Blog

Loiolako San Ignazio

Loiolako San Ignazio

Bilboko eta Donostiako elizbarrutien Zaindaria

LOIOLAKO SAN IGNAZIO

Loiolako San Ignazio, loiolatarren hamahirugarren semea, 1491an jaio zen. Gaztelako gorteko jende artean eman zuen gaztaroko denbora asko, bizitza zalapartatsua eramanez. 1512an Gaztelako erreinuak bere agintepean hartu zuen Nafarroakoa, frantziar jatorriko errege nafarra botaz. Frantziako Frantzisko I.ak erreinua berreskuratu nahirik, Iruñeko gazteluari eraso egin zionean, 1521ean, konpainia bateko kapitaina zen Iñigo gaztelu hartan. Kanoi-bala batek bi zangoetan larriki zauritu zuelarik, Loiolara eraman zuten sendatzera. Irakurtzeko zerbait eskatu zuelarik, Vita Christi eta Legenda aurea –santuen bizitza– liburuak eman zizkioten eskura. Irakurketa horien bidez Jaunaren graziak ukiturik, erabateko aldaketa egin zuen Iñigok.

Munduko gauzei uko eginik, Jesusen antzera bizi nahirik Lurralde Santura joateko erabakia hartu zuen. Loiolatik Arantzazura jo zuen aurrena eta handik Montserratera. 1522. urtea zen. Han bere armak utzi eta jantziak behartsu bati eman ondoren, Manresako hartzulo batean bizi izan zen, gogoetan eta otoitzean, limosnaz ematen ziotenetik. Han idatzi zituen, gerora Exercicios Espirituales liburu ospetsua egiteko erabiliko zituen lehenengo gogoetak.

Ondoren, Lurralde Santura abiatu zen itsasoz 1523an; baina frantziskotarrek ez zioten bertan gelditzen utzi, gerra-egoeran zegoelako. Lurralde Santua utzirik, itsasoratu egin behar izan zuen berriz ere

Espainiara itzulirik, ikasketak egiten hasi zen, 1524 eta 1527 bitartean, Bartzelonan aurrena, Alcalan gero eta, azkenik, Salamancan. Ikasketak egin bitartean, jendeari kristau doktrina irakasten aritzen zen, nahiz banaka nahiz taldean. Kartzelan ere egon behar izan zuen, doktrina irakasteko titulurik ez zuelako eta oker irakasten omen zuelako.

1528tik 1535a bitartean Parisen jarraitu zituen ikasketak; han ezagutu zuen Xabierko Frantzisko. Honekin eta beste lagun batzuekin, 1534an, Montmartre mendixkan, hiru boto erlijiosoak egin zituen eta laugarrena erantsi: Lurralde Santura joatekoa edota Aita Santuaren esanera jartzekoa.

1535ean, osasunez makal zebilelarik, Azpeitira itzuli zen indarrak hartzera, baina Magdalena ospitalean hartu zuen ostatu, ez bere jaiotetxean. Han, Madalenaren ermitan, kristau dotrina irakasten zien bere herritar zituen haurrei eta, orobat, pertsona helduei.

Indarrak berriturik, Veneziara jo zuen 1535 eta 1537 bitartean. Eta handik Erromara 1537an. 1538an apaiztu zen San Ignazio. Bere inguruan bilduan zuen lagun-talde hari Jesusen Lagundia –Konpainia– izena jartzeko inspirazioa izan zuen. 1550ean, konstituzioak onarturik, Paulo III.ak Iñigoren kongregazioa ontzat eman zuelarik, hiriz hiri predikatzeari ekin zioten, hori baitzuten jarduerarik behinena, Protestantismoari aurre eginez eta fede katolikoa defendituz. Dena Jainkoaren aintzarik handienerako izatea zuen helburu nagusia.

1556ko uztailaren 31an hil zen Erroman. 1622an kanonizatu zuten. Gipuzkoan jai handiak egin zituzten, kanonizazioa ospatzeko, batez ere Tolosan.

 

Egilea: Jesus Maria Arrieta

Whatsapp Bat egin InfoEliza-rekin albiste guztien berri izan dezazun. Bi bide dituzu: