Misiolari Boluntariotzaren ikastaroa amaitu da, nazioarteko boluntariotzari buruzko saioarekin
Larunbat honetan, maiatzaren 16an, Donostiako Elizbarrutiko Misioen Ordezkaritzak aurtengo Misiolari Boluntariotzaren ikastaroaren bosgarren eta azken saioa egin du.
Jardunaldiak bi zati izan ditu. Lehenengo zatian, parte-hartzaileek Iñigo Ilundain izan dute lagun, Iruñeko Misioen Ordezkaritzako kidea. Hark nazioarteko boluntariotzari buruzko gogoeta eskaini du. Esperientzia horretan parte hartzera bultzatzen gaituzten arrazoietatik abiatuta, boluntariotzaren motibazioak, balioak eta jarrerak landu dira, baita elkartasuna eta boluntariotzaren indarguneak ere.
Bigarren zatian, gure elizbarrutiarekin lotura duten hainbat misiolariren testigantzak entzuteko eta haiekin elkarrizketatzeko aukera izan dute bertaratuek: Andoni Illarramendi, Angolan misiolari izandako apaiza; Patxi Izulain, Babahoyon, Ekuadorren, egondako laikoa; eta Itziar Bagües eta Joseba Olaziregi senar-emazteak, Ekuadorko Amazonian misiolari esperientzia bizi izan zutenak.
Koldo Muro Misioen ordezkariak adierazi duenez, saioa “oso interesgarria eta aberasgarria” izan da, eta ikastaroari amaiera emateko aukera ederra eskaini du, misiolari bokazioa eta boluntariotzaren konpromisoa gertutik ezagutzeko.
Bat egin InfoEliza-rekin albiste guztien berri izan dezazun. Bi bide dituzu:
- Hemen klik eginez: WhatsApp txat-ean sartu
- WhatsApp mezu bat bidali NAHI DUT testua idatziz 689 105 191 zenbakira