Blog

Gizaki izatea Adimen Artifizialaren aroan: Ricardo Alberdi Gizarte Astea

Gizaki izatea Adimen Artifizialaren aroan: Ricardo Alberdi Gizarte Astea

Hiru urtez antolatu gabe egon ondoren, Donostiako Elizbarrutiak Ricardo Alberdi Gizarte Astea berreskuratuko du.

Azaroaren 25etik 27ra (18:00etatik 20:00etara), Urumea aretoan (Frantzia hiribidea 12, Donostia) hiru jardunalditan zehar, Adimen Artifizialak (AA) giza duintasunari eta gure gizarteari mahaigaineratzen dizkien erronkei buruz hausnartuko da.

Leon XIV.a aita santuak argitaraturiko Magnifica humanitas entziklikak, Adimen Artifizialaren aroan pertsonaren duintasuna ardatz duenak, aurtengo edizioaren gaia iradoki du: «Gizaki izatea Adimen Artifizialaren aroan».

Adimen artifiziala gure lan egiteko, harremanak izateko eta mundua ulertzeko moduak eraldatzen ari da. Aukera handiak eskaintzen ditu, baina galdera garrantzitsuak ere sortzen ditu: benetan, pertsonen zerbitzura al dago? Zer arrisku dakartza gure askatasun eta bizikidetzarako? Zerk egiten gaitu gizakiok ordezkaezin?

Elizaren Doktrina Sozialaren ikuspegitik, Ricardo Alberdi Gizarte Asteak gai horiei buruz hausnartzeko eta elkarrizketan aritzeko gune irekia eskaini nahi du.

Hiru jardunaldi gure etorkizunaz hausnartzeko

Egitarauak hiru saio izango ditu:

  • Azaroaren 25ean, asteazkena. «Gizakiaren handitasuna: Magnifica humanitas irakurtzeko gakoak». Hizlaria: Gaspar Martínez Fernández de Larrinoa (Bilboko Elizbarrutiko apaiza).
  • Azaroaren 26an, osteguna. «Adimen Artifiziala bereizmenaren argitan: aukerak, alborapenak eta menderatze-modu berriak». Hizlariak: Lorena Fernández Álvarez (Deustuko Unibertsitateko Komunikazio Digitaleko zuzendaria), María Nely Vásquez Pérez (Deustuko eta Gasteizko Teologia irakaslea) eta Imanol Zubero Beaskoetxea (EHUko irakaslea).
  • Azaroaren 27an, ostirala. «Zerk egiten gaitu ordezkaezin? Giza adimena eta Adimen Artifiziala aurrez aurre». Hizlaria: Francesc Torralba Roselló (filosofoa eta teologoa).

Elizaren Doktrina Sozialean sakontzeko gonbita

Azaroaren 4ko audientzia orokorrean, Leon XIV.a aita santuak kristauek gizartean, ekonomian eta politikan duten konpromisoaren garrantzia gogorarazteaz bat, honako gonbita egin zuen:

«Gazteak animatzen ditut arlo horietan testigantza ona eman zuten gizon-emakumeen eredua jarraitzeko. Eta kristau-elkarteei berriro dei egiten diet Elizaren Doktrina Sozialari buruzko prestakuntza susta dezaten».

Ricardo Alberdi, zalantzarik gabe, lekuko handi horietako bat da. Haren izena daraman Gizarte Astea berreskuratzea, Aita Santuaren gonbitari erantzuteko modu bat ere bada: Elizaren doktrina sozialean sakontzea eta gure garaiko erronkei fedetik begirada kritikoa eskaintzea, gizarte gizatiarrago, justuago eta senideartekoago baten alde.

Whatsapp Bat egin InfoEliza-rekin albiste guztien berri izan dezazun. Bi bide dituzu: