Artzipreste berriek fede-aitormena eta leialtasun-zina egin dituzte
Donostiako gotzain Fernando Prado Ayuso CMFk datozen hiru urteetarako izendatutako sei artzipresteek fede-aitormena eta leialtasun-zina egin dituzte gaur Donostiako Seminarioan.
Astearte honetan, azaroaren 10ean, Donostiako Seminarioan egin da elizbarrutiko artzipreste berrien fede-aitormenaren eta leialtasun-zinaren ekitaldia. Fernando Prado gotzainak duela gutxi izendatu ditu artzipreste berriak, datozen hiru urteetan pastoral arloko ardura hori bete dezaten.

Ekitaldi honen bidez, apaizek jendaurrean adierazi dute Elizarekiko leialtasuna gordetzeko eta beren esku utzitako pastoral eginkizunaren zerbitzura jarduteko konpromisoa, kargu berriari dagozkion erantzukizunak beren gain hartuz.
Hauek dira aldi berri honetarako izendatutako artzipresteak:
- Donostiako Artziprestaldea: Antonio Casasola jauna. Artzipresteen Kontseiluko moderatzaile ere izango da.
- Goierriko Artziprestaldea: Iban Munilla jauna.
- Urola-Kostako Artziprestaldea: José Ignacio Eguskitza jauna.
- Beterriko Artziprestaldea: Koldo Inchausti jauna. Artzipresteen Kontseiluko idazkari ere izango da.
- Mendebaldeko Artziprestaldea: Imanol Prieto jauna.
- Ekialdeko Artziprestaldea: Gerard Zugarramurdi jauna, Betharramgo erlijiosoa.
Eliz elkartasunaren eta pastoral misioaren zerbitzura

Artzipresteak eginkizun garrantzitsua betetzen du elizbarrutiko pastoral bizitzaren antolaketan eta koordinazioan. Bere ardura nagusien artean daude artziprestaldeko parrokien arteko elkartasuna sustatzea, apaizen eta pastoral eragile desberdinen arteko lankidetza bultzatzea eta elizbarrutiaren ildoekin bat datozen ebanjelizazio-ekimenak indartzea.
Era berean, artzipresteek parrokia-elkarteen eta gotzainaren arteko hurbiltasuna eta komunikazioa errazteko zubi-lana egiten dute, Gipuzkoako Elizaren misioan batasuna eta erantzunkidetasuna sendotzen lagunduz.
Gaur egindako fede-aitormenaren eta leialtasun-zinaren bidez, artzipreste berriek datozen hiru urteetan eliz zerbitzu hori betetzeko konpromisoa berretsi eta formalizatu dute. Horretarako, kristau-elkarteen bizitzan bidelagun izango dira. Hurbila, sinodala eta misiolaria den Eliza baten alde lan egingo dute.
Bat egin InfoEliza-rekin albiste guztien berri izan dezazun. Bi bide dituzu:
- Hemen klik eginez: WhatsApp txat-ean sartu
- WhatsApp mezu bat bidali NAHI DUT testua idatziz 689 105 191 zenbakira