Ondarearen zaintzari eta balioa emateari buruzko jardunaldia ospatuko zen San Martin elizan
Ekainaren 27an antolatu zen ekimena, eta tokiko komunitatearen parte-hartzea bultzatu zuen Gipuzkoako ondare kultural eta erlijiosoaren zaintzan
Berastegiko San Martin parrokiak Zaintzaren 2. Jardunaldia aterpetu zuen ekainaren 27an. Ondarearen balioa nabarmentzea, eta prebentziozko zaintza izan ziren hizpide ekimenean; herritarrak sentsibilizatzeko eta parte hartzeko saioan, tokiko komunitateak Gipuzkoako kultur ondarea babesteko, kontserbatzeko, eta bere berri emateko duen konpromisoa indartzeaz mintzatu ziren.

Topaketa 10:30ean hasi zen, Aimar Zabalegui Gipuzkoako Foru Aldundiko Ondare Historikoaren Zerbitzuko komunikazio bekadunaren ongietorri eta aurkezpenarekin. Ondareak Gipuzkoan denboran zehar izan dituen erabilerak, eta eraldaketak azpimarratzeaz bat, jardunaldian parte hartu zuten pertsonak aurkeztu zituen.
Ondoren, Laura Calvo, arte historialariak, irakasle eta Euskal Herriko Unibertsitateko Artearen eta Musikaren Historia Saileko ikertzaileak, San Martin parrokiaren ibilbide historiko-artistikoa eskaini zuen. Bere hausnarketan, elizaren historia, erabilera, eta zereginen berri eman zuen. Eraikuntzaren bilakaerari eta bere ondasun higigarri garrantzitsuenetako batzuei erreparatzeaz gain, erretaulari arreta berezia eskaini zion.
Jardunaldiari jarraipena emateko, eraikinaren eta haren bildumen zaintza badaezpadakoari buruzko saioa eman zuten Sergio Quintana Donostiako Gotzaindegiko arkitektoak, eta Irlanda Fragosok, Kultura Ondasunen zaharberritzaile eta kontserbatzaileak, kudeatzaile zein doktoretza aurreko ikertzaileak. Biek azpimarratu zuten badaezpadako zaintzaren garrantzia, kalteak arazo larri bihurtu aurretik, saihesteko edo murrizteko funtsezko tresna gisa.

Esku-hartze horretan, irizpide errazak eskaini ziren aldaketak ikusteko, arriskuak antzemateko, arazoak jakiteko, garaiz abisatzeko, eta erabilera, garbitasun eta segurtasuneko jardunbide egokiak mantentzeko. Era berean, Elizbarrutitik garatzen diren egitekoak ere aurkeztu ziren, ondare higiezin zein higigarriaren zaintza, mantenu eta baloreari dagokionez; bai eta arlo honetan ematen den laguntza tekniko eta administratiboaz ere.
Goizaren bigarren zatian parte hartze soziala izan zen ardatz. Irlanda Fragosoak eta Aimar Zabalegik dinamizatutako mapa emozional-anekdotiko baten bidez, parte-hartzaileek, Berastegiko guneak parrokiari eta bere inguruari lotuta nola bizi diren hausnartu zuten. Dinamika horri esker, komunitatearentzako leku esanguratsuak, horiei eusten dieten oroitzapenak, eta herriaren memoria kolektiboaren parte bihurtzen dituzten esperientziak ezagutu ahal izan ziren.
Jarduera ideia nagusi batetik abiatu zen: parrokia batek, gurtzeko leku gisa duen funtzio nagusiaz gain, komunitate baten eguneroko bizitzarako beste esanahi batzuk izan ditzake. Elkargunea, memoria-gunea, nortasun-erreferentzia, ospatzeko eta agurtzeko lekua, edo babeslekua izan daiteke une jakin batzuetan. Zentzu horretan, ikuspegi hurbilago, parte hartzaileago eta komunitarioago batetik, jardunaldiak, ondarearen ulermena zabaltzen lagundu zuen.
Jardunaldian bizitakoaren azterketa bateratuaren ostean, ideia zaparrada batekin amaitu zen saioa. Hau da, elizaren izaerarekin bateragarriak izan daitezkeen etorkizuneko erabilerak aztertzera bideratuta. Proposamenen helburua izan zen eraikina. Bere zaintza materialetik ez ezik, funtzio sozial, kultural eta komunitarioak hartzen jarraitzeko duen gaitasunetik ere pentsatuz, jainkotiar gurtza leku gisa duen funtsezko helburua ahaztu gabe.

Mahairatu ziren aukeren artean, ondarearen ikerketarekin, interpretazioarekin eta jendarteratzearekin lotutako ekimenak aurreikusi ziren. Baita lekuaren izaerarekin bat datozen jarduera kulturalak ere. Hala nola, abesbatza edo organo kontzertuak, bisita-gidatuak, hezkuntza ekintzak, edo bitartekaritza kulturalerako proposamenak.
Ondarearen zaintza partekatua bultzatzeko, erakundeen, adituen, eta tokiko komunitatearen arteko topaguneak sortzearen garrantzia nabarmendu zen jardunaldian. Berastegin, San Martin parrokia, leku bizi-bizia izan zen berriro ere; historiaz, memoriaz eta zentzu komunitarioaz bete-betea.
Bat egin InfoEliza-rekin albiste guztien berri izan dezazun. Bi bide dituzu:
- Hemen klik eginez: WhatsApp txat-ean sartu
- WhatsApp mezu bat bidali NAHI DUT testua idatziz 689 105 191 zenbakira