Abendualdia
Liturgi urteko lehenbiziko jai nagusirako prestatzeko aldia
Jaunaren heriotza eta piztuera ospatzen du nagusiki eliz elkarteak betidanik, zortzian behin Jaunaren Egunean (Dies Dominica) bilduz. III. mendeaz gero, igande horietako bati –Nisan hileko 14aren ondorengo igandeari, hau da, Udaberriko lehen ilbetea ondorengo igandeari– nagusitasun berezia eman zioten, Pazko Igandea deituz. Laster handitu eta zabaldu zuten Pazko Igandea: aurrez, prestaketaldia antolatuz –hiru egunetara, sei egunetara, berrogei egunetara…– eta ondoren berrogeita hamar egunez luzatuz –Pentekoste, berrogeita hamar– .
IV. mendean –336. urtekoa da lehenbiziko albistea– hasi ziren Jaunaren Jaiotza jaiegun berezi batean ospatzen: Erroman “Natale Solis Invicti” zuten egunean, abenduaren 25an. Kristauek Natale Domini deitu zioten (Euskal Herrian, Eguberri, egun edo eguzki berri). Ekialdean, Egipton zehazki, urtarrilaren 6an ospatu ohi zuten gertakari bera, argiaren jaia, kristauek Epifania deitua (Agerkundea).
IV. mende horretan, Galian eta Hispanian –bisigodoek– Adventus Domini, hau da, Jaunaren Etorrera deitu zuten liturgialdia antolatu zuten, sei astekoa, aurrena. Jaunaren azken etorrera kontuan izatea eta horretako kristau elkartea prest egotea zuen helburua liturgialdi horrek, eta liturgi urtearen bukaeran ospatu ohi zuten.
VI. mendean Erromako liturgian sartu zuten Abendualdia (VII. mendean, Gregorioren Sakramentarioak lau astekoa dela dio). Garai hartan, ez zen Eguberri Jairako prestaketaldia. Ez dakigu noiz bihurtu zuten Abendualdia Jaunaren Jaiotza ospatzeko prestaketaldi.
XX. mendearen erdi aldera zenbait liturgistak Eguberritarako prestaketa alderdi hori azpimarratu zuen gehienbat. Gaur egun, Jaunaren bi etorrerak ditu kontuan eliz elkarteak Abendualdian: Lehenengo etorrera –jaiotza– eta azken etorrera –parusia–.
Abendualdiaren esanahia
- Salbamenaren itxaropena
Israel herriak mendez mende bizi izan zuen itxaropena, Jainkoak salbatuko zueneko itxaropena, gogoratu eta gertaberritu ohi du eliz elkarteak orain ere Abendualdian. Ez salbamen-egintza bete ez delako, baizik salbamen-eguna argitzen hasi zeneko gertakaria –Jaunaren etorrera eta jaiotza– behar bezala ospatzeko jarrera egokiak hartuz prestatu nahi duelako.
Horregatik, Israelen historian eta, batez ere, profeten predikazioan –Isaiarenean, batik bat– ageri den itxaropena jasotzen du Elizak orain, baita zenbait pertsonaia bereziren testigantzak ere: Zakaria eta Elisabetena, Maria eta Joserena, Joan Bataiatzailearena.

- Jaunari bidea prestatu
Isaiaren predikaziotik harturik, Joan Bataiatzaileak eginiko oihua entzuten du urtero eliz elkarteak: Basamortuan oihuka ari denaren mintzoa: Prestatu bidea Jaunari, zuzendu bidexkak Hari (ik. Mateo 3, 3). Jaunaren jaiotza ospatzeko egunari, Natibitate jaiari, Sacramentum Natalis Domini deritza San Leon Handiak V. mendean. Jainkoak bere adiskidetasuna, bere salbamena, eskaintzen dio bere herriari egun horretan, Jesusen jaiotza ospatzean. Prestatu beharra du, beraz, kristau herriak salbamen hori onartzeko eta bizitzeko. Nola? Bere jarrerak eta jokaerak eraldatuz eta egokituz –Garizuman Pazkorako egingo duen bezala–, kristauari dagozkion jarrerak eta jokaerak sendotuz, alegia:
– Itxaropena indartuz, hau da, Jaunari begira biziz
– Jainkoaren Hitza entzutera eta otoitzera emana biziz
– Senideengana irekiz, batez ere beharrik handiena dutenengana
– Adiskidetasuna, elkartasuna eta bakea bizkortuz
– Jokaera zuzena eramaten saiatuz
– Jauna berekin duela eta salbamena burutzera datorrela sinesteak ematen duen poza biziz
– Gizartean Jainkoaren erregetza egia bihurtzeko lan eginez
- Jauna noiz etorriko zain bizi, erne eta leial
Kristauak eta eliz elkarte osoak beti, etengabe, izan behar duen jarrera hori indarberritu nahi izaten du Elizak Abendualdian. Jaunaren zain bizi da Eliza, Jesusen hizkuntzan dei eginez: Marana, tha! Jauna, zatoz! Jauna noiz etorriko zain erne bizitzea, Ebanjelioaren arabera bizitzea da eta Jainkoaren erregetza –salbamen-asmoa– egia bihurtuz joan dadin lan egitea, nola gauza txiki eta xumeetan hala gauza handi eta entzutetsuetan.
Abendualdiaren egitura
Bi aldi eta zati nagusi du Abendualdiak:
Lehendabizikoa, lehenengo igandeko lehenengo Bezperetatik abenduaren 16a arte. Jaunaren azken etorrera maiz aipatzen du eliz elkarteak egun horietan. Eta, aldi berean, profeziak Jesusengan nola bete ziren kontenplatzen du, profezia entzunez (1. irakurgaietan) eta horien betetzea nola izan zen entzunez (ebanjelio-zatietan), II. asteko asteazkena arte.
Gero, III. asteko ostirala arte edota abenduaren 16a arte, Joan Bataiatzaileari buruzko testuak entzun ohi ditu Elizak ebanjelioetan, baita Jesusek Joani buruz esandakoak ere.
Bigarrena, abenduaren 17tik 24a arte, Eguberri aurreko zortziurrenean. Jesusen jaiotza inguruko testuak irakurri ohi ditu Elizak: Joanen eta Jesusen jaiotzen iragarpenak, Andre Mariak Elisabeti eginiko ikustaldia, Joanen jaiotza… Zortzi egun horietako Bezperetan Magnificat aurreko antifonak “O” hizkiaz hasten dira: O Sapientia, O Adonai, O radix Jesse, O clavis David, O Oriens, O Rex gentium, O Emmanuel (Oi Jakinduria, Oi Adonai –Ene Jauna–, Oi Jeseren kimu, Oi Daviden etxeko giltza, Oi Goiz-eguzki, Oi atzerrien Errege, Oi Emmanuel –Jainkoa gurekin–).
Abendualdiko igandeak
Lau igandeak dira Abendualdiaren lau ardatzak.
Hona hemen igande bakoitzean gogoratu eta ospatu ohi den alderdia:
Lehenengo igandean, Jaunaren azken etorrera. Giza historia osoa behar, gizakia bere izate betera irits dadin Jainkoak ari duen salbamen-egintza orduan burutuko duela espero eta sinesten dugu. Horren irrikaz bizi, jokatu eta jardun behar genuke kristauok, hori sinesteak kemena ematen baitigu, munduan dugun egitekoa arretaz eta gogo onez betetzeko: Jainkoaren asmoa egia bihurtzen saiatzea, nor beregan eta gizarte osoan. Hori dugu Jainkoak gure esku utzi duen talentua.

Bigarren eta hirugarren igandeetan, Joan Bataiatzailearen predikazioa, Jaunaren aitzindaria eta mezularia izan zen, eta Jesusekin zetorren eta Berak zekarren salbamena –Jainkoaren adiskidetasuna– onartzeko zein jarrera izan behar dugun erakutsi zion herriari. Haren irakaspenaz baliatzen gara gu ere, Eguberritan, Jaunaren etorrera ospatzean, Jainkoaren salbamena zein jarreraz hartu behar dugun ikasteko. Bihotz-berritzeko dei ozena eta larria egiten zion Joanek herriari, Jainkoaren salbamen-egintza gainean zutenez, onartzeko prest egon behar zutelako. Horretako, oker eginari, bekatuari, uko egitera gonbidatzen zuen jendea, norberaren jokaera eta pertsona arteko harremanak Jainkoak nahi bezala eramaten saiatzera.
Laugarren igandean, Jaunaren jaiotza berehala ospatzekoa duenez, Andre Maria Birjinaren aipamena egiten du Elizak, Jaunari ongietorri egiteko eredutzat hartuz.
A urtean, San Joseren aipamena ere egiten da, era berezian: bere emazte zuen Mariarengan gertatzen ari zena garbi ulertu gabe ere, Jainkoaren nahia betetzeko prest egon zen gizona da San Jose. Horregatik, etxean hartu zuen Maria. B urtean, Jainkoak bere mezulariaren bidez, Gabriel aingeruaren bidez, iragarri bezala, Jainkoaren Semearen Gizakundea nola gertatu zen entzun ohi du kristau elkarteak San Lukasen liburutik. Eta C urtean, Mariak Elisabeti egin zion ikustaldia. Sabelean haur bana zeramaten bi emakume haiek elkar ikustean, Itun Zaharrak eta Berriak batak bestea aurkitu zuen: Joan Bataiatzailea izango zenak pozkarioz jauzi egin zuen Elisabeten sabelean, Jesus izango zena Mariaren sabelean gerturatu zitzaionean.
Abendualdiko igandeetan ere Hitzaren Liturgiak hiru irakurgai eskaintzen dizkigu:
– Profeten liburuetatik hartua (Isaiarenetik, A eta B urteetan batik bat), Israel herriaren itxaropena aipatuz, itxaropen hori guk ere bizi dezagun.
– Apostoluen Gutunetatik hartua, San Paulorenetatik gehienbat, Jaunaren azken etorreraren zain erne eta leial bizi behar dugula gogoratuz.
– Mt, Mk, Lk Ebanjelioetatik –baita Jn Ebanjeliotik ere, hirugarren igandean– Jesusen berri ona entzuten dugu.

Abendualdiko irudi edo sinboloa: koroa
Abendualdiko koroa kristau-tradizioko elementua dela esan dezakegu. Abendualdiko lau asteen irudia da. Pinu nahiz izei-zuhaitzaren abarrez egindako koroa horri lau kandela ezartzen dizkiote: igande bakoitzerako bat. Igande bakoitzean kandela piztean, ohikoa da otoitzean bat egitea edota Bibliako zatiren bat irakurtzea. Bosgarren kandela ere ezarri hori diote erdian, Jesusen jaiotza ospatzeko gauean, Gabon Gauean, pizteko.
Koroa biribil honek hau adierazten du: etengabe aurrera doan denboran, behin eta berriz –urtero– etortzen direla urtaroak bakoitza bere garaian. Neguan zuhaitzean irauten duten hostoz egina izateak eta hosto artean kandela piztuak hau esan nahi du: negu gordin eta ilunean ere biziak irauten duela. Koroa hau, dirudienez, kristautasuna Europan zabaldu aurreko ohitura zen orduko kulturetan.
Autore batzuek diotenez, kristauak Erdi Aroan hasi ziren sinbolo hori jartzen; beste batzuek, berriz, XVI. mendean hasi zirela Alemaniako herritarrak koroa jartzen. Beste batzuek diote Johann Hinrich Wichern zeritzan pastore protestante bat hasi zela 1839an pastoreak antolatua zuen eskolan koroa jartzen, haurrek galdetzen omen ziotelako Eguberri-eguna iritsia zen ala ez. Gurdi baten gurpila hartu eta, hosto berdez jantzi ondoren, hemeretzi kandela txiki eta gorri ezarri zizkion gurpilari Abendualdiko astegunak irudikatuz, eta lau kandela handi eta zuri igande bakoitza irudikatuz.
Adar berdeek Jesusen etorreraren eta jaiotzaren zain egotea irudikaten zuten. Biribila izateak, bukaerarik ez duen maitasuna irudikatzen du.
Kandelak kolorezkoak izateak honako hau oroitarazten du: Abendualdian barna apaizak jantzi ohi duen kasuilaren kolorea: morea, seriotasuna eta sakontasuna espirituala iradokiz; arrosa kolorea hirugarren iganderako, Eguberri-jaia hurbil deneko poza adieraziz –Gaudete igandea esan ohi zaio hirugarrenari: Poztu zaitezte– eta zuria, jai handiak dakarren pozkarioa eta alaitasuna iradokiz.
Eta horrek guztiak, honako egia nagusi hau oroitarazten digu kristauoi: Jesus ARGIA dugula, Beraz behin baino gehiagotan esan bezala: Ni naiz munduarentzat argia; Niri jarraitzen didana ez da ilunpetan ibiliko, baizik eta bizia ematen duen argia izango du (Joan 8, 12).
Izan bedi hau guztia lagungarri, Eguberritan Jaunaren jaiotza handikiro eta santuki ospatzeko presta gaitezen.
Jesus Mª Arrieta
Únete a la comunidad de InfoEliza para no perderte nada. Tienes dos formas de hacerlo:
- Clicando directamente aquí: Unirme al chat de WhatsApp
- Enviando un WhatsApp con la palabra ALTA al 689 105 191