Blog

Garizuma, Pazkorako bidea

Garizuma, Pazkorako bidea

Sarrera: Pazko Hirurrena eta Pazkoaldia

Pazko-jaia –Jesus Jaunaren heriotza eta piztueraren urteroko oroipena eta ospakuntza– du kristau elkarteak urteko jairik zaharrena eta nagusiena: Pazko Hirurrena eta 50 eguneko Pazkoaldia.

Ostegun Santu arratsaldean “Jaunaren Afariko” Eukaristia ospatuz hasi eta Pazko Igande arratsaldeko II. Bezperetan burutu artekoa da Pazko Hirurrena: jaiaren gailurra. Berrogeita hamar egunez –Pentekoste iganderaino– luzatuko da pazkoaldia. Lehen mendeetan Erroman laetissimum spatium deitu ohi zioten: denboraldi luze-luzea. Jesusen piztueraren gertakaria ospatzeko denbora luzatzeak eta, bestalde, bataioa Pazko Gaubeilan ospatzeko erabakia hartzean indar handia eman zion Pazko-jaiari, II. mendeaz gero, ordu arte zortzian behingo eguna (Jaunaren Eguna, igandea) baitzen ia ospakizun-egun edo jai bakarra.

Jaunaren eguna jaiaren sorburu

Xabier Basurkoren Historia de la Liturgia (Centre de Pastoral Litúrgica. Barcelona 2006) liburu mardulean datorrenez, kristau-elkarteak II. mendea arte ez zuen jaiegun berezirik bere ospakizunetarako, Jaunaren Eguna (Kyriakés hemera, Dies Dominica, zortzigarren eguna) izan ezik. Zortzian behin bildu ohi zen elkartea Jaunaren garaipena, heriotzatik piztuerara igarotzea, ospatzeko. II. mendearen lehen erdian testigantza oso baliotsua idatzi zuen, I Apologia deitua, san Justino apaizak, Antonino enperadoreari bidali zion idatzian, kristauen jarduerari buruz. Kristauek eguzkiaren egunean (hala deitu ohi zioten erromatarrek igandeari, gaurko hizkuntza batzuetan bezala) batzarra egitean zer ospatzen eta nola ospatzen zuten zehazki adierazi zion. Plinio gaztea deitutako gobernadore baten txostena ere bada, Asia Txikitik igorria, kristauek egun horretan zer egiten zuten esanez.

Ezin bizi Jaunaren eguna ospatu gabe

Jaunaren egunaren garrantziaz, testigantzarik bikainenetako bat Abitiniako martiriek IV. mendearen hasieran emandakoa da: 304. urteko otsailaren 12an, hogeita hamaika gizaseme eta hemezortzi emakume kristau atxilotu zuten Kartago izeneko hirian (Abitinian, gaur Tunez deituan), Jaunaren egunez, igandez, batzarra egiten ari zirela.

Izan ere, enperadoreak debekatua zien kristauei batzarra egitea. Enperadorearen agindua zergatik bete ez zuten prokonsulak –enperadorearen ordezkariak– galdetu zienean, Saturnino presbiteroak erantzun zion: “Bakean ospatu dugu, bai, Jaunaren eguna, ezin baitugu Jaunaren eguna ospatu gabe utzi”. Batzar hori Emerito irakurlearen etxean ospatua zuten, eta hala aitortu zion honek agintariari: “Bai, nire etxean ospatuko dugu Jaunaren eguna… Ezin gara bizi Jaunaren eguna ospatu gabe”. Victoria zeritzan neska gazte batek ausarki aitortu zuen: “Bai, ni ere izan naiz batzarrean, kristaua bainaiz”. Denek heriotza-zigorra jasan zuten, Kristoren testigantza (martyria) eginez, hau da “martiri” hilez. Jaunaren egunaren martiri edo testigu deritze kristau kementsu haiei.

Pazko-jaiaren lehen albisteak

Bigarren mendearen erdialdekoa da Pazko-igandeari buruzko lehen albistea. Epistula Apostolorum (Apostoluen Gutuna) deitua, 130 eta 140 artean idatzia, dugu lehen dokumentua. Ikerlariek diotenez, Erroman Sotero aita santuaren garaian (164-166) hasi ziren Pazko-igandea ospatzen, Justinok I Apologia idatzi eta handik hamabost bat urtera, Justinok bere txostenean ez baitu Pazkoa aipatzen.

Honek pentsarazten digu, ezari-ezarian, urteko igande bati garrantzi berezia ematen hasi zitzaiola kristau elkartea. Zein iganderi? Udaberriko lehen ilbete ondoko igandeari. Pazko-jaia zein egunetan ospatu erabakitzeko, ordea, eztabaida oso handiak izan ziren.

Garizuma, berrogei eguneko prestaketa-aldia

Kristauarentzat eta eliz elkartearentzat hain garrantzitsua eta esanahitsua izanik,  Pazko-jairako ongi prestatua egon beharra du, nola kristau bakoitzak hala elkarte osoak. Prestaketa-aldia, aurrena, hiru egunekoa izan zen. III. mendeko dokumentu siriar batek, Didascalia Apostolorum (Apostoluen Irakaspenak) deituak, dio aurreko hiri egunetan –ostiralean, larunbatean eta larunbat gauean– kristauek baraurik egon behar zutela, deus ere jan gabe, igandeko goizeko hirurak arte. Zesareako Eusebiok ere halako zerbait egin ohi zutela aipatze du II. mendeko idatzi batean.

Garizumaren sorrera

Mende haietan eukaristia Jaunaren egunean, igandean, baizik ospatzen ez bazuten ere, asteazkenero eta ostiralero barau egin ohi zuten. Ohitura horri jarraiki, Pazko aurreko aste osoa  barau-aste bihurtu zuten berehala. Gerora, hiru astez luzatu zuten prestaketa-aldia, egun horietan San Joanen ebanjelioa irakurtzen zutelarik. Azkenik, berrogei eguneko prestaketa-aldia antolatu zuten, Jaunak basamortuan igaro zituen berrogei egunak eredutzat hartuz. Horrela, bere Jaunarekin heriotzatik piztuerara –bekatutik bizi berrira– igaro ahal izateko, 40 egunetako aldia edo denbora hartu zuen kristau elkarteak prestaketarako: latinez Quadragesima, euskaraz Garizuma.

Pazko Gauean Bataioko uretatik igarotzeko prestaketa-aldi berezia ere antolatzen du eliz elkartean Garizuman, kristaugaiak –katekumenoak–, bataiatzeko eta bekatariak, penitentzia eginez konbertitu eta elkartearekin adiskidetzeko presta daitezen. Eta horiekin batean, kristau-elkarte osoa ere Pazkoa ospatzeko prestatzen da, Pazkoko ospakizun horretan Bataioko Aginduak berrituz bere Jaunaren Heriotza eta Piztueraren misterioan parte hartzeko.

Ez dirudi kristau-elkarteak IV. mende aurretik Garizuma antolatua zuenik. Hala ere, II. mendean nolabaiteko prestaketa egin ohi zuen Pazko-jaiaren aurretik, bizpahiru egun lehenago barau eginez, Pazko Gaubeila arte. Hala aitortzen du Zesareako Eusebiok, II. mendeko historialariak.

  1. mendean garrantzi handia zuen katekumeno-al­diak: Bataioa hartzeko prestaketa-aldiak. Hau burutzean, aukeratuegin ohi zituzten Pazko Gaubeilan bataiatuko zituztenak eta photizomenoi (argituak) deitu ohi zieten, grekoz. Pazko aurreko azken bi asteetan Bataiorako prestakuntza areagotu egin ohi zuten. III. mendean Hipolito mintzatzen da horretaz jadanik.
  2. mendean, bestalde, ageriko bekatari handiek ere penitentzia-al­di luzea –zenbait urtetako, kasu batzuetan– egin ohi zuten. Pazkoa prestatzen hasteko egunetan, elkartetik bereizi eta“penitentzia­gileen taldean” (ordo poenitentium delakoan) sartu ohi zituzten bekatariak, buru gainean errautsa ezarriz. Bekatarien penitentzia-aldi berezi hura berrogei egunez luzatzen zen. Garizuman barna, elkarteak otoitz sutsua egin ohi zuen penitentziagileen alde, eta Ostegun Santu goizean adiskidetze-ohikune edo erritoa egingo zieten, berriz ere elkartean hartuz.
  3. mendearen azken aldera Erroman horrela zuten jadanik antolatua Garizuma, eta ekinaldi horretan katekumenoek eta penitentzigileek ez ezik, elkartekide guztiek ere hartu ohi zuten nolabait parte. 1001ean, Urbano II.a aita santuak errautsa ezartzeko ohitura elizkide guztiengana hedatuko zuen.

Garizuma hasteko eguna ez da beti bat bera izan, berrogeialdia kontatzen noiz hasi erabakitzeko irizpideak ezberdinak izan baitira, igandeak barau-egun ez zirela kontuan harturik. Dena dela, Quadra­gesima izeneko igandeak –garai batean prestaketa-aldia hasteko egunak– eman zion izena denboral­di osoari. Gerora, aurreko asteazkenera aurreratu zen hasiera-eguna, igandeak kontatu gabe, berrogei egun izan zitezen Pazko Gauaren aurretik.

Hasiera hartan, kristau-elkartea Garizuman zehar bi aldiz bildu ohi zen astero: asteazkenez eta ostiralez –bilkura bakoitza toki edo statio ezberdinean eginez–. Gerora, asteko beste zenbait egunetan ere bilduko ziren.

VIII. mendean, Gregorio II.a aita santu zela (715-731), asteko egun guztiak batzar-egun izan ziren.

Garizumaren egitura liturgikoa gaur egun

Hausterre-egunetik Ostegun Santu arratsalderaino luzatzen da Garizuma. Arratsalde horretan, Ostiral Santu bezperan, “Jaunaren Afariko” Eukaristia ospatuz hasten du kristau-elkarteak Pazko Hirurrena.

Vatikanoko II. Kontzilioaz geroztik, Garizumak Bataiorako prestatzeko duen egitekoa berreskuratu nahi izan da. Horregatik, igandeeta­ko irakurgaietan gai hori agertu da berriro ere, batik bat, A urteko igandee­tan.

A urteko Garizuma, eredu

A urtekoa, Garizuma-eredu bezala antolatua dago:

  • Garizumako I. igandean Jaunaren tentaldiakaipatzen dira.
  • igandean Jaunaren antzaldatzea.
  • III, IV eta V. igandeetan: emakume samaria­rra, jaiotzez itsu zen gizona eta Lazaroren berpizteaaipatzen dituzten San Joanen liburuko perikopa edo pasarteak hartzen dira Eukaristia ospatzean irakurtzeko. Katekumeno-aldian pasarte horiexek hartu ohi zituzten, Bataiorako prestatzeko. Garizumako hiru igande hauetan, “azterketak” –eskrutinio deituak– egin ohi zizkieten katekumenoei, hau da, galdera eta otoitz bereziak Bataioa hartzeko behar diren jarrerak sakontzen laguntzeko 1. igandeko ebanjelio-zatietan, gainera, Jaunaren heriotzari buruzko iragarpenen bat ere aipatu ohi da, kristau-elkartea Pazko-ospakuntzarako arreta handiagoz presta dadin.

Garizuma igandez igande

Hausterre-eguna

Nahiz eta garai batean Quadragesima igandez hasi ohi zuten Garizuma, mende asko da Hausterre-egunez hasten dela: Pazko Gaua baino berrogei egun lehenago, igandeak kontatu gabe. Urtean zeharreko aldia eten eta Garizuma hasten duen egun hau, jatorriz, bekatariek, agiriko penitentzia-aldia hasten zuten eguna da. Itun Zaharrean samin- edo dolu-seinaletzat erabili ohi zen errautsa buru gainean ezartzea zen penitentzia-aldia hasten zutela adierazteko ohikunea, erritoa.

Hausterre-eguneko eukaristian, Hitzaren Liturgian, hiru irakurgai hartu ohi dira:

  • Joel 2,12-18,zinez eta egiaz bihotz-berritzeko deia;
  • 2 Ko 5,20-6,2,Jainkoak berekin adiskidetu gaitzan uzteko “garai egokia” dugula adieraziz (irakurgai hau “Pazko-deia edo pregoia” dela esan dezakegu);
  • Mt 6,1-6.16-18, bihotz-be­rritzearen seinale direnlimosna edo erruki-egintzak, otoitza eta baraua –Garizu­mako “penitentzia egintzak”, alegia– 

Jain­koaren deia entzun ondoren ezarri ohi da errautsa, Jainkoari erantzu­nez bihotz-berritu eta, horrela, Pazkoko ospakuntzetarako prestatze­ko asmoa adieraziz. Horregatik esan ohi zaio eliztar bakoitzari hautsa ezartzeko unean: “Bihotz-berri zaitezte eta sinetsi Berri Ona”.

Garizumako I. igandea: Jesusen tentaldiak eta garaipena basamortuan

Jesusek basamortuan eman zuen berrogei egunetako baraualdia du eredu Garizumako berrogeialdiak. Israelek, agindutako lurralderantz berrogei urtez basamortuan barrena egin zuen ibilaldia ere oroitarazten digu.

Igande honetan irakurri ohi diren ebanjelio-zatietan Jesusen tentaldiak eta Jesusen garaipena dira gai nagusiak. Jesusen bizitza­ko une garrantzitsu hura ez ezik, beste zerbait ere gogoratu nahi du elkarteak:

  • Adamen drama paradisuan,
  • Israelena basamortuan,
  • kristauarena eguneroko bizitzan.

Gizon-emakumeok Jainkoaren Salbamen-asmoa zapuzteko dugun tentazioa bera izan zuen Jesusek. Gu maiz erortzen gara; Jesus, ordea, garaile atera zen. Eta Jesusi esker, guk ere goza dezakegu garaipen hori, Jesus hil eta piztuarekin bat eginez, haren antzeko izanez.

Bere “irteera” edo “exodoa” bizi izan zuen Jesusek basamortuan: Joanek Jordanen bataiatzean “Itsaso Gorria” igaro zuen Jesusek eta basamortuan sartu zen Israel bezala, Jainkoaren proiektua betetzera, eta basamortuan Israelek bezala tentaldiak jasan zituen. Israel erori egin zen; Jesus, aldiz, garaile atera zen.

Tentaldiari kontra eginik, Jainkoaren Salbamen-asmoa aurrera eraman nahiak gurutzeraino eramango zuen Jesus eta, heriotzatik igaroz, Piztuerara helduko zen, Jainkoarengan izate betea eta betikoa hartuz.

Horixe bera da kristauaren bidea: Bataioko uretatik igaro zela gogoratuz, Garizumako basamortuan sartu beharra du, Espirituaren indarrez tentaldiak menderatu eta Jesusen garaipenean parte izateko. Hau da, heriotzatik (bekatutik) Piztuerara (biziera berrira) igaro beharra du, Jesusen “pazko-misterioan eta gertakarian” parte hartzeko.

Garizumako II. igandea: Jesusen antzaldatzea, Pazkoaren iragarpena

Garizuman Liturgiak begi aurrean ipintzen digun beste une garrantzi­tsua hau da: salbamen-lanerako bataiatua eta gantzutua den Jesus, basamortuko tentaldiak garaitu ondoren, antzaldatua eta aintzatsua agertzen zaigu igande honetan.

Jesusek bere nekaldia, heriotza eta piztuera iragarri eta “handik sei egunetara” –dio Mateok (16, 21)– edota “hitzaldi honetatik zortziren bat egunetara” –Lukasek dionez (9, 28)– gertatu zen antzaldatzea. Antzaldatzea, beraz, pazko-misteriori erabat lotua agertzen zaigu testu horietan.

Jesusekin hizketan azaltzen diren Moise eta Elia ere –Itun Zaharreko Legea eta Profetak irudikatzen zituzten pertsonaia haiek– igoak ziren mendira beren bizitzetako unerik garrantzitsuenean; Kalbario mendira igo baino lehen, Jesus ere mendira igo zen, historian izan den egintzarik handiena iragartzera: gurutzeko heriotzatik piztuerako aintzara igaroko zela.

Kristaua ere, Bataioan eta Pazkoan, “antzaldatua” gertatzen da Kristo Jesusekin bat egitean (horregatik hartzen du, bataiatzean, “jantzi zuria” soinean). Horretarako, ordea, Jainkoaren Seme maiteari entzun egin behar dio eta, gurutzea harturik, heriotzaraino jarraitu, Berarekin gero betieran bizi ahal izateko.

Garizumako III., IV. eta V. igandeak A urtean: ura, argia eta piztuera, biziaren ezaugarri

Basamortuan zehar Jesusi jarraituz, Garizuman sartu eta, Jesus antzaldatua­ri begira, tentaldiak menderatzen saiatzen diren kristauak beren buruaren antzaldaketa egiten saiatzen dira, “sarbide”­ko sakramentuei begira jarriz: Bataioari, Sendotzari eta Eukaristiari begira. Kristau helduak, gainera, beharrezkoa izango du Baketze edo Adiskidetzearen Sakramentua (Penitentzia) pazko-misterioa benetan ospatu ahal izateko.

A urteko Garizuman, III., IV. eta V. igande hauek dinamika horri begira antolatuak daude. Garai batean, hiru igande hauetan “azterketak” (eskrutinioak) egin ohi zizkieten Pazko Gaubeilan bataiatuko zituzten kristaugaiei, katekumenoei, horretarako igande bakoitzean ohikune (rito) bereziak eginez.

  • igandeanur bizi-emailea da gai nagusia: Jainkoaren dohaina den “ur bizi-emaileak” (Kristok bataioan) ase dezake gizon-emakumeon egarria: Joan 4, 5-42 ebanjelio-zatian Jesusek emakume samariarrarekin duen elkarrizketan ikus daitekeen bezala. Israelda­rrek Rafidim haranean (Masa eta Meriban), basamortuan, Moiseri eskatu zioten ura eta Moisek, Jainkoaren aginduz, harkaitza makilaz jo eta ura atera zien (harkaitza Kristoren irudia zen, San Paulok dioen bezala: 1 Ko 10, 4 –I. irakurgaia–). Kristori darion ur bizi-emailea izan dezagun isuri digu Jainkoak Espiritua bihotzetara –2. Irakurgaia–. Igande honetan egin ohi zen 1. azterketa.
  • Igandeanargia da gai nagusia: Kristo da Jainkoaren argia (horren irudi izango da pazko-zuzia eta bataiatzean zuzi horretan pizten den argia). Argi hori ikusi ahal izateko, Bataioan irekitzen dira barne-begiak (jaiotzez itsu zenaren sendakuntza kontatzen digu igande honetan Ebanje­lioak). Bataio aurretik –eta, orobat “bigarren Bataioa” den Penitentziaren aurretik– ilunpetan bizi ginen, Jainkoarengan urruti, geure grina txarren mende. Bataioan Kristo piztuarekin bat egitean, argitan bizitzen hasi gara (photizomenoi) –2. Irakur­gaia–; horrela, dena “Jainkoaren erara” ikusten saiatzen gara (1. Irakurgaia), Kristo Artzain ona “ibar ilunetan ere” gidari dugularik (erantzun-salmoa). Igande honetan egin ohi zen 2. azterketa.
  • igandeanbizia da gai nagusia: Bataioko uretatik igarotzean, bekatuaren ilunpetatik, heriotzatik, Kristoren argitara aldatzen gara, Kristo piztuarekin bat egitean betiko bizitzen hasten garelarik. Kristorengan sinesteak, Kristorekin piztera, egiaz bizitzera, garamatza (Lazaroren berpiztea kontatzen digu igande honetako Ebanjelioak). Kristo hilen artetik piztu zuen Jainkoaren Espirituak piztuko baikaitu gu ere –2. Irakurgaia–. Horrela beteko da profeten bitartez iragarria (1. Irakurgaia). Igande honetan egin ohi zen 3. azterketa.

Jaunaren Nekaldiko Igandea, Erramu-igandea

            “Pazko-Gau Santua hurbil dugularik, Jesu Kristoren Nekaldi, Heriotza eta Piztueraren misterioen ospakuntza hasi behar dugu, Eliza osoarekin bat eginez. Misterio horiek Jesus Jerusalemen sartu zenean hasi ziren”. Honelako oharpena egin ohi zaio kristau-elkarteari Jaunaren Nekaldiko igandeko batzar santua hastean, erramuak bedeinkatu eta prozesioa egin baino lehen.

Jesus asto gainean eseria, jendetza oihuka zuela, Jerusalem hirian sartu zenekoa gogoratuz hasten da igande honetako ospakuntza. Jainkoak bere herriari egiten zion ikustaldi edo bisita nagusia izan zen Jesus Hiri Santuan sartze hura (Mt 21, 5. 9; Lk 7, 16; 19, 44).

  1. mendean, Jerusalemen erramu eta palmondoen prozesioa egin ohi zuten, Oliamenditik abiatu, hiria zeharkatu eta “Anastasis” izeneko elizan –Hilobi Santua babesten zuen eliza biribilean–bukatuz. Apezpikua  Jesusen irudi zen ibilaldi hartan. Hala kontatzen du Egeria monja galiziarrak 380. urte inguruan idatzi zuen “Bidai egunkaria” izeneko liburuan. Gerora, Ekialde osoan zabaldu zen ohitura hori. VII. mendean Espainian eta Galian ere egiten zuten prozesio hura; Erroman “Jaunaren Nekaldiko Igandea” ospatzen zuten arren, ez da prozesioaren berririk XI. mende ingurura arte.

Eukaristian, Jaunaren Nekaldiaren irakurketa egin ohi da igande horretan, izena hortik hartzen duelarik. Izan ere, Jaunaren Nekaldia du igande horretan Elizak gogoeta-gaia: lehenengo irakurgaia “Jaunaren Zerbitzariaren 3. kantika” da (Is 50, 4-7); erantzun-salmoa errezatzeko 21. salmoa hartzen du, Jesusek berak gurutzean errezatu zuen salmoetako bat; bigarren irakurgaia Filipotarren gutunean dugun goratzarrea: Flp 2, 6-11, eta ebanjelioak Jaunaren Nekaldia kontatzen du: A urtean San Mateoren liburutik hartua; B urtean San Markoren liburutik eta C urtean San Lukasen liburutik.

Astelehen, Astearte eta Asteazken Santuetan

Egun horietan Pazko aurreko giro bera nabaritzen da Hitzaren Liturgian: lehenengo irakurgaietan Zerbitzaria­ren lehenengo, bigarren eta hirugarren kantikak hartzen dira, hurrenez hurren: Is 42, 1-7; 49, 1-6 eta 50, 4-9. Ebanjelioetan nekaldi aurreko zenbait une aipatu ohi da: Betania­ko gantzuketa (Jn 12, 1-11), Pedroren ukapenak eta Juda Iskarioteren saldukeria (Jn 13, 21-33. 36-38) eta saldukeria horren iragarpena (Mt 26, 14-25).

Ostegun Santu eguartean

            Krisma Meza ospatu ohi da Ostegun Santu eguartean –edota inguruko beste egunen batean– gotzain-elizan, katedralean. Elizbarruti osoan zenbait sakramentu –Bataioa, Sendotza, Apaizgintza, Gaixoen Oliadura– ospatzeko erabiliko diren Olio Santuak sagaratu ohi ditu apezpikuak Meza horretan. Elizbarrutiko apaiz guztiei Eukaristia horretara dei berezia egin ohi die apezpikuak eta bertan Apaizgintzako Aginduak berritu ohi dituzte. Ostegun Santuz ospatu ohi ditugun misterioekin –Kristo Espirituaz gantzutua izatearekin eta Berak hil bezperan egin zuen Azken Afariarekin– apaizgo ministerialak duen lotura gogoratuz eta azpimarratuz. Elizaren sakramentu guztiak pazko-misterio­tik datozela ere adierazten da, horrela.

Jesus Maria Arrieta Sagasti

Whatsapp Bat egin InfoEliza-rekin albiste guztien berri izan dezazun. Bi modu dituzu:

  • Hemen klik eginez: WhatsApp txatean sartu
  • Edo WhatsApp mezu bat bidaliz NAHI DUT testua erantziz 689 105 191 zenbakira