Zerbitzua, fedea eta senidetasuna uztartuz Bartzelonan
Uztailaren 1etik 8ra, Gazte eta Bokazio Pastoraltzaren Ordezkaritzak antolatuta, gazte talde batek, lanaldi batean parte hartu zuen Bartzelonan. Haiekin batera hiru arduradun ere aritu ziren: Yon Cuadrado, Zumaiako parrokoa, María Pagalday, Birjin Sagaratua, eta Mikel Iraundegi, diakono iraunkorra.
Goizetan, taldeak, boluntario-lanak egin zituen Karitateko Misiolariek, Bartzelonako El Raval auzoan duten jantokian. Bertan, egunero egin ohi den lanetan lagundu zuten: janaria prestatzen, otorduak zerbitzatzen, garbiketa lanak egiten, guneak antolatzen… Beti, beharrizan handiena duten pertsonei, ahalik eta harrera duin, eta gertukoa eskainiz.
Arratsaldeetan, bizitza espirituala eta talde-bizitza landu zuten. Egunero, egunean zehar bizitakoa partekatu zuten; katekesiak, otoitza eta Eukaristiaren ospakizuna. Katekesien ardatza Apokalipsiko zazpi elizak izan zen; ibilbide horren bidez, gazteek, gaur egungo kristau-elkarteei, eta fededun bakoitzari, Jaunak egiten dien deiari buruz hausnartzeko aukera izan zuten.
Lanaldiko unerik berezienetako bat gure gotzainaren, Fernando Prado Ayuso, ezusteko bisita atsegina izan zen. Gazteekin egun bat partekatu zuen, eta elkarrekin Familia Santua basilikan Eukaristia ospatu zuten.
Egun bizi eta aberasgarriak izan ziren. Lanak, elkarbizitzak eta fedeak bat egin zuten, eta baita parte-hartzaile guztien bihotzean arrasto sakona utzi ere. Bide batez, besteen alde bizitzeko konpromisoa berrituz.
Bat egin InfoEliza-rekin albiste guztien berri izan dezazun. Bi bide dituzu:
- Hemen klik eginez: WhatsApp txat-ean sartu
- WhatsApp mezu bat bidali NAHI DUT testua idatziz 689 105 191 zenbakira