Blog

Arantzazuko santutegia (CONFER)

Arantzazuko santutegia (CONFER)

Otsailak 28an, larunbata, Gipuzkoako CONFERek (Erlijioso eta Erlijiosoen Espainiako Konferentzia), gure lurraldean hemeretzi kongregazio daude, bizikidetza saio kulturala antolatu zuen Arantzazu eta Oñati bisitatuz. Jardunaldian, 35 lekaime, eta 5 erlijioso bildu ziren, anaitasunean, elkarrekin eguna pasatzeko.

Goizean, parte-hartzaileak Arantzazura iritsi zirenean, Juan Miguel Dorronsorok harrera egin zien santutegiaren atarian. Frantziskotarrak, solasaldi atsegin batean, frisoan ageri diren apostoluei buruz, Jorge Oteiza eskultore oriotarrari eginiko galdera ezaguna, eta hark emaniko erantzunak gogorarazi zituen —erdi serio, erdi trufaka—. “Zergatik 14 apostolu?”. “Ez zirelako gehiago kabitzen!”. Traineru bateko arraunlariak direlako!”. “Apostolu asko daudelako oraindik…!”. Edota “hustutako apostoluak ziren, ‘Jainkoari lekua utz diezaioten…! ”.

Halaber, Arantzazun abangoardiako kulturaren aurrerapenak islatu zituzten artista gazte talde batek tenpluaren eraikuntzak jasan zituen gorabeherak ere errepasatu zituen frantziskotarrak.

Juan Miguelek, ganbaratxoan, Ama Birjina txikiaren aurrean, Arantzazuri buruz hausnartu zuen: “Hona, urte luzez, milaka pertsona etorri dira. Ez dira santutegiaren handitasunagatik hurbildu; Ama Birjina honengatik baizik. Eta hemendik, sartu direnaren aldean, desberdin irten dira”.

Ondoren, taldeak, frantziskotarrarekin batera meza ospatu zuen; berak gidatu zuen Eukaristia. Bertan, guztiek bat-eginik kantatu zuten, lekaime eta erlijiosoek amankomunean duten guztiaren adierazgarri.

Sindika hoteleko jantokian “primeran” bazkaldu ondoren, bildutakoak Oñatira joan ziren. Horacio Argarate erretorea zuten han zain, harribitxi bat erakusteko prest; San Mikel Goiaingeruaren eliza. Barrualdea erabat berritu berritan gidatu zituen elizatik barrena. XV. mendekoa den tenpluaren eraikuntzak bere historia jasotzen duten lau nabe ditu. Klaustroa, gotiko estilokoa, XVI. mendean eraiki zen Ubao ibaiaren gainean. Horacioren iritziz, eliza, “bikaina da bere neurriengatik”.

Bisitaren ondoren, eta egun zoragarri bat igaro ondoren, taldeak etxerako bidea hartu zuen. Parte-hartzaileek nabarmendu dutenez, “autobusa ia betetzen genuenok urte asko ditugu gainean, baina ibiltari sentitzen gara; gauza bera txangoan goazenean eta gaurkotasun osoko hausnarketa gaiak antolatzen ditugunean”.

Whatsapp Bat egin InfoEliza-rekin albiste guztien berri izan dezazun. Bi bide dituzu: