Lehen urratsak

Frantzisko Aita Santuak “Itxaropenean erromes” leloa aukeratu du hurrengo Jubileua aurkezteko. Unai Manterola Albizuk, liturgia eta espiritualitate pastoraltzarako gotzain ordezkaria eta Jubileu-urterako elizbarrutiko arduradunak, hitzordu garrantzitsu honen inguruko zenbait xehetasun azaltzen dizkigu.

“Aurtengo abenduaren 24an, San Pedro Basilikako Ate Santua irekiz Jubileu-urte santuari hasiera emango dio Frantzisko Aita Santuak. Abenduaren 29rako dago ezarria Ate Santuaren irekiera Katedraletan eta beste hainbat tokitan.

Ikasturte honetako lehen hilabeteetan, abendua bitartean, alegia, bi helburu nagusi izango ditugu gai honi dagokionez: kristau-herria kontzientziatzen eta prestatzen joatea datorkigun Jubileu urterako, eta otoitz bizitza landuz eta areagotuz, prestakuntza horretan laguntzea. Badakigu gogo hori bera agertu izan digula gure Gotzain Jaunak ere ari dugun eraberritze aldiari buruz: izan dadila espirituzko eraberritzea.

Aldi berean, gure Elizbarrutiak 75. urtemuga du, eta Jubileu unibertsalari, gure poza eta gozamena ere batuko zaio noski, azaltzen joango garen ekintzen bidez.

Elizbarrutiko IDATZ liburu-dendan (Artzain Ona plaza 15, behea, Donostia) duzue eskura SPES NON CONFUNDIT Aita Santuaren bulda, bi hizkuntzetan (euskara eta gaztelania) argitaratua, eliztarrei aldi eder hau iragartzeko.

https://haciaeljubileo.com/apuntes-para-la-oracion/ web orri horretan hainbat material dituzue hilabete hauetan otoitz giroa gure elkarteetan sortu ahal izateko. Eta gehiago sakondu nahi duenak hor ditu 2020ko maiatza eta 2021eko ekaina bitartean Aita Santuak Kristau Otoitzari buruz astero emandako katekesiak.

Webgune ofiziala: www.iubilaeum2025.va

Jubileuko gorazarre ofiziala

Partitura: euskara | gaztelania (euskaraz, Artzain Ona katedraleko Mariaren Bihotza abesbatzak grabatu du)

Jubileuko otoitza

Zeruan zauden Aita
zure Seme eta gure anaia den
Jesu Kristorengan eman diguzun fedeak
eta Espirituagan gure bihotzetan
isuria izan den karitatearen garrak,
esna dezatela gugan, zure Erreinuaren etorreran
itxaropenaren zoriontasuna.

Zure graziak bihur gaitzala
gizadia eta kosmosa onduko duten
Ebanjelioaren hazien ereile zintzo,
zeru berriaren eta lur berriaren
uste oneko itxaropenean,
gaitz ororen indarrak gainditurik
zure aintza betiko agertuko denean.

Jubileuaren graziak
sustatu dezala Itxaropenean Erromes garenongan
zeruko ondasunekiko lehia
eta isur dezala mundu osoarengan
gure Salbatzailearen
alaitasuna eta bakea.
Zuri, betiereko Jainko bedeinkatu horri,
gorespen eta aintza gizaldi eta gizaldietan.
Amen.

Jubileuko logoa

 

Jubileuko ekintzak

Elizbarrutian:

  • Urtarrilaren 6an: Ate Santuaren irekiera Artzain Ona Katedralean (19:00etan)
  • Urtarrilaren 19an: Ate Santuaren irekiera Arantzazuko Santutegian (12:00etan)
  • Urtarrilaren 26an: Ate Santuaren irekiera Loiolako Santutegian (13:00etan)
  • Urtarrilaren 31n: Kristau Eskolen Jubileua Katedralean
  • Otsailaren 2an: Ate Santuaren irekiera espetxean (10:30etan)
  • Otsailaren 2an: Biziera Sagaratuaren Jubileua Katedralean
  • Martxoak 22: laikoen Jubileua Loiolan
  • Martxoaren 28-29an: 24 Ordu Jaunarentzat, Jubileu Eukaristikoa Katedralean
  • Martxoaren 29an: katedralean Osasun pastoraltzako Jubileua
  • Apirilaren 6an: migratu duten pertsonen Jubileua Loiolan
  • Apirilaren 12an: gurutze-bidea Arantzazura
  • Apirilaren 16an: apaizen Jubileua katedralean
  • Apirilaren 20an: Pazko Igandea. 1700 urte Niceako kontzilioa egin zenetik. Ekitaldi ekumenikoa katedralean
  • Maiatzak 30-31, ekainak 1: erromesaldia Lourdesera (Ate Santua)
  • Ekainaren 1ean: Familien Jubileua katedralean
  • Ekainaren 9: Kuriaren Jubileua Arantzazun
  • Ekainaren 14an: Espetxe pastoraltzako pastoralgileen Jubileua Loiolan
  • Ekainaren 21: Caritasko borondategileen Jubileua katedralean
  • Ekainaren 19-22: Jubileu ibilbidea hiru Ate Santuetatik igaroz
  • Ekainaren 22a: gazteen Jubileua katedralean
  • Urriak 5: eliz koruen batzarra katedralean (12:00tako Eukaristian)
  • Azaroaren 16 inguruan: Pobreen Jubileua (Erroman egingo diren ekitaldiekin bat eginez)
  • Abenduaren 28an: Jubileuaren bukaera, hiru Ate Santuak itxiz

Erroman (Elizbarrutitik Erromako ekitaldietan parte hartze zabala):

  • Ekainak 25-27: apaizen Jubileua
  • Uztailak 26-abuztuak 4: gazteen Jubileua
  • Irailak 26-28: katekisten Jubileua
  • Irailak 24-29: elizbarrutiko erromesaldia Erromara
  • Urriak 4-5: migranteen Jubileua Erroman

Albisteak