Blog

Apaizei emaniko Dario Vitaliren hitzaldiak, YouTuben eskuragarri

Apaizei emaniko Dario Vitaliren hitzaldiak, YouTuben eskuragarri

Duela gutxi, Dario Vitali teologo ospetsuak, gure apaizei zuzenduriko formakuntza hitzaldiak eskaini zituen Donostiako Elizbarrutian. Vitalik, bere hitzaldietan, Sinodoaren Azken Dokumentuaren gakoak aztertu zituen, eta Eliza sinodal baten etorkizunaz hausnartu zuen.

Sinodalitatea: entzuteko premia

Vitalik bere azalpenari hasiera emateko, zera argitu zuen, sinodalitatea ez dela “moda” iragankor bat, baizik eta, Vatikanoko II. Kontzilioan berreskuratuta, bere sustraiak, Eliza, Jainkoaren Herri gisa ikustean hondoratzen dituen funtsezko dimentsioa dela. Espiritu hau laburbiltzeko, teologoak adierazpen zorrotz bat erabili zuen: “Sinodalitatea ez da hitz egiteko eskubidea, entzuteko betebeharra baizik”.

Zentzu honetan, Vitalik, apaizak, “Izpirituan entzutea” sustatzera animatu zituen, Jainkoak herria, benetan norantz gidatzen duen ikusteko. Adierazi zuen, Jaungoikoaren Herria ez da bataiatutakoen batuketa soilik, gaitasun profetikoa duen subjektu kolektibo eta komunitarioa baizik.

Nortasun propioa duen tokiko eliza

Formakuntzaren alderdirik nabarmenetako bat, Eliza partikularraren aldarrikapena izan zen. Vitalik gogorarazi zuen Eliza Katolikoaren unibertsaltasunak ez duela “uniformetasuna” esan nahi, eliza bizien elkartasuna baizik. Donostiako errealitatea aintzakotzat hartuz, hizlariak, Ebanjelioa leku jakin batean gorpuzten dela nabarmendu zuen, “itsasoaren eta mendiaren artean”, kultura, historia eta sentsibilitate berezi batez jantzia.

Azaldu zuenez, prozesu sinodalak, tokiko eliza honen nortasun sendoa azaleratzeko eta indartzeko balio behar du, elizen arteko batasunaren don bat baita. Era berean, gogorarazi zien apaizei, parrokia, “ez da erakunde absolutu bat, harremanezkoa baizik”, eta elizbarrutiko gainerako elizbarrutiekin batera ulertu behar da beti.

Gotzaina, presbiterioa eta Jainkoaren Herria: elkarrekin urratsez urrats

Elizbarruti bat modu sinodalean ibil dadin, Vitalik, hiru zutaberen arteko harreman banaezina zaintzeko beharra azpimarratu zuen: Jaungoikoaren Herria, gotzaina eta presbiterioa. Gotzainak, batasunaren ageriko irudi bezala jarduten du, baina ez da bidean barrena bakarrik joaten, baizik eta, bere “senatu” gisa funtzionatzen duen presbiterioari hezur eta mami lotua; eliz elkartearen memoria eta nortasunaren bermatzaile bezala egiten du lan. Vitalik ohartarazi zuen, gotzainaren eta bere presbiterioaren arteko harremanak funtzionatzen ez duenean, bertako Eliza osoak sufritzen duela.

Klerikalismoaren aurrean, heldutasun kristaua

Bere saioaren bigarren zatian, teologoak, ministerioen eta laikoen parte-hartzearen gaia jorratu zuen. Vitalik, Elizaren bizitza, ministerio ordenatura murriztearen arriskuaz aritu zen, baina “laikoen klerikalismo” bat sortzeko tentazioaz ere ohartarazi zuen, non badirudien, fededunek, zeregin edo ministerio ikusgarri bat betetzen badute bakarrik dutela garrantzia.

Batere beharrik gabe ministerioak ugaldu beharrean, Vitalik laikoen sakoneko formakuntzaren alde egitea proposatu zuen. “Kristau duintasuna ez da zerbait egitea, elkarrekin ibiltzeko gai izatean baizik”. Apaizak, funtsezko zereginean indarrak jartzera animatu zuen: Jainkoaren Herria, Hitzarekin eta Eukaristiarekin elikatzea, heldutasun ebanjeliko handiko kristauak sortzeko. Gizarte sekularizatu batean Eliza gutxiengo den garai honetan, kristau-elkartearen benetako indarra, bere nortasun kristaua, kontzientziaz eta itxaropenez defendatzean datza.

Whatsapp Bat egin InfoEliza-rekin albiste guztien berri izan dezazun. Bi bide dituzu: