Santu Guztien eta Hildakoen Oroitzapen Eguna
Datak:
- Santu Guztien Eguna: azaroak 1
- Hildakoen Oroitzapen Eguna: azaroak 2
- Lekua: Gipuzkoa osoko parrokiak eta hilerriak
Santu Guztien Eguna
Azaroaren 1ean, Santu Guztien Eguna, Eliza Katolikoak betiereko bizitza lortu duten Santu Guztiak ohoratzen ditu. Bere jatorria IV. mendekoa da, Eliza martiriak ospatzen hasi zenean, eta VII. Mendean, Bonifazio IV.a Aita Santuak, data zehatz bat ezarri zuen.
Mendeetan zehar, ospakizuna zabaldu egin zen santu guztiak aintzat hartzeko, eta IX. Mendean, Gregorio IV.a Aita Santuak, azaroaren 1a jai unibertsal gisa ofizialdu zuen.
Jainkozaletasuna eta errespetuan oinarritzen da ospakizun hau Gipuzkoan. Senitartekoak kanpo-santuak bisitatzeko elkartzen dira, eta, bertan, maite dituzten pertsonen hilobiak lorez apaintzen dituzte, bereziki krisantemoak, hilezkortasunaren sinboloa.
Elizbarrutiko parrokiek meza bereziak ospatzen dituzte santuen oroimenez, eta hildakoen arimen atsedenaren alde ere otoitz egiten da. Egun hau aukera bat da betiko bizitzan itxaropena indartzeko, eta santuen arteko elkartasuna fedez eta jainkozaletasunez bizitzeko.
Hildakoen eguna
Azaroaren 2an, Hildakoen Oroitzapen Egunean, bereziki, zendutako fededunen arima guztiak gogoratzen dira. Bere jatorria hildakoen alde otoitz egiteko tradizio monastikoan dago oinarritua. Usadio hori XI. mendean gauzatu zen, Clunyko San Odiloik, azaroaren 2a, purgatorioan arimei otoitz egiteko egun gisa ezarri zuenean. Ordutik, jaieguna Eliza osoan zabaldu da.
Gipuzkoan, Hildakoen Oroitzapen Eguna, solemnea da, eta familiak hilerrietara joaten dira berriro, kasu askotan, kandelak piztuz; era honetan, betiko bizitzarako bidean arimak gidatzen dituen Kristoren argia ikur izateko.
Donostiako Elizbarrutiko parrokiek meza bereziak ospatuko dituzte hildako fededunen oroimenez, eta berpiztearen esperantzaz bizitzearen garrantzia gogoratzeko, apaizek, kristau-elkartea gonbidatzen dute euren senitarteko eta lagun zenduen alde otoitz egitera.
Donostiako Elizbarrutiaren gonbidapena
Donostiako Elizbarrutiak bi egun santu hauetako ospakizunetan parte hartzeko gonbidapena luzatzen du. Santu Guztien Egunak zein Hildakoen Oroitzapen Egunak dagoeneko guregandik joan direnekin elkartasunean bizitzera, eta betiereko bizitzan dugun fedea berritzera deitzen gaituzte, Jainkoaren errukian eta maitasunean fidatuz.