Blog

Fernando Prado gotzaina “El Espejo de Gipuzkoa” irratsaioan

Fernando Prado gotzaina “El Espejo de Gipuzkoa” irratsaioan

Gaur, 2024ko abenduaren 20an, ostirala, COPE irratiko “El Espejo de Gipuzkoa”k, Fernando Prado Ayuso monsinoreari, Donostiako gotzaina, eginiko elkarrizketa eman du uhinetatik zehar.

Ivan Benkorekin izandako solasaldian, elizbarrutiaren lehen bi urteak aztertu ditu gotzainak, 2025eko Jubileu Urtearen inguruan, eta elizbarrutiaren 75. urteurrenari buruzko gogoetak eginez. Era berean, Elizak Gipuzkoan dituen pastoraltza zein misio erronkak partekatu ditu.

Fernando monsinoreak, zera azpimarratu du, bi urteak “aitaren batean” pasa zaizkiola bere pastoral agenda zabalagatik. Bide batez, elizbarrutiaren aberastasun espiritual eta gizatiarra ezagutzeko aukera izan duela adierazi du. Era berean, bere bigarren pastoral gutuna “Harengan, gure itxaropena” izenekoa, eta Abendualdian argitaratua, berrikuntza eta etorkizunari begira eginiko idatzia dela gaineratu du.

Aurki gure artean izango dugun Jose Tolentino de Mendonça kardinalaren, Vatikanoko Hezkuntza eta Kulturarako prefektua, bisitaren garrantzia azpimarratu du gotzainak. Frantzisko Aita Santuaren bidez Jubileu Urteari hasiera emateko asmoz etorriko da. Keinu hau “Frantzisko Aita Santuaren  keinu bat da ospakizunarekin bat egiteko”.

Elkarrizketaren beste gai nagusietako bat berrikuntza espiritual eta pastoralaren beharra izan da. Fernando Prado monsinoreak, Elizak garai aldakorretara egokitu behar duela azpimarratu du, Ebanjelioarekiko leialtasuna, eta gaur egungo munduan ebanjelizatzeko misioa mantenduz.

Azkenik, gure gotzainak, bere pastoral gutunean jasotzen dituen elizbarrutiarentzat ametsak partekatu ditu. Fededunen bizitza espirituala indartzeko, pertsona zaurgarriekiko arreta jartzeko, batez ere immigrazioaren testuinguruan, eta Eliza batuago eta bat-eginago baten alde lan egiteko nahia nabarmendu ditu.