologia moralean lizentziatua den Aitor Kamiruaga Mieza apaiz klaretarrak, kontzertuan zehar gogoeta egitera gonbidatzen duten testuen egilea da. Guztia musikarekin batera entzun ahal izango da.

Kontzertua, Alain Ayerdi Gurpeguik, Mariaren Bihotzako egungo zuzendaria, zuzenduko du, eta Ana Otxoa soprano bakarlariak, eta Gerardo Rifon organistak ere parte hartuko dute.

Kontzertua, Ondare Nazionalak antolatutako Musika Erlijiosoaren zikloaren barruan, ekainaren 6an, larunbata, 21:00etan, El Escorialeko Errege Monasterioaren basilikan ospatuko da.