Gotzainaren gutuna Aita Santuaren osasunaren inguruan
Donostia, 2026ko urriaren 13
Kristogan anai-arreba maiteok:
Denok dakizuen bezala, Leon XIV.a aita santua ospitalera joan da gaur, ebakuntza bat egiteko; horren ondorioz, egun batzuez ospitaleratuta eta osatzen egon beharko du. Aita Santuak gure otoitzez laguntzeko eskatu digu, eta, Elizbarruti bezala eskaera honi maitasunez, hurbiltasunez eta itxaropenez erantzun nahi diogu.
Pedroren ondorengoarekiko gure elkartasuna Eliza unibertsaleko kide izatearen adierazpena ere bada. Aita Santuaren pertsonan, Jaunak Pedrori fedeari eusteko eta bere Eliza elkartuta mantentzeko konfiantzaz emandako ministeritza ikusten dugu. Gaur elkartasun hori bereziki ikusgarri egin nahi dugu, Aita Santuari gaixoaldi une hauetan lagunduz eta haren osasuna Jainkoaren zaintza maitagarriaren esku utziz.
Hain zuzen ere, tradizioz Arrosario Santuari eskainia dagoen urriko hilabete honetan, Leon XIV.a aita santuak modu berezian bakearen alde errezatzera gonbidatu gaitu, gerrak amaitu daitezen eta herrien artean elkarrizketa nahiz adiskidetze bideak ireki daitezen. Euts diezaiogun beraren eskaera honi, une hauetan esanahi berezia hartzen baitu.
Horregatik, gure elizbarrutiko parrokia, erlijioso eta erlijiosa elkarte, mugimendu eta fededun guztiei dei egiten dizuet eguneroko Arrosario Santuaren errezatzean Aita Santuaren osasunaren aldeko asmoa gehituz eskaintzeko, munduko bakearen dohaina eskatzeko asmoari eutsiz. Mantendu ditzagun elkartuta bi asmo hauek haren osatze-aldiak irauten duen bitartean.
Modu berezian, gure Artzain Ona katedralean egunero 18:30ean errezatzen den Arrosario Santua, 19:00etako Meza baino lehen, bi asmo hauen alde eskainiko da. Otoitz honetan parte hartzera animatzen zaituztet, dela bertaratuz, dela zuen etxeetatik, gure elizbarrutiko Eliza osoa Jaunari egindako eskaera berberean elkar dadin.
Aita Santua Maria Birjina Guztiz Santuaren, eskuetan uzten dugu, bera da Elizaren Ama eta Gaixoen Osasuna. Berak lagun diezaiola haren osatze-bidean, eta lagun diezagula guztioi gure munduak hainbeste behar duen bakearen tresna izaten.
Nire maitasun eta bedeinkapenarekin. In Corde Matris.
Fernando Prado Ayuso, CMF
- Gutuna: PDF
Bat egin InfoEliza-rekin albiste guztien berri izan dezazun. Bi bide dituzu:
- Hemen klik eginez: WhatsApp txat-ean sartu
- WhatsApp mezu bat bidali NAHI DUT testua idatziz 689 105 191 zenbakira