Goian Beude!
Donostiako Elizbarrutia goibel dago. Egun gutxiren buruan, bi apaizek “gero arte” esan digute. Iragan, irailaren 10ean, asteartea, Joaquin Astiz Galarza (Donostia, 1931-2024) zendu zen, eta bi egun beranduago, 12an, Daniel Eskisabel Zurutuza (Ataun, 1935-2024).
Joaquín Astiz Galarza, Gasteiz, Saturraran eta Donostiako seminarioetan Eliz-ikasketak egin ondoren, 1955ean apaiztu zen Donostiako Koruko Andre Mariaren parrokian, urtebetera, 1956an, Ekuadorreko Los Rios misioetara joan zen.
Ondoren, 70eko hamarkadan, Gasteizko fakultatean Teologian lizentziatu (1976), eta, zortzi urtetara, 1984an, Quitoko Unibertsitate Pontifikalean, Teologian doktoratu zen. Handik gutxira, Donostiara itzuli zen behin betirako.
Jada, etxean, Intxaurrondoko Santu Guztiak parrokiako koadjutore lanak egin zituen, eta 1994tik 2004ra Euskal Elizbarrutietako Misioen Elizbarrutiko Ordezkaria izan zen; baita Aita Santuaren Misio Ekintzen zuzendaria ere.
2008an erretiroa hartu, eta Irungo eta Donostiako (seminarioa) apaiz-egoitzetan bizi izan zen.
Daniel Eskisabel Zurutuza, Lourdesen apaiz ordenatu zen 1958. urtean. Bere ibilbidea, Zizurkilen hasi zuen (1962) apaiz koadjutore lanetan; gero Orion (1965), eta ondoren, ekonomo izan zen Villabonan (1983). Garai hauetan, Lurgintzaren (nekazal kooperatiba) sortzaileetariko bat izan zen beste hiru apaizekin batera: Joxe Agirre, Valentin Zamora eta Julian Lekuona.
Ostean, Villabona-Amasan koadjutore izan zen (1986), eta parroko lanetan, 1987 urteaz geroztik, sei urte eman zituen Antzuolan. 1997 urtetik aurrera, eta jubilatu arte Legorretako Salbatore Donea elizako parroko izan zen.
Gerora, 2002tik, Alegiako parrokian apaiz-laguntzaile, eta Salbatore Pastoral Barrutiko Apaiz taldeko kide aritu zen; baita, bertako Osasun Pastoraltzako apaiz-ordezkaria ere.
2010eko irailean, 75 urte zituela, erretiroa hartu, eta Seminarioko eta Irungo Apaizen Egoitzan bizi izan zen. Halere, Salbatore Pastoral Barrutiko mezak gidatu zituen 2020 urtera arte.
Joaquin eta Daniel, Goian Beude!