“Harengan gure itxaropena”: eraberritzeko deia eta misioa Gipuzkoan
2025eko Jubileu Urtearen baitan, Donostiako Gotzaina, Fernando Prado Ayuso monsinoreak, bere bigarren pastoral gutuna argitaratu du, Harengan gure itxaropena izenburupean. Idatziak, Gipuzkoako fededunak dohain, eraberritze eta misio garai bat bizitzera animatu nahi ditu, mundu-mailako Jubileuarekin, eta elizbarrutiaren 75. urteurrenarekin bat eginez.
Itxaropen-mezua aldaketa-garaietan
Pastoral Gutuna Abendualdian aurkezten da, kristau itxaropenerako esanahiz beteriko liturgia garaia. Bertute teologiko honek giza baikortasuna gainditzen duela gogorarazten du Prado monsinoreak, Jainkoaren maitasunaren ziurtasunarekin bat eginez. Pastorala gutunak egungo erronkei konfiantzaz aurre egiteko deia luzatzen du, bai globalak, krisi ekonomikoa edo migrazio-fluxuak bezala, edo bai tokian-tokikoak, sekularizazioa eta gazteen zaurgarritasuna kasu.
“Bai, Itxaropenean erromes gara. Jainkoak emandako dohaina dugu Itxaropena; horri esker aurre egin diezaiokegu bizitzari konfiantzaz, eta bake onean ibil gaitezke helmuga handi horretarantz: Erreinurantz. Geure burua Jainkoaren eskuetan jarriz –horiexek ditugu gure bizitza pausatzeko eskurik hoberenak– etorkizunerantz abiatzen gara, beti lauso arteko bideak dituen etorkizunerantz, baina, atsekabeak eta atseginak dituzten bideak izanik ere, helmuga zein den ziur dakigularik (1. zenbakia, 3. orria).
Guztiontzako Jubileua
2025eko Jubileu Urtea, “Itxaropenaren Erromes” lelopean, ospakizun bikoitza izango da Gipuzkoako Elizarentzat. Mundu-mailako Jubileuaz gain, elizbarrutiak bere 75. urteurrena ospatuko du. Prado monsinoreak azpimarratu du, aldiberekotasun hau, aukera paregabea dela jaunartzea indartu eta fedea berritzeko. Jarduera nabarmenen artean, Artzain Onaren Katedralean, Arantzazun, Loiolan eta Martuteneko kartzelan Ate Santuak irekitzea, eta José Tolentino de Mendonça Kultura eta Hezkuntzarako Dicasterioko prefektua eta monsinorearen bisita, gertaera aipagarriak dira. José Tolentino de Mendonça, gure elizbarrutiko Jubileua era ospetsuan inauguratzera etorriko da.
Elizbarrutiko Jubileuaren inaugurazioa eta Katedraleko Ate Santuaren irekiera, 2025eko urtarrilaren 6an ospatuko da, Epifaniaren Gorentasunean, arratsaldeko 7etan ospatuko den Eukaristian. Arantzazuko santutegiko Ate Santua, urtarrilaren 19an zabalduko da, eta Loiolako santutegikoa berriz, hilaren 26an. Gotzainak biziki gonbidatzen gaitu ekitaldi hauetan guztietan parte hartzera eta hemendik aurrera “Itxaropenaren erromes” bezala, martxan jartzera (25 zenbakia, 8. orria.).
Elizbarrutiko begirada: erronkak eta aukerak
Eskutitzak Gipuzkoako elizaren egoeraren balorazioa egiten du, indarguneak eta ahuleziak nabarmenduz, eta entzute eta ulermen lanean jarraitzeko beharra azpimarratuz. Gotzainak fededunen konpromisoa, aberastasun espirituala eta Elizaren ekintza soziala azpimarratzen ditu. Era berean, bokazioen murrizketa, kristau-elkarteen zahartzea eta migratzaileen erabateko integrazio eza gainditzeko premia ere aipatzen ditu.
“Gure analisietan agerian jarri dira Itxaropena izateko arrazoiak, azaltzen diren eta beheraka bultza gaitzaketen ahultasunen gainetik. Bizi eta Itxaropen zantzuak sendoak dira eta aurrerantz eragin diezagukete, ezkortasuna gaindituz. «Zapuztaileak» eta «zoritxar-igarleak» aspaldidanik ari dira huts egiten. Guk, apalki, baina Itxaropen sendoz, uste on osoa dugu Jaunak hazarazten dituela gauzak, parabolako haziaren antzera (ik. Mk 4, 31-32). Fedea eta Ebanjelioa ditugu geure indarrik handiena. Beti berria den iturri horretan edaten du gure Itxaropenak” (53. zenbakia, 15. orria).
Bihotz berritze pastorala eta etorkizuneko ametsak
Prado monsinoreak lau ardatzetan oinarritutako ibilbide-orria mahaigaineratzen du: espiritualtasuna, fedearen transmisioa, sinodalitatea eta lurralde-berrantolaketa. “Gauzatu daitezkeen ametsak” ere partekatzen ditu, hala nola, hezkuntza katolikoa indartzea; bokazio berrien sorrera; espiritualtasunaren lan etengabea, sakona eta naturala; emakumearen sustapena eta ahulenen zaintza.
“Zuekin amestu eta, ahal bada, gure elizbarrutian etorkizun hurbilean pixka bat gehiago bultzatzea gustatuko litzaidakeen kontuak dira. Elkarrekin amestea, estimulagarria izan eta gure konpromisoa eragin nahi duen gogoeta ariketa da. Eskatuko nizueke bakoitzak, bere mailan eta bere arduran, dagokiona bere aldetik jartzea, errealismoz eta Itxaropenez”. (98. zenbakia, 27. orria).
Batasun eta misio mezua
Gotzainak itxaropen gogotsurako dei batekin zabaltzen du eskutitza: Gure elizbarrutia, bere mugak eta ahultasunak dituen arren, «orkestra sinfonikoa» bezalako zerbait da, miresgarria eta bizia. Jaunak nahi duen batasunerako eta elkartasunerako deia (Jn 17, 21) gero eta egiazkoagoa da gure artean” (11. zenbakia, 5. orria), eta fededun guztiak gonbidatzen ditu Jubileuan “itxaropenaren erromes” gisa parte hartzera, eta Eliza berritu baten alde elkarrekin lan egitera, garaiko zeinuei erantzuteko gai izango dena.
“Elkarrekin amesteari ez uzteko gonbita egiten dizuet, txikien berezko umiltasunarekin. Ez diezaiogun utzi haziaren indarrean konfiantza izateari” (128. zenbakia, 35. orria).
“Utzidazue gogorarazten badakizuen zerbait: egunsentiaren aurretik, ilunabarra eta gau gutxi-asko luzea daude. Hodeiek eguzkia ezkuta dezakete, baina ezin dute eguzkia desagerrarazi. Eguzkiarentzat ez da inoiz gaurik izaten. Neguak udaberria darama bere bihotzean, haziak zuhaitza, arraultzak bere barnean arranoa bere hegaldi handientsuekin. Solemnitate guztia gauez hasten da, lehen bezperekin. Jainkoa gauaren isiltasunean etorri zen gugana eta gizon egin zen Jesu Kristogan (129. zenbakia, 36. orria).
- Deskargatu: Harengan gure itxaropena / En Él, nuestra esperanza