Blog

Katekisten Jubileua

Katekisten Jubileua

“Itxaropenean Erromes” lelopean, irailaren 16tik 29ra, Katekisten Jubileua ospatu zuten Erroman gure elizbarrutiko parrokia ezberdinetako hamasei katekistek: besteak beste, Donostiako Artzain Ona eta San Inazio, Hondarribia, Legazpi, Ormaiztegi eta Zumarragakoak.

Gure katekistek, Jubileu honetarako prestatutako ekitaldietan biziki parte hartu zuten. Ostiralean, irailak 26, Espainiako elizbarruti ezberdinetako katekista taldeekin bat egin zuten San Giovanni dei Fiorentini Erromako basilikan. Bertan, Espainiako Artzapezpiku Batzarrean katekumenotzako arduraduna duen Francisco Julian Romerok, harrera egin zien. Bertan, on Mikel Garciandia Goñik, Palentziako gotzain, eta Aralarko San Migel santutegiko apaiza izan zenak, katekistei, gaur egungo dituzten erronken inguruan, hitz batzuk luzatu zizkien.

Ondoren denak, elkarrekin, otoitz giroan, San Pedro basilikara hurbildu zinen prozesioan, eta han, Ate Santutik barrena igaro ziren. Basilikan, herrialde ezberdinetako katekisten zenbait testigantza entzuteko aukera izan zuten.

Halere, hoberena iristear zegoen. Gure elizbarrutiko partaideentzat ezustekorik handiena, biharamunean iritsi zen; larunbatean (irailak 27). Izan ere, Leon XIV, Aita Santuaren audientzian parte hartzeko aukera izan baitzuten erromesaldiko partaide batzuk.

Donostiako elizbarrutiaren 75. urteurrena dela eta, audientzia izateko eskaera egin zuen abuztuan Mikel Aranguren bikario nagusiak. Eta, erromesaldiaren bezperan, ‘baiezko’ erantzuna jaso zuen. Donostiako Elizbarrutiko sei pertsonek, Aita Santua, aurrez aurre, agurtzeko eta hitz egiteko aukera izan zuten. A ze poza!

Larunbatean, aipaturiko Aita Santuaren audientzian, bi laikok, eta lau apaizek parte hartu zuten: katekisten ordezkaria izandako, Lurdes Otaegi, eta gaur egun den Itziar Arozenaz gain, Pedro Laskurain, Imanol Prieto, Jose Aurelio Jiménez-Guillén eta Mikel Aranguren apaizak egon ziren Aita Santuarekin. Une arrunt berezia.

Horrez gain, gure Elizbarrutitik joandako katekista eta erromesak, 140 bat lagun, ekitaldian, lehen ilaran eserita zeudenez, Aita Santua bere autoan plazako jendea agurtzera jaitsi zenean, ondo-ondotik ikusteko aukera izan zuten. Poz ederra sentitu zuten guztiek.

Arratsaldean, Elizbarrutiko erromesaldiko partaideak zein katekistak, elkarrekin, Gesú elizan, San Ignazio gure zaindariaren hilobi aurrean, meza ospatu zuten, eta bere “Camerata”, gela edo kapera ikusteko aukera izan zuten.

Bide batez, ibilaldi baten eskutik, Mikel Aranguren, bikario nagusia gidari zutela, katekistek, Erromako zonalde barrokoa ikusi eta gozatu zuten.

Igandean, irailak 28, Vatikanoan ospaturiko mezan parte hartu zuten katekistek. Bertan, munduko herrialde ezberdinetako 39 katekista izendatu zituzten, eta bertaratu zirenei, Aita Santuak, animozko hitzak eskaintzeaz gain, euren katekista-lan handia bedeinkatu zuen.