“Arantzazu, Hitz eta Kantu: Iñaki eta Pello”
Arantzazuko frantziskotarrek beste liburu interesgarri bat argitaratu dute: ‘Arantzazu, hitz eta kantu: Iñaki eta Pello’. Hitz gutxitan; Arantzazutik sortutako abestien bilduma da, eta liburuaren aurkezpenean esaten den bezala, “Iñaki Beristain eta Pello Zabalak, euskarazko kantutegi liturgikoa berritu dute, Arantzazuko tradizio sakonari jarraiki. Vatikanoko II Kontzilioaren ondoren, biak euskarazko liturgiaren beharretara egokitutako musika errepertorioa eguneratzearen alde aritu ziren”.
Unai Manterola Albizu, Donostiako Elizbarrutiko Liturgia arduradunaren hitzetan “Iñaki eta Pello ez dira edonor izan Euskal Herriko elizaren historian, liturgian eta euskalgintzan nahiz musikagintzan. ‘Munstro’ batzuk, zalantzarik gabe; egin zuten guztian, handiak, eta denon lilura eta esker ona merezi dutenak”.
Apaiz zumaiarraren iritziz, “Iñaki eta Pelloren anaiek eta adiskideek omenaldi modukoa egin diete orain hainbat urtean argitaratu dituzten kantuen letra eta partiturak guztion eskura jarriz. Argitalpen eder eta bikain batean”. Bide batez zera gaineratzen du: “Elizak duela urte asko baino hutsago eta ahulago ditugu, baina ez diogu utzi behar gure liturgia duintasunez zaintzeari, eta bereziki, kristau herria kantu ederren bidez Jainkoaganatzeari”.
“Arantzazu, hitz eta kantu: Iñaki eta Pello” liburua, Elizbarrutiko Idatz liburu-dendan (Artzain Ona plaza 15, Donostia), Arantzazun bertan zein on line HEMEN eskuratu daiteke. Unaik gaineratzen duen bezala, “Juan Ignazio Larrea eta Juan Biainek ederki prestaturiko liburua”.