Blog

Esmalteen Gurutze-bide baten erakusketa Junkaleko Santa Marian, Elizbarrutiaren 75. urteurrena ospatzeko

Esmalteen Gurutze-bide baten erakusketa Junkaleko Santa Marian, Elizbarrutiaren 75. urteurrena ospatzeko

Junkaleko Andre Maria parrokiak (Irun) Limogeseko esmalteen bilduma erakusten duen erakusketa inauguratu zuen ostiralean, martxoak 7. Gurutze-bideko egonaldiak irudikatzen dituzten pintatutako esmaltearen teknika zehatzarekin egindako 14 piezak, XIX. mendearen erdialdekoak dira.

Margolan txiki hauek, 1955ean, Junkaleko Ama Birjinaren gelatxoko kapera apaintzeko oparitu zizkion Maria Gal Garayaldek, parrokiari;aurretik, emailearen senar Aquilino Rodriguezen jauregian egon ziren. Eraikina Gerra Zibilean erre zuten arren, esmalteak oso-osorik berreskuratu zituzten.

Erakusketa hau, Donostiako Elizbarrutiaren 75. urteurrena ospatzeko, datozen hilabeteetan Junkaleko Santa Maria parrokiako korupea hartuko duten erakusketa sorta baten lehena da. Aipaturiko urteurrenaren baitan, José Tolentino de Mendoça kardinalak, Vatikanoko Kulturaren Dicasterioa delakoaren prefektuak, hitzaldi bat eman zuen Donostian.

Bertan, kardinalak, Eliza kezkatuta dagoela esan zuen, Europako gizartean, erlijio kristauaren inguruan zabaltzen ari den ezjakintasunagatik, eta ondare artistikoa ulertzeko gaitasunik ezagatik, batez ere gazteak, eta ondorioz, herentzia kulturalaren jabe egin ezin direlako. Horregatik, garai honetan, Eliza eta beste erakunde batzuekin bat egitera deitu zuen, ondare kulturala helarazi ahal izateko, ez bakarrik ondarea zaintzeko, baizik eta, gaur egun, bizirik mantentzeko.

Mendoça kardinalaren ideia horrek egituratzen ditu Junkaleko Andre Maria parrokiak antolatuko dituen erakusketak. Bertan, ondare artistiko aberatsaren bidez, kultura kristauaren hainbat alderdi aletzen joango dira, liturgia-garaiekin batera. Garizumarekin bat datorren lehen erakusketa honetan, Gurutze-bideari buruz meditatzeko gonbita luzatzen da. Lehen kristauek Kristoren nekaldiaren lekuetara egindako bisitatik sortu zen debozio hau Jerusalemen, eta mundu osoan zabaldu zen, Eliza guztietan egonaldiak irudikatzen zituzten koadroak ipintzean.

Hurrengo erakusketa Aste Santuko pasoena izango da. Jarraian, Pazkoari buruzko erakusketa bat egingo da, eta, ondoren, 1912an egin ziren parrokiako gangak berreraikitzeko lanei buruzko beste bat.

Esmalteen erakusketa elizaren ohiko ordutegian bisitatu daiteke: astelehenetik larunbatera 10:00etatik 12:30era, eta 16:30etik 20:00etara. Igandeetan, berriz, 09:00etatik 13:30etara.