Blog

Kongregazioen arteko esperientziak

Kongregazioen arteko esperientziak

Apirilaren 25ean, Confer Gipuzkoak “Kongregazioen arteko esperientziak” topaketa antolatu zuen Donostiako Loiola zentroko Arrupe aretoan.

Hiru esperientzia oso ezberdin entzun ahal izan ziren, baina oinarri berbera: bilaketa. Bide berriak, erronka berriak… bilatzea, Jesusen mezuari eta munduan duen testigantzari freskotasuna emateko.

Lehen kontakizuna Jesus Galdeanok eman zuen jakitera; dominikoak Atarrabiako (Nafarroa) erizaintzaren egoitzaren inguruan klaretiarrek eta dominikoek egin duten itunaren berri eman zuen. Esperientzia berri bat anaia erlijioso hauen bizitzaren azken txanpan. Zentzuz egindako bidea, bestearen azalean jarriz, eta aniztasunean, bata bestearengandik onena aurkitzen saiatuz. Karisma, egiturak, antolaketa eta bizitza amankomuna partekatzea, alegia.

 

Bigarren testigantza, Jesuiten erakundearena, Claudiak aurkeztu zuen; gazte honek Loturak fundazioan (Ellacuria fundazioa) egiten du lan. Erakundearen helburu nagusia familia migratzaileei bizitza zehar laguntzea da, gure etxeak irekiz, eta mugarik gabeko abegikortasuna eraikiz. Gizaki gisa duintzen eta berdintzen gaituen erronka handia.

Hirugarren, eta azken kontakizuna, Maricruz eta Manuelek zabaldu zuten. Sanlucar de Barramedako senar-emazte honek Maristekin, eta La Salleko Anaiekin egin dute bat, bai ikastetxean, eta bai elkartean. Gaur egun Sestaon bizi dira La Salleko Anaiekin batera; euren bizi-aukeraren konpromisoan, beste urrats bat.

Hiru anaitasun aukera; Eliza eta mundurako zeinuak. Elkartasunean bizi gaitezkeenaren adibideak; karisma desberdinak partekatuz, baina elkarrekin lan eginez.

 

 

Whatsapp Bat egin InfoEliza-rekin albiste guztien berri izan dezazun. Bi bide dituzu: