Urbiako ermitaren mendeurrena
Gaur, irailak 28, Urbiako Andre Mariaren ermitak mende bat beteko du Aizkorriko tontorraren magalean. Eraikin txikia artzainentzat zerbitzu bat eskaintzeko borondate irmoarekin eraiki zen; asko eta asko, erlijio sinesmen sakonak zituzten, eta ordu luzez ibili behar zuten Arantzazuko igandetako mezetara joateko. Bere eraikuntzan zeresan handia izan zuen Aita Lizarralde (1884-1935) frantziskotar eta historialariak.
Urbiako Andre Maria
Jose Ignacio Lasa Esnaola (Matxinbenta, Azpeitia, 1903 – Arantzazu, Oñati, 1993) frantziskotar, ikerlari eta idazleak, ermitan, meza eman zuen igandero, hogeita bost urtez. Bere ohiko eliztarrak Urbiako artzainak eta Aitzgorri mendilerroa zeharkatzen zuten mendizale ugariak izan ziren.
Julio Beobide eskultoreak zizelkatu zuen Ama Birjinaren eskultura, eta Ignacio Zuloaga margolariak, Doloretako Ama Birjinaren koadro baten dohaintza egin zuen; gaur egun Arantzazun dago.
Ermita, landako tenplu txikia da, oinplano angeluzuzenekoa, kareharrizko harlangaitzezko hormak ditu eta egurrezko bi egitura dituen estalkia; etxe-bizkarra, fatxada nagusiarekiko perpendikularra da.
Sakristia tenpluari atxikita dago epistolaren aldean. Beste aldean, egurrezko egitura duen arkupe xume bat dago.
Fatxada nagusia simetrikoa da, eta estalkia duen arkupea du behealdean; horren gainean, bi leiho biki daude. Kanpai-horma batek teilatua borobiltzen du.