Gotzainaren mezua 2025eko Garizumarako
Anai-arrebok, Kristogan maiteok:
Bekokian errautsa hartuz ekiten diogu berriz ere Garizumako ibilaldiari. Jainkoaren onginahi-garaia dugu, Kristok bekatua eta heriotza menderatu zituela ospatzeko prestatu behar dugun garaia.
Urte berezia dugu aurtengoa Donostiako gure elizbarrutian; alde batetik, Eliza osoaren batean, Jubileu-urtea dugu eta, bestetik, gure elizbarrutia eratu zutela 75 urte betetzen dira. Aukera oso egokia dugu, beraz, hau geure kristau-bizitza indarberritzeko eta geure sinesmenean sakontzeko
Frantzisko Aita Santuak Garizumarako idatzi duen mezua gogoan dugularik, garai hau guretzat konbertsiorako bide izatea nahi genuke, erosokeria astintzeko eta bekatuarekiko loturak eteteko. Hitzemandako lurraldearen bila, Israel herria basamortuan barna ibili zen bezala, gu ere Pazkorantz ibilaldia bihotza berriturik egitera deituak gara, Ebanjelioa benetan bizitzeko oztopo dugun guztia atzean utziz. Galdegin diezaiogun geure buruari: egiaz bidean aurrera egiten ari naiz ala nire fede-bizitza geldi dago? Aurrera egitea eragozten didaten jarrera, beldur edota jokaeretatik libratu beharrean al nago? Jaunak uki gaitzan uzteko garaia dugu Garizuma, eta konbertsiorako pauso zehatzak emateko garaia. Eliz elkartea bat eginik ibiltzera, sinodaltasuna bizitzera, deitua dela oroitarazten ditu Aita Santuak. Elizbarrutiko kideok elkarte garenez, gure arteko senide-loturak indartzera gonbidatzen gaitu Jubileuak, eta bat eginik dagoen Eliz elkartea gareneko poza, familia bakarra gareneko poza berreskuratzera.
Konbertsioa nork berak ez ezik, elkarte osoak ere egin behar du. Gure elizbarrutian nola goaz elkarturik? Ba al dakigu elkarri entzuten, senidea onartzen, Jainkoaren maitasuna agerian jarriko duen elkartea eraikitzen? Garai egokia dugu hau senitartearekin dugun konpromisoa berritzeko eta Eliz elkartearen bizitzan parte hartzea bizkortzeko.
Jubileu orokorraren goiburuak «Itxaropenean erromes» izatera gonbidatzen gaitu. Itxaropen-garaia dugu Garizuma, Kristo piztuarekin bat egin ahal izatea prestatzeko garaia delako. Frantzisko Aita Santuak oroitarazten digunez, gure itxaropena ez da hutsala, oinarria honako ziurtasun hau baitu: Jaunak heriotza menderatu dueneko eta betiko bizia eskaintzen diguneko ziurtasuna. Itxaropenak, ordea, konpromiso bihurtu behar du. Karitatea, justizia, solidaritatea nola bizi dugun galdetzen digu. Itxaropenaren testigu al naiz heure ingurukoentzat? Laguntzen al diet neure ingurukoei beren bizitzan Kristoren argia ikusten? Fedea besteengana irekirik bizitzeko deia entzungo dugu Garizuman, batez ere, sufritzen ari direnengana irekirik.
Garizumako bidean Ama Birjina, Itxaropenaren Ama, dugu bidelagun. Jaunarengan konfiantza osoa jartzen erakusten digu, eta sinesmenean tinko irauten, baita ilunaldietan ere. Elizbarrutiko eliztar maiteok, bizi dezagula aurtengo Garizuma bihotza zabalik dugula, Jainkoaren maitasunak eralda gaitzan. Egin dezagun aurrera elkarrekin Pazkorantz, Jaunak eraberrituko gaituela sinetsirik eta munduan beraren argiaren testigu izatera deitzen gaituela.
In Corde Matris,
Donostian, 2025eko martxoaren 5ean
Hausterre eguna
+ Fernando Prado Ayuso, CMF
Donostiako Gotzaina
Deskargatu PDF-an