Ostiral Santuko prozesioa (Informazioa)
Ostiral Santuko prozesioa, apirilaren 3an irtengo da Donostiako Artzain Onaren Katedraletik, arratsaldeko 20:30ean
Donostiako Artzain Onaren Katedraleko Ostiral Santuko prozesioa antolatzen duen batzordeak, eliztarrei eta herritarrei, elizkizuna amaitu ondoren izango den prozesioaren nondik norakoen berri eman nahi die; baita prozesioaren aurreikusitako ordenaren berri ere.
Ostiral Santuko elizkizunak amaitu orduko, bertaratzen direnek katedralaren kanpoaldean itxaron beharko dute prozesioa hasi arte. Aurretik, 20:00etan, 20:15ean eta 20:30ean, kanpandorretik karraka entzun ahal izango da, prozesioaren irteera iragarriz. Ostegun Santuko mezaren ondoren, Aste Santu erdiko egunetan, kanpaiak mututu egiten dira, eta ez dira kanpaiak berriro jotzen Piztuera arte. Ekintza honek Elizaren dolua erakusten du Jesusen heriotzagatik.
Prozesioa 20:30ean jarriko da martxan, eta ondorengo ibilbidea osatuko du: Artzain Ona plaza, Urdaneta, Hondarribia, San Martin, Getaria, Askatasunaren hiribidea, Txurruka eta Gipuzkoa plaza.
Prozesioa ikustera hurbiltzen direnei, espaloian geratu daitezela eta uneoro errespetu, eta isiltasun-jarrera izan dezatela eskatzen zaie.
Parte hartu nahi duten herritarrek Musika Bandaren ostean egin ahal izango dute bat prozesioarekin, nor bere baitan bildurik, eta otoitz egiteko jarreraz. Katedraleko atean kandelak egongo dira taldearekin batera joan nahi dutenentzat.
Ibilbidean zehar, Gipuzkoa plazan otoitz egonaldi bat egingo da. Behin bukatuta, prozesioa, kale berberetatik barrena itzuliko da Katedraleraino. Elizara iristean, Musika Bandaren aurretik zihoazenek bakarrik izango dute barrura sartzeko aukera.
Prozesio-segizioaren ordena
Ibilbidea Gurutzearekin eta kofradiaren estandartearekin hasiko da prozesioa; ondoren, hebrear jantzitako neska-mutilek, eta txistulari banda joango da. Gero, nazarenoak, bi ilaratan joango dira Nazarenoaren pausoaren aurretik, Veronica lagun dutela.
Lehenengo talde horren ondoren, gainerako nazarenoek joango dira danborrekin; gero, Pasioaren objektuak (arantzazko koroak, iltzeak, lantzak…) dituzten neska-mutilak. Eta hauen atzetik, Kristo Etzanaren irudia.
Azken zatian, Hiru Mariak, eta Bakardadearen pausoak osatuko dute. Euren atzetik, gurutze altxatua eta kandelak, akolitoak, kleroa, kofradia-kide talde bat eta musika-banda joango dira.
Antolatzaileek eskerrak eman nahi dizkie bertaratuko diren guztiei, eta gogorarazi nahi dute, une oro, kide guztiak prest egongo direla ekitaldia behar bezala ospatu dadin.
Nazareteko Jesusen Kofradia
Bat egin InfoEliza-rekin albiste guztien berri izan dezazun. Bi bide dituzu:
- Hemen klik eginez: WhatsApp txat-ean sartu
- WhatsApp mezu bat bidali NAHI DUT testua idatziz 689 105 191 zenbakira