Andre Maria Birjinaren Zeruratzea
IV. mendean, Eudoxia enperatrizak agindurik, eliza eraiki zuten Jerusalemgo Getsemanin, Ama Birjinaren hilobia ustez egon zeneko tokian, hori baitzioten Mariaren heriotzari edo igarotzeari (transitus sanctae Mariae) buruzko idazki apokrifoek.
Abuztuaren 15ean sagaratu zuten eliza hura. VI. mendean Maurizio enperadoreak Andre Mariaren lokartzea (koisimis) ospatzeko jaia eratu zuen. VII. mendean pausatio (lokartzea) izenarekin ospatu ohi zuten Erroman, Andre Mariaren omenezko beste jai batzuekin batera: garbikundea, iragarpena, jaiotza, baita Jainkoaren Amaren jaia (Theotokos) ere.
Andre Maria Birjinaren Zeruratzea edo Jasokundea ospatzean, Ama Birjina, hil ondoren, hilobian utzi gabe, zerura jaso zutela ospatzen dugu, bere Seme Jesusen pazko-gertakarian bete-betean parte hartuz.
Tourseko Gregoriok 594an eta Jerusalemgo Modestok 634an ziotenez, kristauek ez dute inoiz Andre Mariaren erlikiarik beneratu. Ezta Efeso hirian ere, seguru aski hiri hartan hil baitzen Ama Birjina.
Kristau-elkarteak mendez mende sinetsi duen egia hau, sensus fidelium edo fededunen sinestea deitua alegia, baietsia gelditu zen 1946an Pio XII.a aita santuak munduko apezpiku guztiei galdetu eta denek baietza eman zutenean. Horretan oinarriturik, 1950eko azaroaren 1ean Munificentissimus Deus definizio dogmatikoa oihukatu zuen, Andre Maria, gorputz eta arima, zerura jaso zutela aitortuz.
Andre Maria Jainkoaren Ama izatea gizadiarentzat grazia den bezala, haren zeruratzea ere grazia da, orobat, Maria zeruratzea gizadia zeruratzen hastea baita. Eta horixe eskatzen dio Elizak Jainkoari Andre Mariaren misterioa ospatzean. Parrokia askok du Andre Mariaren Zeruratzea edo Jasokundea izena.
Andre Maria, Baionako elizbarrutiaren zaindaria izateaz gain, Gipuzkoan, honako herri eta hirietako parrokiek dute misterio honen izena:
Aduna, Albiztur, Altzo, Aretxabaleta, Astigarraga, Azkoitia, Baliarrain, Beasain, Bidania-Goiatz, Deba, Elgeta, Errenteria, Eskoriatza, Ezkoriatza-Mazmela, Gabiria, Gaztelu, Hernialde, Hondarribia, Itsasondo, Legazpi, Mendaro-Azpilgoeta, Mutriku, Ordizia, Orendain, Pasaia-San Pedro auzunea, Segura, Soraluze, Tolosa, Zarautz, Zerain, Zestoa eta Zumarraga.
Donostiako Koruko Andre Maria basilikak, bere izena “Ama Birjinaren Jaiotzarena” du. Bertan, abuztuaren 14an, ostirala, Amabirjinaren Egunaren bezperan, “Salvea” kantatuko du Donostiako Orfeoiak (19:30ean); aurretik, meza izango da (18:30ean). Eta, biharamunean, abuztuak 15 (larunbata) Andre Mariaren Egunean, Meza Nagusia ospatuko da 11:30etatik aurrera basilikan.
Jesus Mari Arrieta
Bat egin InfoEliza-rekin albiste guztien berri izan dezazun. Bi bide dituzu:
- Hemen klik eginez: WhatsApp txat-ean sartu
- WhatsApp mezu bat bidali NAHI DUT testua idatziz 689 105 191 zenbakira